Ekainaren 5ean Nazioarteko Ingurumen Eguna ospatuko da. Krisiaren testuinguruan, ekonomia hartu du Nazio Batuen Erakundeak egunaren ardatz, eta "ekonomia berdea" proposatu du aurtengo gai gisa. Hain justu, langai hori bera izango dute hizpide hil honetan bertan egingo duten Biltzar Nagusian. Rio+20 izendapena jaso du, eta, 1992an Rio de Janeiron egindakoaren pare, mugarri izatea nahi du Nazio Batuen Erakundeak (NBE).
Hogei urte barru izan nahi dugun munduarentzako ildoak zehazteko aukeratzat jotzen du NBEk ekaineko biltzarra, eta han aurkeztuko du etorkizuneko mundu horretara iristeko bere proposamena: ekonomia berdea. NBEren definizioaren arabera, pertsonen ongizatea eta berdintasun soziala hobetu, eta, aldi berean, ingurumen-arriskuak eta urritasun ekologikoak gutxiagotzen dituen ekonomia da ekonomia berdea.
Balio horien bidez gobernatutako etorkizuna sortzeko zenbat diru eta zein arlotan inbertitu behar den aurreikusi du NBEk: munduko barne-produktu gordinaren % 2 urtean, 2050era arte. Eta, Nazio Batuen eskeman, bitarteko erabakigarriak izango dira teknologia eta haren garapena.
Riotik honainoko bideaz egiten duen gogoetak toki gutxi uzten dio, ordea, baikortasunari. Izan ere, NBEren esanean, kapitala gaizki bideratzeak ekarri ditu orain bizi ditugun krisiak: ondasunetan, erregai fosiletan eta finantza-aktiboetan jarri da, eta ez energia berriztagarrietan, eraginkortasun energetikoan edo nekazaritza jasangarrian.
Gauzak horrela, krisi ekonomikoa nahikoa izango da hurrengo hogei urteetan bestela jokatuko dela pentsatzeko? Ekonomia berdearen kritikariek ezetz uste dute. Haien esanean, ekonomia berdea ez da huts egin duen ekonomia jasangarriaren aldaera bat besterik, eta, NBEren proposamena, sintomak arintzeko errezeta. Ekonomiaren paradigma bera aldatzeko aldarria egiten dute, ekosistema osoa aintzat hartuko duen beste baten alde, teknologien garapenak edozein direlarik ere, definiziotik bertatik egiten duelako huts egungoak.