Birziklatzearen ustekabeko sekretuak

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia

Badakigu bateriek bizialdi mugatua dutela: hainbat karga-deskarga ziklo betetakoan, akabo. Huts egiten dute. Ezin esan, ordea, hor bukatzen denik baterien bizitza. Hain zuzen, hortxe hasten da buruan hainbat galdera-ikur utzi dizkigun prozesua: birziklatzea.

Birziklatzearen ustekabeko sekretuak
2009/07/01 | Lakar Iraizoz, Oihane | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: AEGGY/Creative Commons/aitortu eta partekatu baimen beraren arabera)

Jakin badakigu bateriak birziklatzen dituztela. Diren motakoak direla, eta iraun dutena iraun dutela. Berez, ez dirudi misterio handiko jarduera bat; baterien osagaiak berreskuratzeko, hainbat prozesutatik pasarazten dituzte birziklatze-instalazioetan. Ez da erraza izan, ordea, guretzat, artikulu honetan kontatu nahi genituen gauza guztiak kontatzeko beharrezko informazioa biltzea.

Birziklatzeari buruzko informazioa hainbat webgune espezializatutan aurkitu daiteke. Eta, itxuraz, nahiko prozesu gardena da. Birziklatzen diren beste hainbat eta hainbat produktu bezala, lehenik, baterien osagaiak bereizi behar izaten dituzte, bakoitza bere modura birziklatzen delako. Horretarako, hainbat txikitze- eta bereizte-saiotatik pasarazten diete: birrindu egiten dituzte, bibratzen ari diren kanaletetan jartzen dituzte, urarekin garbitzen dituzte, bahetu egiten dituzte eta abar.

Ikus daitekeen bezala, prozesu guztiz mekanikoak dira; ez dago sekreturik. Izatekotan, aipatzekoa litzateke batzuetan neurri bereziak hartu behar izaten dituztela. Litiozko baterien kasuan, esaterako, kontuan izan behar dute guztiz deskargatuta egon behar dutela bateriek karkasak irekitzen eta barruko osagaiak ateratzen hasi aurretik. Karga badute, litio-ioiek eztandak eragin ditzakete.

Bereizitakoan, osagai bakoitza dagokion bezala tratatzen dute. Bakoitzak bere berezitasunak ditu, baina ez dirudite isilpean gorde beharrekoak. Baterietako hautsean dauden metalak bereizteko, esaterako, azidoekin tratatu, eta neutralizatu egiten dituzte, metal-gatzak ateratzeko.

Agian polemikoagoa izan liteke bateria poluitzaileenekin zer egiten den, hau da, nola birziklatzen den nikel-kadmiozko baterietako kadmioa. Baina ez pentsa ezer berezirik duenik. Destilazio deritzon prozesua erabiltzen dute horretarako: birrindutako baterien hondarrak 800-900 C-raino berotzen dituzte, kadmioa lurrundu dadin. Orduan, kadmio-lurruna hodi batetik pasarazten dute, eta hoztuz joaten da. Hala, kadmioa kondentsatuz joaten da, eta, azkenean, % 99,95eko purutasuna duen kadmioa eskuratzen dute.

Beste batzuetan, metodo pirometalurgikoa erabiltzen dute: osagaiak 1.450 C inguru arte berotzen dituzte, eta, tenperatura horretan, hainbat metalen aleazioak (kobaltoa, nikela burdina eta kobrea izaten dituzte aleaziook, besteak beste) eta zepa inerteak sortzen dira.

Azkenean, birziklatze-prozesu horietatik lortzen dituzten materialak industrian berrerabiltzeko modukoak dira, eta, beraz, beste bizitza bat hasten da baterientzat.

Inork ez daki non

Ez dirudi ezer txarrik dagoenik bateriak birziklatzeko prozesuan, baina benetan zaila suertatu zaigu prozesu horiei izen-abizenak jartzea, alegia, non egiten diren jakitea. Europan, 40 enpresatan baino ez dituzte birziklatzen pilak eta bateriak, Europako Bateria Eramangarrien Elkartearen (EPBA) arabera. Horietako bat Erandion dago: Recypilas. Haiek, baina, botoi-pilak eta pila prismatikoak (gatzezkoak eta alkalinoak) bakarrik birziklatzen dituzte beren instalazioetan; ez dute bateriekin lan egiten.

Birziklatzen ez badituzte ere, jaso, era guztietako pilak eta bateriak jasotzen dituzte, hondakinen gaikako bilketan multzo berean sartuta baitaude batzuk eta besteak. Recypilasen Espainia osoko pilak eta bateriak jasotzen dituzte, gaikako bilketaz arduratzen diren erakundeen eskutik. Jasotakoak bereizten dituzte, barruan dituzten osagai kimikoen arabera, eta azpitalde bakoitza behar bezala tratatzen dute.

Haiek birziklatzen ez dituztenak beharrezko baimena duten azken kudeatzaileetara bideratzen dituzte; birziklatuko dituzten enpresetara, alegia. Frantzian dago haiekin lanean aritzen dena, Recypilasen esan digutenez. Ez digute enpresaren izena eman nahi izan, ordea. Horra hor misterioetako bat. Jakin dugu, baita ere, Espainian ez dagoela bateriak birziklatzen dituen erakunderik.

Informazio hori, dena den, nolabait ezkutatu nahi izaten dute pilen eta baterien gaikako bilketaz arduratzen diren hainbat erakundek. Bartzelonako Blipvert enpresak, birziklatzen eta gaikako bilketa egiten espezializatutako enpresa batek, adibidez, bere webgunean esaten du bateriak eta pilak instalazio beretan birziklatzen dituztela. Eta haienak Pilagest enpresaren instalazioetara bidaltzen dituztela. Pilagestera deituta, berriz, esan ziguten ez dutela bateriarik birziklatzen. Gauza bera gertatu zitzaigun Madrilgo Ecopilas fundazioan, pilen eta baterien kudeaketa integratua egiteko sorturiko fundazioan: esan ziguten haiek bildutako pilak eta bateriak Recypilasera bidaltzen dituztela, eta haiek birziklatzen dituztela denak.

Badakigu, ordea, informazio hori ez dela osoa. Baina informazioa osatzea ez da erronka makala, itzulinguruka hasten baitira enpresa batzuetako eta besteetako ordezkariak baterien azkeneko hartzaileak zein diren galdetzen zaienean. Zergatik ote? Egia esan, ezin izan dugu aurkitu galdera horri erantzuteko ganorazko arrazoirik.

Lakar Iraizoz, Oihane
3
255
2009
7
033
Birziklatzea; Materialak; Industria
Artikulua
44

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.