Emaitzak bai, mugak ere bai

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia

Badirudi arrapaladan goazela klima beroago batera. Hori esaten digute aditu gehienek, klima-ereduetan oinarrituta. Badirudi klima-ereduek etorkizuna iragartzen dutela, aztiek erabiltzen dituzten bola magikoen antzera. Egia esan, ez dute horrelakorik egiten: ez dira bola magikoak, eta ez dituzte iragarpenak egiten. Eta, hala ere, ereduez baliatzen dira adituak etorkizuneko klima-kondizio posibleak ezagutzeko.

Emaitzak bai, mugak ere bai
2009/06/01 | Lakar Iraizoz, Oihane | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Batak besteari jotzen dioten pendulu-multzoetan argi ikus daiteke fisikaren oinarrizko printzipio bat: energia kontserbatu egiten da.
Evonne McArthur

Eguzkitik datorren energia, atmosfera, ozeanoak eta lehorreko Lurra; horien artean elkarrekintza konplexuak daude, eta elkarrekintza horien emaitza lekuan lekuko klima da. Elkarrekintza horien atzean, jakina, fisikaren oinarrizko printzipioak daude: "Masa kontserbatu egiten da, baita energia ere; Newtonen legeen arabera, airea batetik bestera mugitzen da, eta abar", azaldu digu EHUko Klima, Meteorologia eta Ingurumen Taldeko Jon Saenz fisikariak. "Bada, fisikaren printzipio horiek oinarri hartuta, klima-ereduek munduko klima simulatzen dute" dio.

Oinarrizko printzipio horiek ekuazio konplexuen bitartez adierazten dituzte, eta superordenagailuetan ebazten dituzte. Superordenagailurik gabe ezinezkoa litzateke mundu mailako klima-sistema aztertzea, batetik, izugarrizko eragiketa-mordoa ebatzi behar dutelako, eta, bestetik, mundu osoko klima simulatu behar dutelako.

Kliman parte hartzen duten elkarrekintza eta faktore guztiak ereduetan ordezkatzea, ordea, ezinezkoa da. Muga horietako bat ordenagailuen potentzia bera da; "ez dago munduan horretarako behar adina potentzia duen ordenagailurik" dio Saenzek. Beste bat zientzialarien ulermen-maila da, ez baitituzte behar bezala ulertzen kliman eragina duten prozesu guztiak, oso-oso sistema konplexua baita. Pixkanaka doaz zientzialariak ereduak osatuz, klimaren funtzionamendua ulertu ahala. Horren adierazle da gero eta ekuazio konplexuagoak sartzen dituztela ordenagailuetan munduko klima simulatzeko.

Saenzek esan digu, dena den, ereduen asmoa ez dela, inondik ere, klima goitik behera ordezkatzea: "sistema konplexua da, eta ekuazioek, hein batean edo bestean, sinpletu egiten dute sistema". Horretaz gainera, mundu osoko klima simulatzen dutenez, mundua bera simulatu behar dute ereduetan. Nola egiten da hori, ordea? Saenzek azaldu digu: "Ordenagailuari esan egin behar zaio munduaren zein puntutan ebatzi behar dituen ekuazioak. Horretarako, munduan irudizko sare bat marrazten dugu, eta, hala, gelaxkatan banatuta gelditzen zaigu. Gelaxka horietan, adostu egiten dugu zein puntutan ebatziko ditugun ekuazioak, eta jotzen dugu puntutik puntura dagoen tartean balioak antzekoak izango direla. Gaur egun erabiltzen diren ereduen gelaxkek 100 kilometro inguruko aldea dute. Diskretizatzea esaten zaio mundua puntu jakin batzuen bidez ordezkatzeari. Jakina, hori eginez, beti galtzen dugu informazioa".

Bestalde, eredu guztien oinarrian fisikaren oinarrizko printzipioak daude, baina printzipio horiek adierazteko ekuazioak definitzean, sinpletu egin behar izaten dute errealitatea. Adibide baten bidez azaldu digu hori Saenzek: "Har dezagun, adibidez, hezetasuna. Berez, hezetasun erlatiboa % 100ekoa denean, euria egin beharko luke. Baina badakigu errealitatea hori baino konplexuagoa dela, eta euria egiteko hezetasunak ez duela zertan % 100 izan. Ereduetan, ordea, errealitatea sinpletu egin behar da, eta hezetasun jakin batean finkatu euria noiz egingo duen. Horretarako, probatuz joaten gara. Hainbat hezetasun zehazten ditugu, eta ikusten dugu zein hezetasunek eragiten duen ereduaren simulazioak bat egitea errealitatean gertatutakoarekin".

Poloetan metatutako izotza aztertuta izaten dute ikertzaileek iraganeko garaietako atmosferaren konposizioaren berri.
DRI-PNAS

Hezetasuna bezala, beste ehunka parametro sartzen dituzte ereduetan. "Ereduekin lan egiten duten guztiek, dena den, ez dituzte parametro berak erabiltzen, eta ekuazioak ere ez dituzte modu berean ebazten" zehaztu digu Saenzek. "Beraz, eredu guztiek ez dituzte emaitza berak ematen. Zer eredu erabiltzen den, emaitza bat edo beste lortzen da", dio.

Muga horiek guztiak izanda ere, Saenzek esan digu nahiko modu fidagarrian ordezkatzen dituztela iraganeko klima-kondizioak: "urte pila batean bildutako datuak ditugu, eta bat egiten dute benetako datuek adierazten dituzten eta ereduek simulatzen dituzten egoerek. "Emaitzak ez dira oso-oso desberdinak izaten; gehienak aldakortasun-tarte jakin batean egoten dira. Pentsatzekoa da, beraz, eta horixe ikusten da gehienetan, benetako balioa tarte horren barruan dagoela". IPCC Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldeak, adibidez, 10-23 klima-ereduren simulazioak erabiltzen ditu bere txostenak lantzeko.

Etorkizuna iragartzeko tresnak

Iraganeko klima-kondizioak nahiko modu fidagarrian simulatzen badituzte, pentsatzekoa da etorkizuneko klima iragartzeko ere balio dezaketela. Horretarako, ordea, jakin beharra dago zer kondizio egongo diren etorkizunean. Eta, egia esan, ezinezkoa da hori jakitea.

Hala ere, klima-ereduen helburua hori da, nolabait: aurrez esatea zer klima izango den etorkizunean, balizko kondizio batzuk hartuta. Balizko kondizio horiek IPCCk ezarri, eta hainbat egoera posible proposatu ditu. IPCCk berak azaltzen du bere webgunean zer ezaugarriren eboluzioa hartu duten kontuan: populazioaren eboluzioa, ekonomiaren garapena, energia-eskaria, energiaren erabilera, baliabideen eskuragarritasuna, teknologia-aldaketak, lurraren erabileraren aldaketak eta ingurumen-politikak.

Jon Saenz Aguirre. Fisikan doktorea, meteorologia- eta klimatologia-irakaslea EHUn, eta Klima, Meteorologia eta Ingurumena taldeko zuzendaria. Azkeneko urteetan, aurrerapauso handiak egiten ari dira klima simulatzeko ereduetan.
Oihane Lakar

Horiek definituko dute, IPCCren ustez, etorkizunean gizakiok kliman izango dugun eragina. "Gero --dio Saenzek--, ereduekin lan egiten dutenek egoera bakoitzerako proposatutako kondizioak sartzen dituzte ereduetan, eta eragingo lituzketen aldaketak aztertzen dituzte".

"Horiek, dena den, ez dira iragarpenak, proiekzioak baizik", argitu digu Saenzek. "Iragarpen bat egitea da esatea halako eta halako gertatuko da. Proiekzioetan, berriz, esaten da: halako eta halako kondizioak egongo balira, hau eta hau gertatuko litzateke".

Eta hortxe dago, Saenzen ustez, etorkizuneko klimaren gaiaren ziurgabetasunik handiena: "ziurgabetasun handiena ez dago matematikan; nire ustez, ziurgabetasun handiena IPCCk proposatutako egoeretan dago. Ezinezkoa da iragartzea hemendik ehun urtera zenbat pertsona egongo garen, zenbat energia kontsumituko dugun, nondik lortuko dugun energia hori eta abar. Nork esango zuen orain dela 30 urte Internet existituko zela?"

Dena den, eredu guztiek iradokitzen dute tenperaturak, oro har, gora egingo duela. Hori dio Saenzek: "Gauza bat bai, esan dezaket ziur: tenperaturak ez du behera egingo. Ezin dugu zenbatespenik egin, baina bai esan beroagoa izango dela etorkizunean mundua. Eta, egoera horren aurrean, zuhur jokatu behar dugu".

Ziurgabetasunaren muturrean, eszeptikoak

Klima-ereduen fidagarritasuna eta mugak: prezipitazioak gaur eta etorkizunean. Prezipitazioen banaketa ageri da irudikatuta: ezkerreko zutabean, abendua eta otsaila bitartean, eta eskuinekoan, ekaina eta abuztua bitartean. Goiko lerroan behatutako datuak ageri dira irudikatuta, erdikoan, ereduek nola simulatu duten gertatutako hori, eta behekoan, zer proiekzio egiten duten hainbat ereduk 2090-2099 urte-tarterako. Zuriuneek adierazten dute ereduen emaitzak ez dutela bat egiten eremu horietarako.
ITURRIA: IPCC 2007: WG1-AR4.

Ez dago esaterik gaia korapilatsua ez denik; alde guztietan daude ziurgabetasunak. Horrek bidea ematen du interpretazioak bide askotatik egiteko. Eta badago, noski, ziurgabetasuna muturrera eraman, eta klima-aldaketa bera zalantzan jartzen duenik. Era guztietako argudioak entzun daitezke eszeptikoen eskutik. Adibidez, Nils-Axel M rner-ek, Suediako geofisikari erretiratu batek, aldarrikatzen du itsas maila ez dela igotzen ari. Onartzen du leku batzuetan itsasoaren maila gero eta gorago dagoela, Venezian eta Hong Kong-en, esate baterako, baina bere ustez horren arrazoia da toki horiek hondoratzen ari direla.

Euskal Herriko eszeptiko ezagunenetako bat Ant n Uriarte da. Uriarte batez ere karbono dioxidoaren inguruan aritzen da. "Karbono dioxidoaren maila igotzea onuragarria da, horrek landareen fotosintesia hobetzen duelako, eta ikusi besterik ez dago iraganean, karbono dioxidoaren kontzentrazioa oraingoa baino dezente handiagoa zenean, zer oparoa zen landaredia" dio Uriartek.

Eszeptikoen gaiari nola heldu jakitea ez da erraza. Klima-gaietan aditua ez den bat horretan hastea erotzeko modukoa da: datu beretan oinarrituta, batzuek irakurketa bat egiten dute, eta besteek kontrakoa.

Nola jakin, orduan, zeinek duen arrazoia? Zein da "egia"? Bide zuzenena izango litzateke aldizkari espezializatuetara jotzea. Izan ere, aldizkari espezializatuetan, artikuluak argitaratu edo ez erabakitzeko, hau da, jakiteko ematen dituzten argudioak eta horiek babesteko datuak nahikoa fidagarriak diren edo ez, beste aditu batzuengana jotzen dute, eta haiek aztertzen dituzte. Baheketa egiteko erabiltzen den modu objektiboena da.

Irizpide horri jarraituta bilatuz gero, ikus daiteke eszeptikoen argudioak oso gutxitan agertzen direla zientzia-aldizkari espezializatuetan argitaratuta. Naomi Oreskes-ek, Kalifornia Unibertsitateko historiako eta zientzia-ikerketetako irakasle batek, esate baterako, 1993tik 2003ra zientzia-aldizkarietan argitaratu zituzten artikuluak aztertu zituen. Haren ondorioa izan zen batek ere ez zuela egiten eszeptikoen alde.

Klima-ereduek fenomeno meteorologikoak simulatzen dituzte. Irudi honetan, adibidez, eremu jakin bateko hodei-eraketa eta prezipitazioa simulatu dituzte Japoniako Itsasoko eta Lurreko Zientzia Teknologiaren Agentzian.
jamstec

Oreskesek ez zuen eszeptikoen artikulu bakar bat ere aurkitu, baina bai Klaus-Martin Schutle-k, King's College Ospitaleko endokrinologia-zirujau batek, 2004tik eta 2007ra argitaratutako artikuluak aztertuta. Schutlek ondorioztatu zuen artikuluen % 6 jarrera ofizialaren kontra zegoela.

Jarrera ofizialaz ari garenean, IPCCk babesten duen jarreraz ari gara, alegia, mundua berotzen ari dela eta bide horretan jarraituko duela dioen jarreraz. Inork pentsa lezake txostenak egiten dituztenek presio handia jasaten dutela politikarien eskutik, enpresetatik eta abar, eta, nolabait, behartuta sentitzen direla jarrera ofizialarekin bat egitera. Saenzek ez du horrelakorik sumatu, dena den: "IPCCren behin betiko txostena babesten duten zientzialariak ez dira edonolakoak; dagoeneko izen handiko zientzialariak dira, eta, nire ustez, ez dute ezer irabazten lan hori egiteagatik. Horregatik, uste dut nahikoa objektiboak direla".

Aldaketaren abiadura
Balio bezate lerro hauek hiritarrek komunikabideen bidez jasotzen duten informazioa pixka bat zehazteko; inolako asmorik gabe, hori bai, gerta daitekeenaren ezagutza zehatza izateko. Klimak beti izan ditu, eta izango ditu, gorabeherak; izan ere, gure planetak kanpoko iturri batetik jasotzen du energia, modu irregular eta aldakor batean. Gainera, badakigu berotegi-gasen kontzentrazioak ere gorabeherak izan dituela iraganean, eta orain ere aldatzen jarraitzen duela kausa naturalengatik.
Adolfo Uriarte . Ozeanografoa, AZTI-Tecnaliako Itsas Ikerketa Unitateko merkatu-zuzendaria.
Baina, egia da, bestalde, giza jarduera berotegi-gas batzuen mailak aldatzen ari dela (batez ere CO 2 -arenak), orain arte gasen iraganeko gorabeherak ikertu dituztenek ezagutzen ez zuten erritmoan. Egungo hazkuntza-erritmoarekin jarraituz gero, mendea bukatu orduko bikoiztu egingo dugu CO 2 -aren atmosferako kontzentrazioa. Beraz, arazoa ez da kontzentrazioa handitzea, aldaketaren abiadura baizik. Jakin behar duguna da lurreko eta itsasoko organismoak eta sistemak gai izango diren aldaketa azkar horri aurre egiteko, haien funtzionamendua baldintza berrietara moldatuz, eta sistemaren oreka berreskuratzeko beharrezko prozesuak martxan jarriz. Dirudienez, zaila izango da.
Azkenik, azpimarratu nahi nuke hurrengo belaunaldiekiko solidaritatearen beharra. Dagoeneko sisteman sartu ditugun aldaketek ezagutzen ez ditugun tamainako inertziak dituzte. CO 2 -a isurtzeari utziko bagenio ere, inertzia horiek aldaketak eragingo lituzkete, ziur; eta aldaketa horien dimentsioak eta irismena ezezagunak dira. Eska genezakeen gutxiena zuhurtzia eta solidaritatea dira.
Gurea da erantzukizuna
(ITURRIA: IPCC 2007: WG1-AR4.)
IPCCren azkeneko txostenean, grafiko horien bidez babesten dute, besteak beste, gaur egun bizi dugun berotzea gizakion eraginez gertatzen ari dela. XIX. mendean munduaren batez besteko tenperaturak izandako gorabeherak ageri dira: marra beltzak neurtutako gorabeherak adierazten ditu, eta marra horiek eta urdinek, hainbat klima-ereduk simulatutako tenperatura-gorabeherak (zehazki, 14 ereduk egindako 58 simulazio ageri dira). Marra horiak egin zituztenean, kliman eragina duten faktore naturalak eta gizakion esku dauden faktoreak sartu zituzten klima-ereduetan. Marra urdinak egin zituztenean, aldiz, faktore naturalak bakarrik hartu zituzten kontuan, eta alde batera utzi zuten gizakiok kliman dugun eragina. Bi adierazpenetan bera da ereduen ziurgabetasuna, eta, hala ere, nahiko argi ikus daiteke gizakiaren eragina kontuan hartzen duten simulazioek hobeki islatzen dutela behatutako gorabehera.
Klima-aldaketa: zer egin?
Klima-aldaketa egitate sozial bat dela ukaezina da adostasun zientifikoaren ikuspuntutik; alde batera utzita oraindik dauden ziurgabetasunak: tenperatura globala zenbat igoko den eta zer ondorio fisiko izango dituen. Aitzitik, kontu labainkorragoa da klima-aldaketaren ondorio sozialak argi definitzea.
Etorkizuneko gizarte bat irudikatzen saiatzen ari gara --50-100 urtera, edo baita epe luzeagora ere--, hain zuzen ere, ez dadin egia bihurtu ezer egiten ez badugu aurreikus daitekeen etorkizun katastrofikoa. Hau da, egungo joerak etorkizunerantz proiektatzetik (forecasting), atzeranzko proiekziora pasatzen ari gara: etorkizunetik abiatuta, orainaldirako helburuak markatzen (backcasting), hain zuzen ere, etorkizun hori "kontrolatzeko" helburuarekin. Inoiz ez da lehenago halako zerbait egin, hain modu kontzientean, munduko gizartean.
Mercedes Pardo. Klima-aldaketaren soziologiako irakaslea, Madrilgo Karlos III.a Unibertsitatea.
Horregatik, "zer egin?" galdera oso zehatza ez bada ere, inoiz baino beharrezkoagoa da. Egia da gauza asko egiten ari garela dagoeneko; baina, oraindik gutxi da aurretik dugun lanerako, arazoaren dimentsioa kontuan hartuta. Tenperaturan 2 C-ko igoera izango duen mundu bat, 4 C gehiagoko mundu bat akaso, oso mundu desberdina izango da, inolako zalantzarik gabe. Horregatik, egokia da galdetzea "zer gehiago egin?".
Eraldaketa sozial handi bat egitea da kontua, gure ekoizteko moduan, gure kontsumitzeko moduan, gure jateko moduan, gure garraiatzeko moduan, gure eraikitzeko moduan, munduaren gainerakoarekin erlazionatzeko gure moduan, eta, azken finean, gure bizitzeko moduan. Eta hori guztia, epe motz batean. Erronka ikaragarria da, eta horregatik da garrantzitsua "zer egin?" galdera.
Lakar Iraizoz, Oihane
3
254
2009
6
023
Klimatologia; Fisika; Ingurumena
Dosierra
28

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.