Mugikor batekin, sakelan eraman dezakegu mundua orain. Ahalmen eta irismen ikaragarriak ekarri dizkigute gailu eramangarriek, eta askatasuna ere bai, harik eta hari bati lotu behar dizkiogun arte. Harik eta bateriaren azken marratxoak dir-dir egiten duen arte. Orduan konturatzen gara zer kate motza duen eramangarritasunak. Entxufe batetik urrun, ordu gutxitan ahitzen dira eramangarritasunaren ahalmena, irismena eta askatasuna.
Kargak hilabete edo gehiago iraungo dion bateria baten bila ekin diogu aldizkari honetan, eta hasi orduko jakin dugu ametsa ameskeria dela. Bai, behintzat, oraingoz. Hilabete irautekotan, ezin eramangarria izan, eta eramangarria izatekotan, ezin hilabete iraun. Hobekuntzaren eta orekaren arteko ibilbide bat da baterien historia, izan ere. “Ona, ederra eta merkea; aukeratu bi” dio esamoldeak, eta baita baterien teknologiak ere.
Merkatuak, ordea, hirukotea nahi du, eta, adituek, uste litekeenaren kontra, mundu eramangarritik kanpora ikusten dute hura lortzeko itxaropena. Hain zuzen ere, auto elektriko eta hibridoen industriak ekarriko omen du bateria “on, eder eta merkeen” hurrengo belaunaldia. Azkenekoa litiozko bateriak izan ziren, 1990eko hamarkadaren hasieran sortu, eta gaur egun gure telefono mugikor, argazki-kamera, MP4 irakurgailu eta abar txiki guztien barrenean daudenak. Litioak ahalbidetu zuen txikitasuna eta ahalmena bateria berean sartzea, eta, txikien mundutik handira salto eginda, litioaren eskutik ari da garatzen egun auto elektrikoen industria. Guk galdekatutako “igarleen” esanean, urte gutxiko kontua izango da jakitea autoen industriak atzera itzuliko dion bultzada gailu eramangarrien industriari.
Agian, orduan, posible izango da hilabetez kargatu gabe erabiltzeko bateria eramangarri eta txiki bat izatea —Ameriketarainoko hegaldia iraungo duen bat, bestela—. Edo, agian, ameskeria izango da orduan ere. Edo baliteke ordurako zentzugabea izatea, merkatuaren dantzak beste nonbait aurkitu nahiko duelako ezaugarri on, eder eta merkeen hirukotea.