Minbiziaren aurrean

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Ez da gozoa zenbaki honetako orrialde nagusietan garatu dugun gaia. Euskal Herrian, eta, oro har, Europan, heriotza gehien eragiten duen bigarren gaixotasuna da minbizia. Gaitz gaiztoa da, gainera. Bere-bereak dituen ezaugarri biologikoek berebiziko gaitasuna ematen diote hazteko, hedatzeko eta --gaindituta ere-- berriz sortzeko. Eta balizko jatorriak zein motak hainbeste izateak, bestetik, konplexutasun eta zailtasun handia ekartzen dio minbizia ulertu eta sendatzeko erronkari. Hain zuzen ere, minbiziez hitz egiten dute gaur egun medikuek eta ikertzaileek, eta ez minbiziaz; hain da askotarikoa eta, aldi berean, banakakoa gaixotasuna.

Horregatik, plano orokorra begien bistatik inoiz galdu gabe, minbiziari eta pertsonari egokitutako estrategiak garatzera jo dute ikerketek eta praktika klinikoak azken urteetan, eta emaitzak lortu dira: hilkortasunak behera egin du, eta pazienteen bizi-kalitateak, berriz, asko egin du hobera. Izan ere, tratamenduen eraginkortasuna areagotzeaz gainera, asko murriztu dira pazienteak ospitalean egin beharreko egonaldiak, bai eta tratamenduen oldarkortasuna eta albo-ondorioak ere.

Pazientearen bizi-kalitatea nola hobetu den ikustea, eraginkortasunean izan den aurrerakuntza bezainbeste balioesten du Arrate Plazaola onkologoak. Eta badu arrazoirik, tratamenduaren gogortasunagatik ere badirelako maiz minbiziaren alderdi gaiztoetako bat. Azken helburua sendatzea izanagatik, minbiziaren aurrean pazienteak egin beharreko bidea ahalik eta leunena izatea ere funtsezkoa da.

Guk ere, minbiziaren aurrean jarrita, eskain dezakeen aurpegirik gozoena ekarri nahi izan dugu, eta tratamenduetan izan diren aurrerakuntzei erreparatu diegu hurrengo orrietan. Ohar bat hasi aurretik, baikor jokatzea bezain garrantzitsua baita itxaropen faltsurik ez sortzea: ospitaleetan ematen diren tratamenduak jaso ditugu bakarrik, eta baita fase kliniko aurreratuetan dauden estrategiak ere, hau da, pazienteengana iristear direnak edo epe labur samarrean iristeko aukera dutenak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila