Minbiziari buruzko datuak gazi-gozoak dira. Gaziak, minbizia delako, gaixotasun kardiobaskularren ondoren, heriotza gehien eragiten dituen gaitza, nola Euskal Herrian hala Europan oro har. Gainera, minbizi batzuen intzidentzia handitu egin da azken hamarkadan. Baina gozoak ere badira: denbora-tarte berean, hilkortasuna gutxitu egin da, eta pazienteen bizi-kalitatea, berriz, asko hobetu da. Hein handi batean, tratamenduetan izan den hobekuntzari zor zaio bilakaera on hori.
Arrate Plazaola Donostiako Onkologikoko sendagilea da, eta urteak daramatza minbizia duten pazienteak tratatzen; hortaz, tratamenduetan izan diren aurrerapenen eta haien eraginaren lekuko zuzena da. "Oraindik ere, tratamendu nagusiak kirurgia, erradioterapia eta botikak dira; baina denetan izan dira hobekuntza nabarmenak", dio Plazaolak.
Adibidez, kirurgia ohiko tratamendua da minbizi batzuetan. Aproposa da minbizia leku batera mugatuta badago eta ez bada hedatu. Hortaz, oso erabilia da larruazaleko, biriketako, bularreko eta koloneko minbiziak tratatzeko, besteak beste. Minbizia hurbileko gongoil linfatikoetara hedatu bada, haiek ere erauzten dituzte kasu batzuetan. Edonola ere, tumore-zelula guztiak erauztea da helburua, minbizia berriro sortzeko eta hedatzeko arriskua eragozteko.
Horiek horrela, Plazaolak uste du kirurgian egin diren aurrerapenek sekulako eragina izan dutela pazienteen bizi-kalitatean: "Mikrokirurgiarekin, laparoskopiekin eta abarrekin, ebakuntzak lehen baino zehatzagoak eta arinagoak dira, eta infekzio-arrisku txikiagoa dute".
Hain zuzen, tumorearen lekura iristeko, ebaki irekiak egin beharrean, gaur egun ebakidura txikiak egiten dituzte, eta haietatik sartzen dituzte tresna optikoak eta kirurgikoak. Gainera, ahal den kasuetan, gorputzaren zulo naturalak baliatzen dituzte tumorera heltzeko. Teknika horiek dituzten onurak laburbildu ditu Plazaolak. "Horri esker, ebakuntzaren ondoren, pazienteek ia ez dute minik ez bestelako ondoezik; horrenbestez, berehala joan daitezke etxera. Hala, asko laburtu dira ospitalean egin beharreko egonaldiak".
Horrez gain, gaur egungo joera da ahalik eta ehun osasuntsu gehien gordetzea. Esaterako, giltzurrun-minbizian, organo osoa kentzen zen lehen, normalean. Orain, tumorea giltzurrunetik erauzten dute, eta zati osasuntsua, utzi. Hala, pazienteak giltzurrun bat galtzea saihesten dute. Izan ere, frogatu dute giltzurrunaren masa gehien gordetzen duten pazienteak direla luzeago bizi direnak. Beste adibide bat bularreko minbizia da, nahiz eta batzuetan bular osoa kentzea ezinbestekoa izan daitekeen, gaitza hedatzea galarazteko.
Hainbat kasutan, kirurgia ez da nahikoa izaten minbizia ezabatzeko, eta beste terapia batzuk ere erabili behar izaten dituzte sendagileek, hala nola erradioterapia. Terapia-mota horretan, erradiazio ionizatzailea erabiltzen dute minbizi-zelulak suntsitzeko; erradiazioak zelula horien DNAri kalte egiten die, eta, hala, zelulak hil egiten dira. Alabaina, erradiazioak zelula osasuntsuei ere eragiten die; hortaz, sendagileek neurri zorrotzak hartzen dituzte tratatu beharreko eremura mugatzeko.
Horren harira, eman diren aurrerapausoekiko esker onez mintzo da Plazaola: "Eskertzekoa da ikerketan egin dituzten aurrerapenak guk erabiltzeko moduko teknologian aplikatzea". Hala ere, zailtasunak ere aipatu ditu: "Ukaezina da gaur egungo teknologiak asko errazten dizkigula gauzak, baina, neurri batean, zaildu ere egiten dizkigu". Izan ere, haren esanean, planifikazioak oso astunak izaten dira, "adibidez, tomoterapian".
Onkologikoan duten teknika berriena da tomoterapia. Plazaolak zertzelada batzuk eman ditu haren onuren eta zailtasunen gainean: "Erradiazioa ematen duen aparatu horrek berak egiten ditu eskanerrak, eta, horren bidez, egunero dakigu ondo mugatuta ote dugun tratatu beharreko eremua. Baina konplexua da, eta denbora asko eskatzen du".
Hain zuzen ere, eskanerrari esker, zehaztasun handiko irudiak jasotzen dituzte, eta haietan bereizten dituzte ehun osasuntsuak eta tumoralak. Tumorearen mota, neurria, kokapena eta beste zenbait faktore aintzak hartuta, ezarri beharreko erradiazio-tratamendua erabakitzen dute sendagileek. Jarraian, aparatu berak igortzen du erradiazioa.
Hori dela eta, ehun osasuntsuei kalterik ez egiteko, ezinbestekoa da pazientea jarrera berdinean egotea beti, bai tratamenduaren aurreko prestaketetan, bai tratamendua jasotzera doan aldi bakoitzean. "Eta hori astuna egiten da, ez da erraza", aitortu du Plazaolak. Baina onura handiak ditu: "Hori bai, gero tratamendua askoz ere hobea da, zehatzagoa, ehun normalei ez die kalterik egiten... Horretan oso nabarmena da hobekuntza".
Horrez gain, erradiazio bidezko tratamenduaren sekuentziazioan ere asko hobetu dela iruditzen zaio. "Lehen, adibidez, 40 saio egiten genituen, eta asko luzatzen zen. Gaur egun, berriz, denbora gutxiagoan egiten da, agian bi astean, eta saioak 12 orduz behin egiten dira. Hau da, guztira emandako erradiazioa bera izanagatik, emateko modua aldatu da, eta pazienteak hobeto jasaten du".
Horri garrantzi handia ematen dio Plazaolak: "Funtsezkoa da pazientearen bizi-kalitatea zaintzea. Azken finean, minbizia sendatu, sendatu, agian ez dugu hainbeste sendatzen, baina behintzat saiatu behar dugu bizirik dauden denboran ahalik eta ondoen egon daitezen".
Onkologoek beste arma bat ere badute minbiziari aurre egiteko: kimioterapia. Botika zitostatikoetan eta zitotoxikoetan oinarritzen da; hau da, zelulen hazkundea eragozten duten edo haiek suntsitzen dituzten substantzietan. Aukera handia dago, eta botika bakoitzak ditu dagozkion eragiteko mekanismoa, eraginkortasun-maila, berariazkotasuna... eta baita albo-ondorioak ere.
Hain justu, botikek azkar zatitzen diren zelulei eragiten diete; azkar zatitzea da tumore-zelulen ezaugarrietako bat, baina ez da haiena bakarrik: odoleko, ileko edo digestio-aparatuko zelula osasuntsuak ere azkar zatitzen dira. Hori dela eta, zelula horiei ere eragiten diete kimioterapian ematen diren botikek, eta horrek albo-ondorioak sortzen ditu: infekzioak izateko arriskua, nekea, ondoeza, goragalea, beherakoa, ultzerak ahoan eta eztarrian, jateko gogo eza, ilea erortzea, argaltzea...
Sendagileak, noski, saiatzen dira albo-ondorioak ahalik eta arinenak izan daitezen, kasu bakoitzean botika, dosi eta jarraibide egokienak aginduz; baina ikertzaileek ere ahalegin berezia egin dute tumore-zelulei berariaz eragiten dieten sendagaiak lortzen, eta hortik sortu dira terapia biologikoak. "Arlo horretan aurreratu da gehien", Plazaolaren esanean.
Ikertzaileek minbizi-zelulen bizitzan eragiten duten mekanismoak argituz doazen heinean, farmazialariei ateak irekitzen zaizkie, giltzarri diren puntuetarako sendagai berriak diseinatzeko. Plazaolak musika-tresnen teklekin alderatu ditu jomugak: "Pixkanaka, tumore-zelulen teklak ezagutuz goaz; eta tekla bakoitzerako botikak asmatzen ari dira".
Sendagai berri horien jomugak era askotakoak dira: entzimak, geneak, proteinak..., eta berariaz diseinatzen dira haietako bakoitzerako botikak. Horrenbestez, oso espezifikoak dira; tumore-zelulei bakarrik eragiten diete, eta ez dute ondoriorik zelula osasuntsuetan.
Plazaolak Herceptinaren adibidea jarri du. Herceptina (trastuzumaba) laborategian sortutako antigorputz monoklonal bat da. Haren jomuga HER2 geneak kontrolatzen duen proteina da. Proteina hori hazkuntza-faktore baten errezeptorea da; tumore-zelula batzuek neurriz kanpo espresatzen dute, eta, hori gertatzen den kasuetan, minbizia oso azkar hazten da. Gainera, tratatu ondoren minbizia berriro agertzeko arriskua ere oso handia da.
Bularreko minbizien % 25-30 inguru dira HER2-positiboak; alegia, bularreko minbizien laurdenetan baino gehiagotan, tumore-zelulek areagotuta dute hazkuntza-faktorera lotzen den errezeptorearen espresioa. "Kasu horietan, Herceptina oso lagungarria da", nabarmendu du Plazaolak. Antigorputza errezeptoreari lotzen zaio, eta, horren ondorioz, tumorearen hazkundea sustatzen zuen seinalea ezabatu egiten da.
Herceptinak baditu albo-ondorioak (besteak beste, bihotzeko arazoak sortzen ditu), baina onurak handiagoak dira kalteak baino. Horiek horrela, HER2-positiboak diren sabeleko minbizietan ere Herceptina erabiltzeko baimena eman zuen iaz Europako Batasunak. Gainera, ikertzaileak beste molekula asko ari dira probatzen beste tekla batzuk ukitu eta isilarazteko; haietako batzuk dagoeneko erabiltzen dira ohiko tratamenduetan.
Dena dela, terapia biologikoen adibide klasikoa hormonoterapia da. Horren oinarria da hormona batzuek minbizi-zelulen hazkuntza sustatzen dutela. Hortaz, mekanismo horretan eragiten duten molekulak erabilita, minbizi-zelulen hazkundea gelditu egiten da.
Bularrekoan, adibidez, urteak dira tamoxifenoa erabiltzen dela. Molekula hori estrogenoaren errezeptoreetara lotzen da; hala, estrogenoari lekua kentzen dio. "Bularreko minbizien % 80an, zelulek estrogenoen errezeptoreak dituzte; hau da, proportzio oso handian dira estrogeno-mendekoak", dio Plazaolak. "Beraz, kasu askotan, pazientea tamoxifenoarekin tratatzen dugu kirurgiaren ondoren, minbizia berriz agertzea eta hedatzea saihesteko".
Tamoxifenoaren ondoren, ikertzaileek beste molekula batzuk ere garatu dituzte, hormonen eragina oztopatzeko. Plazaolak aromatasaren inhibitzaileak aipatu ditu: "Aromatasa entzima bat da, eta estrogenoaren ekoizpenean parte hartzen du. Inhibitzaile horiek aromatasaren funtzioa galarazten dutenez, ez da estrogenorik sortzen". Tratamendu horrek oso emaitza onak ematen ditu menopausia izan duten emakumezkoetan.
Prostata-minbizian ere badira hormonen eragina oztopatzen duten molekulak. Izan ere, prostata-minbizi askotan, tumore-zelulek testosterona behar izaten dute hazteko. Prostata-minbiziaren zelulak gorputzeko beste leku batzuetara hedatu direnean ere, tratamenduak badu eragina, tumore-zelula horiek testosteronaren beharra dutelako. Hala, testosteronaren ekoizpena blokeatzen duten edo hormona errezeptoreetara lotzea eragozten duten molekulak eraginkorrak dira minbizi horien aurka.
Minbizia ez bada hormonen mendekoa, hormonoterapiak ez du eraginik; halakoetan, sendagileek kimioterapia gomendatu ohi dute. Nolanahi ere, kasu gehienetan tratamendu-mota guztiak erabiltzen dira, konbinatuta. Kasu bakoitzean, konbinazio bat edo bestea izaten da, eta, denetan, helburua bikoitza da: minbizia ezabatzea eta pazienteak ahalik eta bizi-kalitate onena izatea.
Pazientearen ongizateari dagokionez, tratamenduen albo-ondorioak arintzeko ahalegin handiak egin dituzte. "Orain, tratamenduarekin batera, beste terapia bat ematen diegu pazienteei, minbiziaren aurka erabiltzen dugun erradiazioak edo botikek sortzen dituzten kalteetatik babesteko", azaldu du Plazaolak.
Laguntza-terapia deitzen diote, eta pazienteari egokitua izaten da. "Adibidez, badakigunean guk jarritako tratamenduak defentsak jaitsiko dizkiola, hasieratik botika bat ematen diogu pazienteari, immunitate-sistema suspertzeko. Hartara, infekzioak izateko arriskua asko gutxitzen da".
Horrekin batera, laguntza psikologikoa ere eskaintzen zaie pazienteei. Plazaolak dioenez, pazientearen egoera emozionalaren eta izaeraren arabera, laguntza psikologikoa hasieratik eskaintzen da, eta, beste batzuetan, beste tratamenduak eman ondoren egiten du terapia psikologikoa. Edonola ere, paziente askorentzat "oso lagungarria" da.
Tratamenduen kalitateari eta eraginkortasunari buruzko iritzia eskatuta, Plazaolak ez du zalantzarik: "nazioarteko egoera aintzat hartuta, Euskal Herrian punta-puntako tratamenduak ematen dira". Alderdi horretatik, harrotasun-puntu bat sumatzen zaio, baina, aldi berean, beldur da gaur egungo testuinguru ekonomikoak ez ote dion eragingo medikuntza-zerbitzu publikoen eskaintzari, "tratamendu hauek oso garestiak baitira: tresnak garestiak dira, baita botikak ere, zerbitzua..."
Hala ere, baikortasunez begiratzen dio etorkizunari. Besteak beste, uste du tumore-zelula zirkulatzaileen gaineko ikerketek emaitza baliagarriak emango dituztela. "Badakigu zelula zirkulatzaileek hedatzen dutela minbizia, haiengatik azaltzen direla metastasiak; baina beste gauza asko ez dakizkigu oraindik". Hori da gehien ikertzen ari diren ildoetako bat, eta hortik hobekuntza garrantzitsuak etor daitezkeelako itxaropena du Plazaolak: "Agian, zelula zirkulatzaileen aurkako substantziaren bat lortuko dute, eta, orduan, minbizia erabat ezabatzeko aukera izango dugu beharbada".