Luzera begira

Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren zuzendaria

COVID-19aren bigarren olatuan bete-betean sartuta, eta Europa erdi konfinatuta dagoela, protagonista berri bat azaldu da gure artean: nekea. Krisialdia kudeatzeko erabiltzen ari diren erremintak berraztertu eta etorkizunera begiratzeko une aproposa dela iruditu zaigu, birusa gure artean geratuko dela jakitun. Hainbat erpinetatik begiratu diogu, hiru adituren laguntzaz: Miren Basaras Ibarzabal mikrobiologoa, Adrian Hugo Aginagalde Llorente epidemiologoa eta Iñigo de Miguel Beriain bioetikan eta zuzenbidean aditua.

Bestalde, Agustin Arrieta Urtizberea filosofoak lagundu digu gaurkotasun betean dagoen beste gai bati heltzen: zer da pentsamendu kritikoa izatea? XXI. mendeko giza abilezia garrantzitsuenetako bat izango dela diote. Denbora luzez, gaitasun kognitibo-arrazional handiak izatearekin lotu da, baina gero eta argiago dago hori baino dezente konplexuagoa dela: oso lotua dago nork bere beldur eta aurreiritziak identifikatu eta sinesmenak zalantzan jartzeko gaitasunarekin. Hainbat giltzarri eman ditu Arrietak.

Buruko osasunaren eta medikalizazioaren gaia ere ekarri dugu. Oso mamitsua izan zen OPIK eta OSEKI taldeek antolatutako “Generoa, medikalizazioa eta osasun mentala” jardunaldia, eta han esandakoak jaso ditugu aldizkarian, merezi duelakoan. Buruko osasunaren gaineko begirada kritikoa eta feminista dute abiapuntu.

Amaitzeko, Jose Ramon Etxebarria Bilbao ingeniariari eman diogu hitza, Eusko Ikaskuntzaren eskutik Manuel Lekuona saria jaso berritan. Euskara eta zientzia ditu pasio betidanik, eta, biak uztartuta, egundoko ondare emankorra utzi dio euskal gizarteari. Xume bezain zintzo, esaldi batean laburbildu du bizitzaz duen ikuspegia: “Herri-mugimenduetan parte hartzea iraultzatxo txikiak abiarazteko bidea da niretzat”. Zorionak, Joxerra!

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.