Osasun Bakarra

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

Osasuntsu biziko bagara, planeta osasuntsu bat behar dugu. Hain daude lotuta gizakion osasuna, gainerako animaliena eta ingurumenarena, ezen esan baitaiteke guztia Osasun Bakarra dela. Hala berresten dute Fernando Valladares Ros ekologoak, Elisa Pérez Rámirez albaitariak eta Adrian Hugo Aginagalde Llorente epidemiologoak.

osasun-bakarra
Arg. Smileus/Shutterstock

Filmetako eta telesailetako bortxa-oharren gisara, hildakoez hitz egitera zihoala ohartaraziz hasi zuen hitzaldia Fernando Valladares Ros ekologoak. Eta bai hasieratik ekin ere: “Urtean milioi-erdi pertsona inguru hiltzen da klima-aldaketaren eraginez, zuzenean”. Eta hori icebergaren punta baino ez da, klima-aldaketak adar asko baititu: “Gaixotasun infekziosoen bektoreen eta aireko alergenoen banaketari eragiten die, bihotz-biriketako gaixotasunak zailtzen ditu, uraren eta elikagaien eskuragarritasuna baldintzatzen du, eta giza migrazioen erdiak baino gehiago bultzatzen ditu. Hori guztia kontuan hartuta, esan daiteke dozenaka milioi pertsona hiltzen direla urtero klima-aldaketaren eraginez”.

CSICeko ikertzailea eta Rey Juan Carlos Unibertsitateko irakaslea da Valladares, eta, klima-aldaketak biodibertsitatean eta ekosistemetan duen eragina ikertzen eskarmentu handia izateaz gain, urteak daramatza ekosistemen osasunak gizakionean duen eraginaz ohartarazten. Horretan aritu zen Donostian ere, joan den martxoan, EHUko Uda Ikastaroetan eman zuen hitzaldian. Izenburuan bertan, garbi mezua: “Aldaketa sozio-ekonomikoa etorriko da, osasun bakarra dagoela ulertzen dugunean ”.

“Halabeharrez, guztiok ikasi dugu ‘talde-immunitate’ kontzeptua; bada, badago antzeko kontzeptu bat askoz ezezagunagoa dena baina askoz ere prebentzio-ahalmen handiago duena: ‘paisaia-immunitatea’”, azaldu zuen Valladaresek. “Biodibertsitatea ahalbidetzen duten paisaia funtzionalak gaixotasun infekziosoen aurkako aseguru on bat dira. Ez dituzte erabat deuseztatzen, jakina, baina gaixotasun horiek gizakietara pasatzeko arriskua asko txikitzen dute”.

Fernando Valladares Ros, EHUko Uda Ikastaroetako hitzaldian. ARG: UIK, EHUko Uda Ikastaroak.

“Horregatik, leheneratze ekologikoko ekintza asko osasun publikoaren arloan sartu behar lirateke”, jarraitu zuen.

Inbertsio errentagarria

“Askoz ere merkeagoa da pandemiak prebenitzea, pandemia bati aurre egitea baino”. Horixe erakusten du Science aldizkarian Dobsonek eta kideek argitaratutako lan batek. Kalkulatu zuten zenbat kostatuko litzatekeen pandemiak prebenitzeko hiru neurri hartzea: baso tropikalen deforestazioa gelditzea, espezieen trafiko ilegala mugatzea, eta gaixotasun infekziosoen alerta eta kontrol goiztiarrerako sistema bat ezartzea. 17 eta 27 mila milioi artean atera zitzaien. “Diru asko da”, zioen Valladaresek, “baina mila aldiz gehiago ari zaigu kostatzen soilik COVID-19ari aurre egitea”.

Eta gaitz infekziosoak eta pandemiak alde batera utzita ere, asko dira ingurumena babestearen balioa eta are errentagarritasuna nabarmentzen duten ikerketak. The Lanceten Hamiltonek eta kideek argitaratutako beste lan batean, esaterako, kalkulatu zuten ezen, Parisko Hitzarmenean ezarritako neurriak betez gero, 2040rako 10 milioi heriotza inguru saihestuko liratekeela.

“Milioika heriotza saihesgarriak dira”, zioen Valladaresek. Baina, horretarako, aldaketa asko egiteko beharra ikusten du: sistema sozioekonomikoa, eredu energetikoa, enpresa-eredua, eta baita osasunaren kontzeptua bera ere. “Azken batean, zoriontasuna, ongizatea eta osasunaren alderdi psikologiko eta fisiko asko zuzenean lotuta daude osasun planetarioaren edo Osasun Bakarraren kontzeptuarekin. Ebidentzia guztiek diote gure osasunak lotura zuzena duela ekosistemen osasunarekin. Ezinbestekoa da Osasun Bakarraren kontzeptua txertatzea osasun-estrategiatan eta abarretan”.

“Zergatik ez dugu norabidea aldatzen? Bada ez garelako konturatzen zenbateraino dagoen gure osasuna aldaketa horren mende, eta ingurumenean eragiten dugun inpaktua nola datorkigun bueltan gure aurka, bumeran baten gisara”, amaitu zuen Valladaresek.

“Ingurumena zaintzea da egon litekeen txertorik onena”, dio Elisa Pérez Ramírez albaitari birologoak ere. “Pandemiak izan duen eraginarekin, ez bakarrik gure osasunean, baita gure bizitzetan ere, ez badugu ulertzen zer lotura dagoen honen guztiaren eta planetari egiten ari garenaren artean, ez dakit zer gehiago behar dugun”.

Elisa Pérez Rámirez. Albaitari birologoa, CISAko ikertzailea.

Albaitariek aspalditik dute argi dute Osasun Bakarraren kontzeptua. Hain zuzen ere, AEBko albaitari-elkarte batek sortu zuen XXI. mendearen hasieran. Haien iritziz, beharrezkoa zen osasunari buruzko ikuspegi bateratua izatea, ingurumena, animaliak eta pertsonak barne hartuta, eta ikuspegi horrekin landu behar ziren prebentzio-estrategiak. Gaur egun, nazioarteko erakunde nagusiek babesten dute Osasun Bakarra estrategia, hala nola Osasunaren Mundu Erakundeak, FAO Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak, OIE Animalien Osasunaren Mundu Erakundeak eta UNICEFek. “Guk oso argi dugu: animaliak ez badaude osasuntsu eta bizi-baldintza egokietan, gizakiok ez dugu inoiz osasun onik izango”, dio Pérezek. “Lotura erabatekoa da”.

Patogenoei bidea errazten

“Gaixotasun mordo bat animalietatik datoz. Eta ekosistemak zenbat eta asaldatuago egon, animaliek are gehiago galtzen dute ekosistemarekin duten oreka, babesa eta elikagaiak lortzeko arazoak dituzte, eta horrek asko eragiten die haien immunitate-sistemei. Horrek guztiak asko handitzen du patogeno-eskrezioa”, azaldu du. “Eta horri gehitu behar diogu gero eta gehiago sartzen ari garela orain arte fauna basatiarenak soilik ziren habitatetan; ez bakarrik gu, baita ganadua eta abar ere. Elkarrekintzak izugarri handitu dira, eta, beraz, baita arriskuak ere”.

Adrian Hugo Aginagalde Llorente. Epidemiologoa, medikuntza prebentiboan eta osasun publikoan espezialista.

Horregatik, ekosistemen osasuna funtsezkoa da animalia osasuntsuak izateko, eta, animalietatik datozkigun gaixotasun horien aurkako lehen hesi bat edukitzeko. Eta, alderantziz, “gutxi hitz egiten da horretaz, baina guk ere pasatzen dizkiegu gaixotasunak animaliei, eta hori ere oso garrantzitsua da ekosistemen osasunerako”.

Izan ere, birusak eta bakterioak beti egon dira hor, baina bidea errazten ari gatzaizkie. “Gure artean hedatzeko erraztasunak izugarri handitu dira”, dio Adrian Hugo Aginagalde Llorente epidemiologoak. “Gaixotasunak transmititzen dituzten bektoreak dira mundu globalizatu honen arazo handietako bat”. Hor dugu Aedes albopictus eltxoaren adibidea: Bartzelonako portuan sartu zen, pneumatiko batzuetan metatutako uretan; ongi egokitu zen, Ebrotik gora igo, eta dagoeneko Euskal Herrian daukagu. “Bektoreen portaera eta ugalketa asko aldatu dira. A. albopictus eta A. japonicus Iberiar penintsulan hain ondo egokitzea ez genuen espero. Klima-aldaketa dela, euren biologia dela, egokitu dira, eta neguan ez dira hiltzen. Ur handiak dira horiek”.

“Bestetik, XXI. mendean ikusi dugun gauza berri bat izan da ezen, guk ezer egin gabe ere, hegazti migratzaileek ekar ditzaketela birusak, birus horiek hemengo ugaztunetara pasa, eta ziklo berri bat osatu. Hori ere ez genuen espero”. Krimea-Kongoko sukar hemorragikoaz ari da Aginagalde.

Klima-aldaketaren eraginez agertzen ari den beste mehatxu berri bat ere aipatu du: “Permafrosta desizozten ari da, eta, horren ondorioz, antraxa berragertu da; ugaztunei eragin die, eta pertsonetan ere kasu batzuk izan dira Errusiako iparraldean. Eta ez dakigu zer mikroorganismo egon daitezkeen permafrostean”.

“Bagenekien klimak eta ingurumenak izugarrizko garrantzia dutela osasunean, baina orain ikusten ari gara modu berrietan. Eta horrek berriz lotu gaitu Osasun Bakarrarekin”, dio Aginagaldek.

Diziplinarteko lana

Osasun Bakarra ikuspegiak hiru arlo nagusi elkartzen ditu: medikuntza eta osasun publikoa, albaitaritza eta ingurumen-zientziak. “Horri beste asko gehitu dakizkioke, eta uste dut gehitu behar liratekeela; adibidez, antropologia, soziologia, ekonomia; honek guztiak adar asko baititu”, azaldu du Pérezek. “Baina, gutxienez, oinarrizko triangelu horretako espezialisten arteko lotura hori funtsezkoa da gaixotasun asko behar bezala tratatzeko”.

Hegazti-gripea zen pandemia baterako lehen hautagaia, eta oraindik ere bada. Ezinbestekoa da hegazti basatietan zer birus dabiltzan aztertzea. Arg. Nickolai Repnitskii/Shutterstock

Niloren mendebaldeko birusarekin, esaterako, estrategia horrekin ari dira lanean. Pérezen taldeak hegaztietan detektatzen du birusa, eta beste entomologo-talde batek eltxoekin lan egiten du. “Ikusi dugu gizakietan lehen kasuak agertzen hasi baino 20 egun lehenago detektatu dezakegula birusa eltxoetan, ahateetan edo arranoetan. Bada, ez dago hori baino alerta-sistema hoberik. Ez da erraza, eta garestia da, baina aurreztu litekeena askoz gehiago da, neurri zehatzak garaiz hartzeko aukera ematen baitu”.

Hegazti-gripearena da beste adibide bat. “Ezinbestekoa da hegazti basatietan, batez ere ahateetan, zer birus dabiltzan aztertzea, hori baita gero haztegietara iristen dena”. Hain zuzen ere, hegazti-gripea zen pandemia baterako lehen hautagaia, eta oraindik ere bada Pérezen esanean. “Azken hiru urteotan milioika hegazti sakrifikatu behar izan dira. Eta urtero dugu sustoren bat, andui berri bat agertzen delako. Beste espezieetara pasatzeko ezaugarri guztiak ditu. Zorionez, orain arte oso azpitipo gutxik erakutsi dute gizakitik gizakira pasatzeko gaitasuna; baina hori gertatzen denean, nahiago dut ez pentsatu…”.

“Ikusi dugu pandemia batek zer eragin duen gure osasunean eta bizitzan. Bada, pandemia gehiago izateko arriskua handia da; eta are gehiago kontuan hartuta nola ari garen suntsitzen planeta, jaten dugun haragi-kantitate ikaragarria, ditugun makrohaztegi erraldoiak, animalia bizien merkatuak eta abar”.

Horregatik, Pérezen ustez, ezinbestekoa da erakundeek benetako konpromisoa hartzea Osasun Bakarraren estrategiarekin lan egiteko. “Profesionalok argi daukagu, eta erakundeek ere ulertu behar dute inbertsio ona dela kontzeptu hau sustatzea, ikerketa-institutu espezializatuak sortzea, are ministerio arteko erakundeak sortzea. Tristea da, baina prebentzioan egiten den lana ez da batere ikusgarria; ez da ospitale berriak eraikitzea edo txerto berriak sortzea bezain ikusgarria. Askoz hobea zatekeen diru hori hau guztia gerta zedin prebenitzeko gastatu izana”.

“Medikuntza gehienbat zentratu da diagnosian eta tratamenduan; hor daude baliabide ia guztiak, eta oso gutxi gelditzen da babeserako, sustapenerako, prebentziorako eta zaintzarako”, dio Aginagaldek.

Amazonian eta Afrikan, deforestazioarekin lotuta, arriskua dago gaixotasun biral hemorragikoek gora egiteko, eta baita birus berriak agertzeko ere. Arg. Richard Whitcombe/Shutterstock

Akaso, Osasun Bakarra ikuspegiak lagunduko du hori aldatzen. “Dagoeneko ari da laguntzen”, argitu du Aginagaldek. “Antibiotikoekiko erresistentziari dagokionez nahiko emaitza interesgarriak ari dira lortzen, bai abeltzaintzako antibiotikoen kontsumoari dagokionez, bai hondakin-uretan detektatzen diren erresistentziei dagokienez. XXI. mendeko mehatxurik handiena da, eta, horren aurka, beharrezkoa dugu ikuspegi hori. Hala ere, kooperazioaren arloan lan asko dugu egiteko; gure herrialdeetan gauzak aldatzea ez baita nahikoa, Txinako, Afrikako eta abarretako abeltzaintzan ere eragin behar da. Izan ere, erresistentziak, gaixotasunak bezala, hedatu egiten dira”.

Aurrera begira

Etorkizunera begira zer aurreikuspen dituzten ere galdetu diegu Aginagalderi eta Pérezi. “Uf, hori egin nuen azken aldian iragarri nuen koronabirus bat izango genuela, MERS edo antzekoren bat, eta Txinatik etorriko zela”, ohartarazi du Aginagaldek.

“Ziurrenik arnas aparatuko infekzio biral akutuen azelerazio bat izaten ari gara, eta hori izango dugu etorkizuneko erronketako bat”, jarraitu du. “Bestetik, bakterio multierresistenteena, dudarik gabe, arazo larrienetako bat izango da. Klima-aldaketarekin zuzenean lotuta, muturreko beroaldiek eta bektoreek ere arazo handiak eragin ditzakete. Eta, gero, badaude hainbat kontu aurreikusteko zailagoak direnak. Adibidez, permafrostaren desizoztearekin ez dakigu zer ager daitekeen; arrisku latente bat egon liteke hor. Bestetik, Amazonian eta Afrikan, deforestazioarekin lotuta, arriskua dago gaixotasun biral hemorragikoek gora egiteko, eta baita birus berriak agertzeko ere”.

Pérezek ere antzeko arriskuak ikusten ditu, baina itxaropenari leiho bat ere ireki nahi izan dio: “Saiatzen naiz optimista izaten, eta espero dut izan dugun susto honekin ulertzen hastea ingurumena zaintzen inbertitzea gastu zoragarria dela, eta hastea zentzu horretan lan egiten. Eta, bestetik, diziplinarteko lanaren bidez, gauzak gertatu aurretik gelditu ahal izatea. Izan ere, argi dago gaixotasun berriak gero eta gehiago agertuko direla. Nik konfiantza dut belaunaldi berriengan, uste dut kontzientziatuagoak daudela ingurumena, ekosistemak eta osasuna zaintzeko. Eta, konfiantza handia dut zuen lanean ere [zientzia-komunikatzaileon lanean], bi urte hauetan lan bikaina egin duzue eta”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila