“Gai librean” atalean argitaratzeko jarraibideak

Atalari buruzkoak

Zer da “Gai librean” atala?

Elhuyar aldizkariak zientziaren dibulgazioan aritu nahi duten pertsonei eskaintzen dien atala da “Gai librean”. Idazleak bere kasa prestatutako euskarazko dibulgazio-artikuluak argitaratzeko tokia da.

Nork idatz dezake “Gai librean” atalean?

Zientziaren dibulgazioan aritu nahi duen edonork idatzi dezake “Gai librean” atalerako artikulu bat. Ikertzailea bazara, hemen argitaratu dezakezu zure ikerketa-lanari buruzko dibulgazio-artikulu bat. Edo interesatzen zaizun zientzia-gai bati buruzko dibulgazio-artikulu bat.

Halaber, banaka edo taldean idatzitako artikuluak argitaratu ahal izango dira “Gai librean” atalean.

Beste aldizkariren batean argitaratuko artikuluak bidali ditzaket?

Ez. “Gai librean” atalean artikulu originalak eta inoiz argitaratu gabeak bakarrik onartu eta argitaratuko dira. Halaber, ez dira onartuko egileak edo egileek beste hizkuntzaren batean argitaratutako artikuluen itzulpenak.

Artikuluaren ezaugarriei buruzkoak

Zein dira testuaren ezaugarriak?

“Gai librean” atalean zientziaren dibulgazio-artikulu orokorrak argitaratzen dira, edozein irakurlek ulertzeko moldez idatzitakoak.

Honako hauek dira artikuluaren atalak eta ezaugarriak:

  • Artikuluaren izenburua: Jarri dibulgazio-mailako izenburu erakargarri bat artikuluari, eta mugatu sei hitzetara gehienez ere.
  • Artikuluaren sarrera-testua: Gehienez 400 karaktere (hutsuneak zenbatuta). Irakurleari artikulua irakurtzen hasteko gogoa piztuko dion testua izan behar du. Artikuluan kontatuko duzunari erreferentzia egin behar dio sarrerak, baina sarrerak ez du izan behar artikuluan landuko denaren laburpena. Erakargarritasuna bilatu.
  • Testu-nagusia: Gehienez, 10.000 karaktere (hutsuneak zenbatuta). Testu nagusian ez erabili paragrafo luzeegiak, formulak edo zerrenda gisako egiturak. Ahal dela ez erabili “2. irudian ikusten denez...” bezalako egiturarik; segidan irakurtzeko moduko testua idatzi. Testu nagusiaz gain, taulak/koadroak erabili informazio osagarria emateko, edo, gaiarekin zerikusia izan arren, aparte irakurtzeko moduko edukiak txertatzeko. Elementu horiek dinamismoa emango diote artikuluari eta hainbat mailatako irakurketa egiteko aukera.
  • Irudi, argazki eta grafikoak: 2-3 irudi, argazki edo grafiko argitaratu ohi dira artikuluko. Hala ere, egileak beharrezko irizten dion bezainbeste irudi, argazki eta grafiko proposatu ahalko ditu. Argazki-oinen bidez eman irudi, argazki edo grafiko bakoitzaren azalpena.
  • Aparteko koadroak eta taula-kopurua: Gehienez hiru. Koadroen eta taulen karaktere-kopurua testu-nagusiarekin batera zenbatu behar da. Guztien baturak ezingo du gainditu 10.000ko muga.

Zein dira argazkien ezaugarriak?

Testuarekin batera argitaratuko diren irudi, argazki edo grafikoak egileak jarriko ditu. Jabetza ezaguneko irudi, argazki edo grafikoak izango dira, eta ezinbestekoa da egileak haiek erabiltzeko baimena edukitzea.

Irudi, argazki edo grafikoek 300 puntuko bereizmena izan behar dute eta, gutxienez, 12 cm-ko zabalera.

Argazkilariaren edota irudigilearen izen-abizenak edota jabetza duen erakundearen izena adieraziko dira kasu guztietan.

Bibliografia aipatu behar dut?

Beharrezkoa da artikulua idazteko erabilitako bibliografia adieraztea. Erreferentzia bibliografikoak artikuluarekin batera argitaratuko dira, eta, espazioak bibliografia laburtzea aginduko balu, egilearekin batera egingo da.

Aipamen bibliografikoak orden alfabetikoan jarriko dira. Posible den kasuan, erreferentzietan egileen izen eta abizenak osorik jartzea gomendatzen da (ezin denean, abizena eta izenaren iniziala). Lanaren amaieran idatziko dira aipamen bibliografikoak, ondorengo eran idatzita:

  • Liburuetarako: Egilea(k). Urtea. Liburuaren izenburua, etzana. Argitaletxea, Argitalpen-herria.
    Adibidez: Schmidt K. 1975. Respiration in air. Cambridge University Press, London.
  • Artikuluetarako: Egilea(k). Urtea. "Artikuluaren izenburua". Aldizkariaren izena etzana, bolumena, orriak.
    Adibidez: Sanna V., Pala N. eta Sechi M. 1978. “Targeted therapy using nanotechnology: focus on cancer”. Journal of Clinical Pharmacology21, 171 – 177.
  • Tesietarako: Egilea (urtea). Tesiaren izenburua etzana.
    Adibidez: Jon Errandonea (2019). Petrology of cordierite-bearing monzogranites and related mesocratic rocks from the Sierra Bermeja Pluton (southern Iberian Massif).
  • Sareko erreferentzietarako: URLa.

Zer datu bidali behar ditut?

  • Egilearen edo egileen izena eta bi abizen
  • Egilearen edo egileen sinaduran agertzea nahi duzun kargua,lanbidea eta ikasketa-maila (adb; Maider Biurrun Lekuona, EHUko Ingeniaritza Eskolako irakaslea)
  • Egile edo egileekin harremanetan jartzeko telefonoa eta e-maila

Argitaratze-prozesuari buruzkoak

Nora bidali behar dut artikulua?

aldizkaria@elhuyar.eus helbide elektronikora.

Zein da argitaratzeko prozedura?

Elhuyar aldizkariaren editore-batzordeak ebaluatzen du artikulua argitaratzeko egokia den. Baiezkotan, aldaketarik egitea komeni dela uste badu, egileari proposatzen dizkio aldaketak, eta referi-lanak egingo dizkion pertsona baten aholkularitza izango du egileak prozesuan zehar.

Egileak jarriko ditu testua eta irudiak, eta Elhuyarrek hartuko du bere gain hizkuntza-zuzenketak eta maketa egiteko lana. Gai librean atalean argitaratuko artikulu guztiek Elhuyarren hizkuntza-zerbitzuek emandako hizkuntza-kalitatearen bermea izango dute, eta egilearen oniritzia jasoko dute argitaratu aurretik.

Noiz jakingo dut artikulua onartu ote den?

Artikulua bidali ondoren, gehienez ere hilabeteko epean jakinaraziko du Elhuyar aldizkariaren editore-batzordeak artikulua argitaratzeko egokitzat jotzen duen.

Noiz argitaratuko da artikulua?

Artikulua onartuz gero, kasuan kasu zehaztu eta adostuko dugu egilearekin Elhuyar aldizkariaren zein zenbakitan edo webgunean noiz argitaratuko den lana.

Jabetza intelektualari eta egile-eskubideei buruzkoak

Norena da artikuluaren jabetza intelektuala?

“Gai librean” atalean argitaratutako artikuluen jabetza intelektuala egilearena izango da beti. Egileak Elhuyarren aldeko ustiapen-lagapen ez esklusiboa egingo du.

Alabaina, artikuluaren argitarapen prozesuan Elhuyarrek egindako zuzenketen, maketaren eta bestelako ekarpenen jabetza Elhuyarrena izango da, eta egileak ezingo du “Gai librean” atalean argitaratutako emaitza bere horretan berrerabili edo argitaratu Elhuyarren baimenik gabe.

Zer ustiatze-eskubide ditu Elhuyarrek?

Baldintza hauek onartzearekin bat, egileak (edo egileek) “Gai librean” ataleko artikuluaren gaineko erreprodukzio- eta banaketa-eskubideak lagatzen dizkio Elhuyarri. Lagapen hori dela medio, Elhuyarrek, besteak beste, Elhuyar aldizkarian eta www.aldizkaria.elhuyar.eus eta www.zientzia.eus webguneetan argitaratu ahal izango ditu artikuluak.

Zer lizentziapean argitaratuko da artikulua?

Elhuyarren jabetzako edukia Creative Commons lizentziapean argitaratzen da, “Aitortu – Berdin partekatu (cc-by-sa-3.0)” lizentzia, eta egileak besterik adierazten ez badu, lizentzia horren pean argitaratuko da “Gai librean” ataleko artikulua.

Zer ordain jasoko dut?

“Gai librean” atalean argitaratzen diren artikuluek ez dute izango kontraprestazio ekonomikorik. Egileak artikulua daraman Elhuyar aldizkariaren hiru ale jasoko ditu.

Zer erantzukizun dut hirugarrenaren jabetza-eskubideekiko?

Artikulua Elhuyar aldizkariaren “Gai librean” atalera aurkeztuz gero, egileak edota egileek bermatuko dute ez dutela aurkezten inolako materialik hirugarrenen jabetza intelektual edo industrialaren eskubiderik urratzea dakarrenik. Elhuyarrek ez du bere gain hartuko egileek egindako hirugarrenen jabetza intelektualaren edo industrialaren inolako eskubide-urratzerik, eta egileek Elhuyar kalterik gabe atxikiko dute hirugarrenen edozein erreklamazioren aurrean, eta, bereziki, beren jabetza intelektualaren edo industrialaren eskubideurratzearen aurrean.

Halaber, artikuluek ez diote eraso egin behar pertsona fisiko edo juridikoen jabetzari, osotasunari edo irudi onari.

--> Deskargatu arauak (PDFa)

Galderak eta zalantzak argitzea

Norekin jarri behar dut harremanetan bestelako zalantzak argitzeko?

Gai librean” atalari buruzko zalantzak eta galderak argitzeko, hau da harremanetarako helbidea:

aldizkaria@elhuyar.eus
Tel.: 943 36 30 40

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila