Beste ekonomia berde bat aldarri

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

NBEk bultzatu nahi duen ekonomia berdeak aditu askoren kritikak piztu ditu. Urrutira joan gabe, iritzi kritikoa dutenen artean daude Unai Pascual ingurumen-ekonomialaria eta Gorka Bueno ingeniaria eta energian aditua. Haien ustez, NBEk aipatzen duen ekonomia berdea ez da nahikoa, eta "beste ekonomia berde" baten alde egiten dute, bakoitzak bere arlotik. Beste esparru batetik, Amaia Pérez Orozco ekonomialari feministak ere argudio sendoak ditu NBEren proposamena baztertzeko eta beste sistema ekonomiko bat proposatzeko.

beste-ekonomia-berde-bat-aldarri
Arg. Dani Sánchez/CC BY-NC-ND

Unai Pascual ekonomia ekologikoan aditua da. Haren esanean, ekonomia ekologikoa "zabalagoa" da ingurumen-ekonomia baino, eta diziplinartekoa da. Hala, ekonomia ekologikoan, ekonomialariez gain, ekologoak daude, antropologoak, soziologoak, osasun-adituak, ingeniariak...

"Hain zuzen ere --dio Pascualek--, guk ulertzen dugu ekonomia azpisistema bat dela ekosistema globalaren barruan. Hau da, ekonomia ez da sistema bat, eta ingurumena beste bat; ez. Gu, eta guk sortutako sistemak, sistema askoz zabalago baten barruan gaude". Ingurumen-ekonomiarentzat, berriz, ekonomia eta ingurumena bi sistema dira, non ingurumena ekonomia-sistemara sartzen diren natura-baliabideekin identifikatzen den. Pascualen iritziz, "ikuspuntu guztiz antropozentrikoa da, baina, jakina, ekonomia antropozentrikoa da".

Pascualek azaldu duenez, ekonomia filosofiatik jaio zen, baina, azken hamarkadetan, matematikak, ingeniaritzak eta  beste arlo zientifiko-teknologiko batzuek indar handia hartu dute. "Orain batzuek uste dute arau naturalak bezalakoak direla ekonomian dauden zenbait arau, hau da, halabeharrez betetzen direla, grabitatearen legea bezala. Ekonomia ekologikoarentzat, uste hori okerra da".

Ikuspuntu horretatik, hazkunde iraunkorra edo etengabea oximoron bat da, eta hori uste du Pascualek ere; horregatik, Nazio Batuen Erakundeak proposatzen duen ekonomia berdea ez da egiazko ekonomia berde bat, "azken finean, haien helburua hazten jarraitzea baita".

Unai Pascual Ingurumen-ekonomian doktorea eta BC3 klima-aldaketa ikertzeko zentroko ikertzailea da. Arg. BC3

Gorka Bueno ingeniariak bat egiten du, hein handi batean, Unai Pascualen irakurketarekin: "Nik uste dut kritika bat egin behar dela. Azken batean, eta asko sinplifikatuta, NBEk planteatu duen irtenbidea da naturari prezioa jartzea. Baina hori ez da nahikoa. Eta ez da nahikoa sistema ekonomikoa ulertzeko erabiltzen duten eskema partziala delako". Hain justu, Unai Pascualek bezala, sistema ekonomikoa ekosistema globalaren parte dela uste du Gorka Buenok.

Buenoren esanean, ekonomia ekologikoak kontuan hartzen ditu energiaren eta materialen fluxuak, baina prezioa jartzetik askoz harago doa. Ekonomia ekologikoak energia eta materiaren fluxuen analisi eta balantze espezifikoak eskatzen ditu. "Balio ekonomikoa ematearekin ez da ezer konpontzen, kontrakoa baizik. Adibidez, atmosferari balio bat ematen badiogu, eta, kutsadura dela medio, balioa galtzen badu, ekonomia ortodoxoaren irtenbidea da galera hori beste sektore baten hazkunde ekonomikoarekin orekatzea, sistemak funtzionatzen jarrai dezan. Baina guk badakigu horrela ez dela atmosferari egindako kaltea konpontzen; alegia, ez dago ordezkotasunik, ezin dituzu naturaren baliabide eta zerbitzu gehienak zuzenean giza kapitalekin ordezkatu".

Benetako ekonomia berdea

Hala ere, Buenok onartzen du aurrerapauso bat dela NBEk aintzat hartzea baliabideen agortzea eta hondakinen arazoa. "Baina, lehen esan bezala, horri prezioa jartzea ez da irtenbidea". Harentzat, benetako ekonomia berdea da onartzea ekonomia sistema global baten barruan dagoela, eta sistema itxia dela.

Alde horretatik, ikuspegi bera dute Pascualek eta Buenok. Azken honek ingeniaritzaren ikuspuntutik azaltzen du: "Ingeniaritzaren ikuspuntutik begiratzen badugu, Lurra sistema itxia da, eta benetako ekonomia berdea izateko, materiaren fluxua ixtea lortu beharko genuke. Hori da bide bakarra benetako iraunkortasuna lortzeko. Horrez gain, materia eraldatzeko behar dugun energiak iturri berriztagarrietatik etorri beharko luke, eta modu eraginkorrean ustiatu beharko genuke".

Gorka Bueno Telekomunikazio-ingeniaritzan doktorea eta EHUko irakaslea da. Arg. Ana Galarraga/Elhuyar Fundazioa

Horren harira, Tim Jacksonen liburu bat aipatu du Buenok: Prosperity Without Growth: Economics for a Finite Planet . Liburu horretatik hainbat ideia nabarmendu ditu: "Haren arabera, giza jarduerari muga ekologikoak jarri behar zaizkio, eta, horretarako, lehenago muga horiek ezagutu behar ditugu. Horrez gain, onartu behar da mugatua den planeta batean bideraezina dela hazkunde jarraituan oinarritzen den sistema ekonomiko bat. Horren aurrean, kontsumismoaren gizarte-logika eraldatzea proposatzen du; gizarte-logika, gizarte balioak, ereduak aldatu behar ditugula aldarrikatzen du". NBEren ekonomia berdea baino urrunago doa, beraz.

Pascualek ere "bi ekonomia berde" bereizten ditu, bi eredu. NBErena da bata: "NBEren ekonomia berdea oso asmo onekoa da. 1987an, Brundtland Komisioak garapen jasangarria bultzatu zuen Nazio Batuen barruan. Ordutik 25 urte igaro dira, eta kontzeptu horrek esanahia galdu du, eragile bakoitzak bere erara definitzen baitu. Hala ere, Komisio hark atera zuen txostena (Report of the World Commission on Environment and Development: Our Common Future) mugarri bat izan zen, eta haren muinean ideia hau dago: hazkunde ekonomiko etengabea eta ingurumena babestea ez daude kontrajarrita".

Pascualen iritziz, ideia hori okerra da, eta "begi-bistakoa da hazkunde ekonomikoa, guk ulertu izan dugun eta oraindik ulertzen dugun bezala ulertuta, ez dela bateragarria ingurumenak dituen baliabide kritiko asko babestearekin". Horren froga garbitzat jotzen ditu bioaniztasunaren galera eta klima-aldaketa, besteak beste. "NBE jabetu da zer gertatzen ari den, eta, orduan, beste zerbait eskaini nahi du. Ekonomia berdea deitu dio, baina, funtsean, Brundtland Komisioaren filosofia berbera dauka".

Horri "eredu ofiziala" deitu dio Pascualek. Haren esanean, hazkundea eta garapena nahastu egiten dira. Alabaina, ideia hori ez da zuzena, Pascualen ustez: "Egia da herrialde azpigaratuetan, Malawin adibidez, hazkunde ekonomikoa eta garapena paraleloan joan daitezkeela, hemen duela ehun urte gertatu zen bezala. Baina ebidentzia askok erakusten dute 1980ko hamarkadatik aurrera, herrialde garatuetan, korrelazio hori hautsi egin dela, eta dagoeneko ez doazela paraleloan: gaur egungo krisia gorabehera, barne-produktu gordinak (BPG) igotzen jarraitzen du; baina ongizatearekin erlazionatutako beste indize batzuk egonkortu eta, kasu batzuetan, jaitsi ere egin dira, adibidez, Estatu Batuetan, Kanadan..."

BPG-aren fetitxismoa

Grafiko honek sistema ekonomikoa sistema globalaren barruan irudikatzen du.

Buenok ere aipatu du BPGaren gaia: "Konturatzen zara balantze orokorra ez dela positiboa diruaz gain beste kapitalak ere kontuan hartzen badituzu. Eta, zentzu horretan, Tim Jackson, eta bereziki Herman Daly, duela urte pila bat hasi ziren BPGaren ordez beste adierazle ekonomiko batzuk proposatzen". ISEW indizea da Dalyren proposamena: Index of Sustainable and Economic Welfare . "Hori aintzat hartuta aztertzen badugu ekonomiaren bilakaera, orain dela 30 urtetik hona, BPGa gorantz doa, baina balantze orokorra behera doa", adierazi du Buenok.

Beste adierazle bat aztarna ekologikoa da. Horri buruz, Buenok dio, azterketen arabera, gizateriaren aztarna ekologikoak duela 30 urte gainditu zuela planetaren bioahalmena. "Zergatik? Guztiz beteta dagoen planeta batean bizi garelako, hau da, planeta mugatua delako, eta ez da hondakin eta isuri gehiago hartzeko gai. Eta horren ondorioak nabaritzen ari gara dagoeneko, adibidez, klima-aldaketa".

Buenoren iritziz, horren irtenbidea da, lehenik, kontuan hartzea egoera zein den, eta, gero, buelta ematea. "Baina ingurumen-ekonomia ez da heltzen horra; ez da nahikoa. Hori da gertatzen ari dena".

Trantsizioa eta desazkundea

NBEren 2011ko ekaineko bileran, ekonomia berdea izan zen Asha-Rose Migiro zuzendari nagusiordeak eman zuen hitzaldiaren gaia. Arg. Devra Berkowitz/UN Photo CC

Pascuali ere ez zaio nahikoa iruditzen ingurumenari balioa ematea. Are gehiago, arriskutsua ere iritzi dio baliabide naturalak merkatuan sartzeari: "Merkatua ez da neutroa, eta botere ekonomiko handiena dutenek ahalmena dute merkatuan eragiteko".

Hori guztia kontuan hartuta, sistema aldatzeko beharra dagoela aldarrikatzen dute askok. Alabaina, Pascualek ez du uste hori "egun batetik bestera" egin daitekeenik, eta trantsizio bat egotea proposatzen du, "ekonomiak erabiltzen dituen materiala eta energia murriztean oinarrituta". Beste era batera esanda, "desazkunde material"aren alde agertu da Pascual. Hala ere, Pascualek argi utzi nahi du desazkundea ez dela teoria bat; "ez dago desazkundearen teoriarik; ikur bat da, mugimendu bat".

Azaldu duenez, hainbat pentsalarik eta ekonomialarik, "baita Nobel saria jaso duen ekonomialari batek ere [Joseph Stiglitz-ek]", BPGaren etengabeko hazkundea fetitxismo bat dela esan dute. "Eta benetan da droga bat bezala. BPGarekiko mendekotasuna daukagu, petrolioarekiko mendekotasuna dugun bezalaxe. Eta oso zaila da, mendekotasun bat duzunean, ereduz aldatzea egun batetik bestera. Horregatik, beharrezkoa iruditzen zait trantsizio bat egotea, eta nire ustea da oraintxe hasi behar dugula. Planteatu behar dugu zer eredu ekonomiko eta sozial behar dugun, lortu ahal izateko ekonomia-sistema bat ekosistema globalaren barruan modu orekatuan funtzionatuko duena. Horretarako bidean, desazkundea izan daiteke tresna bat".

Horrez gain, galdera hau egin du Pascualek: "Nori egiten dio mesede BPGaren hazkundean eta baliabide naturalen narriaduran oinarritzen den eredu ekonomiko honek? Horri erantzutea komeni zaigu, sorgin-gurpil hori nola sortu den eta zergatik jarraitzen duen jakiteko. Hain zuzen, hori litzateke eredua aldatzeko lehen pausoa".

Atzera bueltarik gabe

Baliabide naturalak agortzea orain arteko sistemaren ondorioetako bat baino ez da. Irudian, urre- eta diamante-bilatzaileak, Sierra Leonan. Arg. Aitor Azpiroz/CC BY-NC-ND

Edonola ere, Pascualek uste du oraingo krisia aukera ona dela egoera aldatzeko: "Finantza-krisiak eta ingurumen-krisiak bat egin dute, eta era askotara daude erlazionatuta. Horren adibide dira, besteak beste, elikagaiak. Elikagaiak izugarri garestitu dira, baina ez behar baino gutxiago ekoizten delako, baizik eta beste faktore batzuengatik, hala nola bioerregaien ekoizpena edo lurren jabe egitea ( land grabbing). Lehen lurra ez zen salerosten, baina orain merkatuan dago, eta korporazio handiak lurra erosten ari dira Afrikan, Asian... ikusten dutelako etorkizunerako gordailu onena dela, bai elikagaiak bai erregaiak sortzeko".

Buenok ere atzera bueltarik gabeko unean gaudela iritzi dio, eta Europako administrazioak ere oso kezkatuta daudela nabarmendu du: "Kontua da nola azaldu hori jendeari. Baina, adibidez, iaz 2050erako ibilbide-orria atera zuen Europako Batzordeak, eta hor azaltzen diren gauza batzuk oso gogorrak dira. Esaterako, energiaren ibilbide-orrian (Energy Roadmap 2050), aurreikusten dute 2050ean energia-kontsumoa 2005-2006an baino % 41 txikiagoa izango dela. Hau da, onartzen ari dira Europan energia-kontsumoaren gailurra izan dugula jada, 2005-2006an; etorkizunean ez dugu inoiz orduan bezainbeste energia kontsumituko. Eta, helburu moduan, esaten dute CO 2 -isurketek 1990eko datuen % 80-95 artean egon behar dutela".

Buenoren esanean, energia-kontsumoa hainbeste gutxitzea neurri handi batean eraginkortasuna hobetuta lor daiteke, eta, CO 2 a gutxitzeko, berriz, energia-iturri berriztagarriak erabil daitezke. Hala, Europako batzordearen ibilbide-orrian azaltzen denez, 2050ean kontsumitzen den energiaren % 75 berriztagarria izan daiteke, eta elektrizitate-kontsumoan are handiagoa izan daiteke ehuneko hori, % 95ekoa, hain zuzen.

Dena dela, Buenok zalantza egiten du datu horiek "helburua ote diren, edo aurreikuspena". Baina errealitatea da erregai fosilak agortzen ari direla. "Eta ez erregai fosilak bakarrik; hor daude metal arraroak ere. Material horien hornidura arriskuan dago, eta egoera larria da. Esaterako, har dezagun niobioa. Zertarako erabiltzen da niobioa? Bada, funtsezkoa da aerosorgailuen zirkuitu magnetikoak egiteko; orduan, berriztagarrien garapenerako ere beharrezkoak dira metal arraroak. Beraz, Europar Batasuna oso kezkatuta dago kontu honekin, eta neurri batzuk proposatu ditu". Neurri horien artean daude merkatua kontrolatzen saiatzea, ordezkoak bilatzea, bai eta birziklatzea ere; "hau da, materialen fluxua ixtea", azpimarratu du Buenok. "Nik uste dut hau izugarria dela. Europar Batasuna ohartu da egoera zein den, baina orain gizarteari azaldu behar zaio, eta hor dago koxka".

Amaia Pérez Orozco, ekonomialari feminista
Azken boladan, ekonomialari askok hitz egiten dute ekonomia berdeari buruz. Zuk, ordea, beste era batera ulertzen eta aztertzen duzu ekonomia.
Bai. Ikuspuntu feministetatik, lehenengo planteamendua da ekonomia ez dela mugatzen merkatu-prozesuetara eta diru-fluxuetara. Ekonomia prozesu zabalago bat da, beharrizanak asetzeko eta bizitzari eusteko baliabideak sortzeko prozesuak bere barnean hartzen dituena. Eta, bizitza esatean, bizidun guztiez ari gara, gizakioz eta gainerako bizidunez.
Hori onartzeak bi ondorio dakartza. Batetik, merkatuak ebaluatzeko, kontuan hartu behar da bizitzari eusteko prozesuak erraztu egiten dituzten edo, aitzitik, eragotzi egiten ote dituzten. Adibidez, merkatu kapitalistak ekonomia antolatzeko moduetako bat dira, eta modu hori egokia den edo ez esateko, bizitzari eusteko prozesuei nola erantzuten dien begiratu behar da.
Beste ondorioa zera da, merkatuetatik kanpo, baliabideak sortzeko askoz esfera gehiago daudela. Horiek ez dute dirurik mugitzen, baina ezinbestekoa da haiek ere analisian sartzea.
Zein dira esfera horiek?
Diru-truke egiten ez duten lanekin dute zerikusia, hau da, historikoki emakumezkoek egin dituzten lanekin. Are gehiago, emakumetsunaren eraikuntzari lotu izan dira. Hori aintzat hartuta, krisia lehendik zetorrela uste dugu guk. Finantzen eztandaren aurretik, biziari eusteko prozesuak jada krisian zeuden: ordurako krisi ekologikoa globala zen, eta, gainera, Hego hemisferioko herrialde askotan, bizitzari eusteko prozesuak kolokan zeuden, alde materialetik, emozionaletik zein sozialetik. Horren adierazle dira elikagai-krisia, edo migratzera behartuta egotea, edo hezkuntza-sistematik kanpo geratzea, edo osasun-sistematik kanpo...
Iparraldeko herrialdeetan, berriz, krisia zaintza-krisi bat da, batez ere. Hau da, bizitza sortzearekin lotutako alderdi hori guztia, tradizionalki etxeetan eta ordaindu gabeko lanen bidez egin dena, etenda geratu da, emakumezkoak lan-merkatura ateratzean gertatu diren aldaketengatik. Horri gehitzen badiogu bizitza gero eta ezegonkorragoa dela, eta lana, berriz, gero eta malguagoa, gero eta zailagoa da antolatzea. Horren erakusgarri dira lana eta familia-bizitza bateratzeko legea atera izana, edo mendekotasun-legea. Hain zuzen, lege horiek zaintzaren gainean dauden arrakalen adierazle baino ez dira, eta erakusten dute guk garbi dugun hori: kapitala metatzeko prozesua eta bizitzari eusteko prozesuak kontraesanean daudela, ez direla bateragarriak.
Arg. © Amaia Pérez Orozco
Are gehiago: bizitzari eusteko prozesu guztiak ez dira ekonomikoki errentagarriak, eta, beraz, sistema kapitalistarentzat ez dira mesedegarriak. Adibidez, zahartzea langile-klasearen luxua da. Eta bizitza guztiak ere ez dira errentagarriak; horregatik, pertsona batzuk baztertuta geratzen dira, sistematik kanpo.
Hortaz, zure ustez, kontraesana dago kapitalaren eta bizitzaren artean.
Kontraesan sakona. Orduan, gizarte-taldea garen aldetik, erabaki behar dugu jarraituko dugun kapitala metatzen, edo lehentasuna emango diogun bizitzari eusteari. Sistema kapitalista definitzen duen oinarrizko ezaugarria horixe da: kapitala metatzeari ematen diola lehentasuna. Eta hori inoiz baino garbiago ikusi da finantzen eztanda gertatu denean. Ikusi besterik ez dago nola atera duten dirua baita harrien azpitik ere bankuei laguntzeko, urtetan esan bazaigu ere ez zegoela dirurik ezta oinarri-oinarrizko gauzetarako ere, hala nola txertoak jartzeko populazioaren zati handi bati.
Horrenbestez, kontua ez da badagoen edo ez dagoen, baizik eta zeri ematen zaion lehentasuna. Gainera, orain ikusten ari garenez, sistemak iraun dezan egiten ari diren ahalegina gizartearen bizi-baldintzen kontura egiten ari dira. Eta horrek gauza bera erakusten du: kapitala metatzean oinarritzen den sistemak du lehentasuna, eta ez bizitzari eusten dioten prozesuek.
Zer gertatzen da, orduan, bizitzari eusteko prozesuekin?
Feministok uste dugu bizitzak, jarraitu, jarraitzen duela, eta hori hala bada, etxeetan egiten den lan ezkutuari esker dela. Eta, hain justu, lan hori ikusezina izatea gako da sistemarentzat, bestela erori egingo bailitzateke. Horregatik, guretzat hori da eman beharreko lehen pausoa: etxe barruan eta ezkutuan dagoen hori guztia argitara ateratzea. Horrela, garbi geratuko da sistema bizitzaren aurkakoa dela. Gainera, ez da pertsonen bizitzara mugatzen. Horren adibide dira ingurumena suntsitzen duten industria-jarduerak; jarduera horiek, onura ekonomikoak sortzen badituzte, lehentasuna izango dute, ingurumenaren balioaren gainetik.
Hortaz, une hau aproposa da gertatzen ari dena ikusteko, hausnartzeko, eta aldaketara deitzeko. Izatez, aldaketak dagoeneko gertatzen ari dira, eta prozesu geldiezina da. Izan ere, eta horretan bat egiten dugu guztiz ekonomia ekologikoarekin, oraingo krisiak badu aurreko krisietatik bereizten duen ezaugarri bat: planetaren mugara iritsi garela. Ezin dugu gehiago ustiatu. Horregatik, bi galdera egiteko unean gaude. Lehenengo galdera da zer den ongi bizitzea. Eta bigarrena, nola nahi dugun kudeatu ongi bizitzeko behar diren baldintzak ezartzeko edo sortzeko ardura kolektiboa.
Ez dira galdera errazak.
Arg. Aitor Azpiroz/CC BY-NC-ND
Behar bada, ez dira izango. Baina guk badakigu ez dugula merkatu kapitalistarik nahi, merkatu kapitalistek ez diotelako erantzuten ongi bizitzeari, baizik eta beren logikari. Orduan, ez baditugu merkatu kapitalistak nahi, zer nahi dugu: estatu klasikoa nahi dugu, ala kudeatzeko modu berriak nahi ditugu?
Oraingo egiturarekin, bizitzari eusteko ardura ez da kolektiboa, baizik eta pribatua, etxe barrukoa eta ezkutukoa. Guk, berriz, hau nahi dugu: ongi bizitzeko ardura demokratizatu eta kolektibizatu.
Nola egin daiteke hori?
Hori da, nola? Hor dago koska. Lehenik, eztabaida hori irekitzeko beharraz jabetu behar dugu. Izan ere, ez dago irtenbide azkarrik, aurretik auziaren oinarria bera zalantzan jarri behar dugulako.
Orain alderantzizkoa egiten ari gara: urgentziazko neurrien bila ari gara, eta horrek funtsezko eztabaida sortzea eragozten du. Baina konturatu behar dugu oraingo sistema perbertsoa dela erabat. Perbertsio etikoetako bat da giza bizitza beste guztiaren gainetik jartzen dugula, eta uste dugula dena, planeta osoa, dagoela haren zerbitzura. Eta ez dugu ikusten hori gabe ez dagoela bizitzarik, ezta giza bizitzarik ere.
Beste perbertsio bat da norberak bere burua aski duela, inork ez duela beste inoren beharrik. Sinestarazi digute gizakia beregaina dela, eta ez gara ohartzen bizitza hauskorra dela, eta ingurukoekin dugun elkarrekintzari esker eusten diogula. Elkarrekintza hori onartu egin daiteke edo ezkutatu, orain egiten den bezala; eta izan daiteke simetrikoa edo asimetrikoa, hierarkikoa.
Alegia, ez gara konturatzen naturaren menpeko eta elkarren menpeko garenik. Hortik hasi behar dugu, ohartzetik bizitza hauskorra dela, eta zaindu egin behar dela. Eta, hori jakinda, lehen esandako bi galderei erantzuteko eztabaida ireki behar dugu: zer den ongi bizitzea, eta nola kudeatuko dugun horretarako behar diren baldintzak sortzeko ardura kolektiboa.
Kontua da galdera horiei erantzuteko eztabaida demokratikoa ireki behar dela, eta orain dugun egituraren barruan hori ezinezkoa da. Hortaz, lehen-lehenik, gai horiek eztabaidatzeko espazioa sortu behar dugu, baina zertarako jakinda. Horretan ari gara oraintxe.

Erantzunak

1

UNAI FERNANDEZ DE BETOÑO 2012/06/29

Asko gustatu zait erreportaje hau. Segi horrela!

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.