Ekaineko zenbaki honi jarritako izenburuak esaten du: klima-aldaketaren munduan bizi gara. Fisikoki eta mediatikoki. Azkena nabarmena da, gaiari buruzko hitzak hondoko zarata bihurtzeraino aditzen baititugu. Eta, hala ere, gorrak izango bagina bezala aritzen gara askotan. Ikusi besterik ez dago krisi ekonomikoari eman nahi diogun konponbidean: kontsumoa sustatzea omen da egin beharrekoetako bat. Kontsumitu egin behar dugu, ekoizpenari eutsi eta lanpostuak ez suntsitzeko. Eta, horretarako, zilegi dira diru-laguntza batzuk; izan ere, baldintzak jarriko dizkiegu, sustatuko dugun kontsumoa “jasangarria” izan dadin.
Gurpil zoro handi bat da gure eredu hau, eta harrapatuta gaude. Baina nola ihes egin ez dakigunez, —edo, jakinda ere, egiteko adorerik ez dugunez—, hortxe gaude, han eta hemen pixka bat balaztari emanda gurpil zoroa moteldu nahian. Nor ausartuko da, izan ere, balaztari behar beste indarrez eragiten?
Klima-aldaketa, azken batean, gure gurpil zoroaren adierazleetako bat da, eta, hain zuzen, horregatik jartzen zaizkio horrenbeste aitzakia. Ez bildutako datuak argiak ez direlako. Klimaren adierazle diren aldagaien grafikoetara jo, eta ia irudi berbera erakusten dute guztiek: industrializazioarekin eta populazio-eztandarekin batera azeleratuz gora egiten duen kurba bat. Eta gauza bera gertatzen da ingurumenaren osasunarekin zerikusia duten beste aldagaiekin ere. Atzean Homo sapiens ez beste espezie bat egon izan balitz, aspaldi izendatu genuen izurri. Baina gure burua halakotzat hartzea kosta egiten zaigu, eta, datuak argiak izanagatik, etor litezkeen ondorioak lausoagoak direnez, belarriak erdizka baino ez ditugu ireki.
Jakin behar dugu gure kaltetan izango dela. Duela aste batzuk Miguel Delibes biologoak ederki esan zuen “Haitzen hitza” hitzaldi-zikloan: gu gara planeta osasuntsua behar dugunak, alegia, orain arteko kondizioetan funtzionatuko duen planeta behar dugunak. Ez alderantziz. Hortaz, erabat gizatartu dugun planetarekiko dugun ardura ez bada aski arrazoi, izan bedi berekoikeria hutsagatik. Gurpil zoroa errailetatik irten baino lehen.