Mirene Begiristain Zubillaga (Andoain, 1972) Ekonomian doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitatean Ekonomia eta Enpresa Fakultatean irakaslea da, da eta HEGOA institutuko kidea. Bere ikerketa-lerroan elikadura- eta nekazaritza-sistemak aztertzen ditu, ikuspegi feministarekin; zehazki, krisi ekosozialaren testuinguruan, trantsizio iraunkorra lantzeko elikadura estrategiak, prozesuak eta proiektuak aurrera eramateko landu beharreko ildoetan sakondu du, besteak beste. Biolur Gipuzkoa elkarteko koordinazio-taldean dago eta EHKOlektiboko kidea da.
Mattin Aiestaran De la Sotilla (Tolosa, 1991) Irulegiko indusketaren zuzendariak aztarnategian bertan erantzun die galderei, brontzezko eskua aurkitu zuten lekutik metro pare batera. Pieza hura lurpetik atera zuen Aranzadiko boluntarioa ere, Leire Malkorra Renobales, han dabil lanean, beste kide batzuekin batera. Ezinbestean, eskua izan da Aiestaranen erantzunen hizpide nagusia, eta bada datu esanguratsu bat: sarri, lehen pertsonan erantzun du, bai, baina pluralean.
Jacinto Iturbe Barrenetxeak (Bilbo, 1951) jaso du 2023ko CAF-Elhuyar Merezimendu Saria, zientziaren dibulgazioan eta euskararen normalizazioan egindako lanarengatik. Izan ere, Bilboko Unibertsitatean (gero Euskal Herriko Unibertsitatea bilakatuko zena) Kimika ikasi zuen, eta 1974. urtean euskaraz idatzitako lehen tesina aurkeztu zuen. Kimikako euskarazko testuliburuak sortu zituen, eta aitzindarietako bat izan zen kimikako testuliburuak idazten eta ikasgaiak euskaraz ematen. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2006an. Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultatean irakasle izan da zenbait urtez, baina gaur egun erretiroa hartuta dago. Pozik eta eskertuta jaso du saria, eta gogo onez erantzun die galderei.
Jesus Altuna Etxabe Berastegin jaioa da, 1932an. Filosofia eta Teologiako ikasketak egin zituen Gasteizko eta Donostiako apaizgaitegietan, eta Biologia Zientzietako lizentziako ikasketak Madrilgo Complutense Unibertsitatean. Alemaniako ikerketa-zentroetan, paleoantropologiako eta arkeozoologiako jakintza jaso zuen, eta ibilbide oparoa egin du arlo horietan, askotan indusketen zuzendari gisa.
Altuna Euskal Unibertsitateko irakasle jubilatua da, eta Jakiundeko kidea. Horrez gain, Aranzadi Zientzia Elkarteko Historiaurreko Arkeologia Saileko lehendakari eta Munibe aldizkariaren zuzendari izan da, baita nazioarteko hainbat aldizkari zientifikoren batzordeetako kide. Sari ugari jaso ditu; tartean, Zientzia Ikerketako Ibáñez Martín Saria, Xabier Maria Munibe Saria, Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxaren Giza eta Gizarte Zientzien Saria, Eusko Jaurlaritzaren Lan Onari Goraipamena, eta 2004ko Euskadi Ikerketa Saria.
María Jesús Esteban Galarza (Alonsotegi, 1956) matematikaria da, eta lehena izan zen Bilbon matematikako tesina euskaraz egiten. Gogoan du garai hartan ez zegoela unibertsitate-mailako lexikorik, eta lan itzela baina polita izan zela. Geroztik, matematiken munduan sakon-tzen jarraitu du, eta, gaur egun, Frantziako CNRSko zientzia-batzordeko partaidea da, eta Paris-Dauphine Unibertsitateko Ceremade zentroko ikertzailea. Beste zenbait erakunde zientifikotako kide eta ordezkaria ere bada: Matematika Industrial eta Aplikatuen Nazioarteko Kontseilua, EU-MATHS-IN elkartea, BCAM, Jakiunde… Eta hainbat sari irabazi ditu; tartean, 2017ko CAF-Elhuyar Merezimendu Saria. Aitortu du bere arloan hain emakume gutxi egoteak asaldatzen duela, eta ez dio uko egiten amets egiteari.
Marta Olazabal Salgado (Bilbo, 1981) ikertzailea da Klima Aldaketaren Euskal Zentroan (BC3), eta Egokitzapena Ikerketa Taldeko burua. Duela gutxi, emakume zientzialarien lana eta ibilbidea aitortzeko Ikerbasquek ematen dituen sarietako bat jaso du; zehazki, ikertzaile gazteentzako Starting saria. Pozik hartu du, gizarte-zientzietan egiten den ikerketarentzako aitortza delakoan: “Gizarte-zientziak, klima-aldaketa, emakumeak eta ikerketa batzen dituen saria da; ez da txarra!”. Azkar eta zehatz erantzun die Elhuyar aldizkariaren galderei.
EITBko Audio eta Digitaleko zuzendari bihurtu berritan hartu du Elhuyar-eko elkarrizketatzailea Maite Goñi Eizmendik (Ordizia, 1967). Kostatu zaio, beraz, galderei erantzuteko tartea topatzea. Hala ere, ez da ezetz esateko edo atzeratzeko gai izan; eta horrexek definitzen du, neurri handi batean, profesional honen izaera eta ibilbidea. Izan ere, beti izan da aitzindari, eta parean jarri zaizkion erronka guztiei baiezkoa emateko joera izan du. Besteak beste, irakaslea izan da Jakintza ikastolan eta Mondragon Unibertsitatean, euskal blogosferaren lehen kideetako bat, euskara lantzeko euskaljakintza.eus proiektuaren sortzailea, Euskararen Aholku Batzordearen kidea, konpetentzia digitalen irakaskuntzan erreferentea, 10 minututan podcastaren egilea, hainbat komunikabideetan kolaboratzaile ere aritzen da, eta jarraitzen du erronka berriei heltzen.
Aitziber L. Cortajarena (Bilbo, 1974) CIC biomaGUNEko zuzendari zientifiko izendatu berri dute. Ibilbide luzea eta oparoa izan du. Biokimikan doktoratu zen 2002an, Euskal Herriko Unibertsitatean. Ondoren, CIC biomaGUNEra etorri aurretik, Yaleko Unibertsitatean (AEB), Weizmann Institutuan (Israel) eta IMDEA Nanociencian (Madril) aritu da ikertzen. Europako zenbait proiekturen buru da, eta 2019an Ikerbasquek saria eman zion, ikertzaile gisa egindako ibilbide profesionala eta egindako ekarpen zientifikoak aitortzeko.
Donostian jaioa, 1964an, Biologian lizentziatu eta doktoratu zen, EHUn. Irakaslea da Medikuntza eta Fisioterapiako graduetan, eta Ikerketa Biomedikoa eta Zahartze Osasungarria eta Bizi Kalitatea masterretan. Hain zuzen, azken master horren sustatzailea eta lehen zuzendaria izan zen. Zelulen arteko komunikazioa eta ariketa fisikoaren fisiologia izan ditu ikerketa-gai nagusiak. Azken urteetan, zahartze osasungarrian jarri du arreta, eta AgeingOn taldeko arduraduna da. Elhuyar aldizkariak egindako galderei emandako erantzunetan ere nabarmenak dira arlo desberdinak nahasteko duen interesa eta osasunarekiko kezka.
Miren Cajaraville Bereziartua ikertzaileak (Donostia, 1964) jasoko du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Ikerbasquek emakume zientzialariei egiten dieten Advanced aitortza. Ibilbide zientifiko osoa hartzen du aintzat aipamen horrek, eta, Cajaravilleren kasuan, haren ibilbide emankorra nabarmentzen du; bereziki, kutsaduraren markatzaileak eta ondorioak ikertzen egindakoa, organismo itsastarren zeluletan. Zelulen Biologia Ingurumen Toxikologian ikertalde finkatuaren zuzendaria da 2001etik, eta PiE Plentziako Itsas Estazioko ikertzailea 2012tik. Talaia horretatik erantzun die galderei, zorrotz, sakon eta itxaropentsu.