Zientzia, gorrei entzungor

Lakuntza Irigoien, Oier

Kimikan doktorea

Kimika Teorikoko Laborategia

Pertsona gor batek zientzialari aparta izatea eta artikulu garrantzitsu andana argitaratzea lor dezake. Gaur-gaurkoz, ordea, antolatzen diren kongresu eta topaketetan parte hartzeko zailtasunak izango ditu. Horrek zaildu egingo dio ikerketa-ildo berriak topatu eta beste zientzialariei bere lana ezagutzera ematea, eta ikerketa-jarduna oztopatuko dio.

zientzia-gorrei-entzungor
Littlekidmoment/ Shutterstock

Gaur egungo zientzia talde-jarduera bat den heinean, beharrezkoa da batean eta bestean diharduten ikertzaileek beren emaitzak elkarbanatu eta izan ditzaketen arazo eta galderen berri elkarri ematea. Helburu horrekin egiten dira tarteka zientziaren ikerketa- nahiz dibulgazio-mailako kongresu, sinposio eta bestelako topaketak.

Halaber, zientzia mundu mailako jarduera gisa ulertu behar da, leku batean fenomeno bati ematen zaion azalpen zientifikoak berdin balio behar bailuke munduaren beste muturrean ere. Hala, erabiltzen den metodo zientifikoa findu, eta teknika osagarriak erabiltze aldera, ikerketa-lerro berarekin lanean aritzen dira munduaren bi ertzetako ikertzaileak sarri. Zentzu horretan ulertu behar da zientzia mailan ingelesak duen nagusitasuna ere. Funtsean, tokian tokiko ikertzaileetara mugatutako topaketak salbu, halakoak ingelesez izaten dira kasurik gehienetan.

Horrenbestez, eta kasurik gehienetan ekitaldi horietan ahozko jarduna bilatzen dela kontuan izanik, agerikoa da entzumen-arazoak dituen jendeak haietan parte hartzeko zailtasun handiak izaten dituela. Funtsean, entzumen-galera doia bolumena igoz edo audiofonoak erabiliz konpon badaiteke ere, arazo handiagoak dituen jendearen kasuan, soinuak (hitzak) bereizteko zailtasunak agertzen dira. Normala denez, arazo hori are nabarmenagoa izaten da nork berea ez duen hizkuntza bat entzun behar izaten duenean.

Gaur-gaurkoz, ordea, kongresu nahiz ekitaldi zientifikoetan ez zaie era horretako arazoei irtenbiderik bilatu izan. Funtsean, zientzialari gorrentzat aski litzateke kongresu edo topaketa horietan hitzaldiak keinuen hizkuntzara itzuliko lituzkeen interprete bat jartzea. Halaber, interprete bat bilatzeko arazoak izanez gero, hizlariaren jarduna azpititulatzea ere konponbide erraza litzateke. Entzumen apur bat daukaten entzuleen kasuan, hitzaldiak nork bere hizkuntzan entzuteko aukera izatea ere oso lagungarria litzateke. Halakoetan, ordea, nekeza izaten da aldibereko itzulpenak egiten dituen jendea aurkitzea.

Aipaturiko konponbide horiek guztiak aski ezagunak dira zientziaren mundutik at. Ikerketa-munduak, ordea, arazo horiei ezikusiarena egiten diela dirudi, halako jendea maila honetara iristea ezinezkoa balitz bezala.

Funtsean, komunikazioa zailtzen duten arazo horiek askoz eramangarriagoak izaten dira buruz buruko harremanetan, entzulego zabal bati egiten zaizkion hitzaldietan baino. Hori dela eta, entzumen-arazoak dituen zientzialaria hizlariarengana hurbildu beharko litzateke hitzaldiaren inguruko galderak egin behar badizkio. Hori, ordea, nork bere kabuz egin beharreko bilaketa izaten da, eta nekez izaten da laguntzarik antolakuntzaren aldetik. Funtsean, kongresu horietarako izen-emateetan ere, ez da balizko ezintasunen inguruko inolako aipamenik egiten, eta nork bere taldekide eta ingurukoak mugitu behar izaten ditu bere behar gehigarriei erantzuteko.

Labur esanda, entzumen-arazoak dituzten ikertzaileek beren lanerako oztopo handirik ez daukatela badirudi ere, beste ikertzaileekin harremanetan jarri eta antolatzen diren ekitaldietan parte hartzeko eragozpenak izaten dituzte. Hala, ekitaldi horietan ez izateak, sarritan, beren lana ezkutuan geratu eta beren ikerketaren jarduna oztopatzea dakar.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.