Telefono berria gorrentzat

Entzumen-arazoak dituztenentzat, telefonoz hitz egin ahal izateko beste tresna bat asmatu dute.

Entzumen-arazoak dituztenentzat, telefonoz hitz egin ahal izateko beste tresna bat asmatu dute. Orain arte, bideofonoa eta testufonoa zeuden, baina biek ere eragozpen handiak zituzten. Berria, ordea, askoz erabilerrazagoa da. Berez, programa informatiko bat da, Synface izenekoa, eta soinuen ezagutza eta irudi digitala uztartzen ditu. Telefono arrunt bat eta ordenagailu bat besterik ez dira behar, eta, programa informatikoari esker, ordenagailuaren pantailan agertzen den aurpegi digitalaren ezpainetan irakur dezake gorrak lagunak esaten diona.

Speech

Soinuaren eta ezpainen mugimenduaren artean 200 milisegundoko atzerapena besterik ez dago, beraz, era naturalean komunikatzea ahalbidetzen du. Sinkronizazio hori lortzeko, programak ez du itxaroten hitza bukatu arte; hitzak ezagutu beharrean, soinuak ezagutzen ditu, eta soinu horien arabera mugitzen ditu ezpainak aurpegi digitalak. Horregatik, edozein hizkuntzatan erabil daiteke, soinu berriak sartzeko moldaketa txiki batzuk besterik ez dira egin behar oinarrizko programan.

Egitasmoa abenduan bukatzen da, baina dagoeneko egin dituzte lehenengo probak, eta oso emaitza onak izan ditu. Europako Batasunak lagundutako proiektua da, eta jende askorentzat lagungarria izango delakoan daude. Bestelako aplikazioak ere izan ditzake, adibidez, aireportuetan eta geltokietan ematen diren oharrak pantailen bidez ere emateko, edo PDAetan eta telefono mugikorretan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila