Entzumen-arazorik ez duten haurrek ere keinuen bidezko lengoaia ikasten dute

Hizkuntzalarien helburu nagusietako bat hizkuntzaz jabetzeko erabiltzen ditugun mekanismoak aztertu eta ezagutzea da, eta, horretarako, oso garrantzitsua da haurren hizkuntz gaitasunaren bilakaeraren jarraipena egitea. Oraingo honetan, AEBetako hainbat hizkuntzalari entzumen-arazorik ez duten haur txikiek eskuekin egiten dituzten keinuak aztertzen aritu dira.

Grabatutako bideoetan ikus daitekeenaren arabera, haurrei keinuen bidez hitz eginez gero, beraiek ere kode horretan berba egin nahian hasten dira, eta, ahozko mintzairarekin bezala, silaba solteak “ahoskatzen” dituzte. Hizkuntzalarien ustez, haurrak hizkuntza guztiek —ahoz zein keinuz hitz egin— duten erritmoaz jabetzeko gai direla erakusten du horrek.

Egiten dituzten keinuek esanahirik ez dutela ere pentsa genezake, baina hori ere kontuan hartu dute ikertzaileek. Dirudienez, hizketan ari direnean keinuen erritmoa geldoagoa da eta, gainera, gorputzaren aurrealdeko keinu-eremuan egiten dituzte, ez edonola.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila