Soja-produktu askotan aipatzen da sojak eragin onuragarria duela zirkulazio-aparatuan. Alabaina, zirkulazio aparatuaren eta nutrizioaren arteko erlazioa ikertzen duen AHA AEBetako erakundearen arabera, azken ikerketetan ez dute lortu hori frogatzerik.
Egia da sojaz egindako hainbat produktu (hanburgesak, saltxitxak, tofu...) animalia-jatorrikoak baino osasungarriagoak direla; eta, beraz, zirkulazio-aparatuko arazoak dituztenei mesede egiten die sojazkoak hartzeak besteen ordez. Halaber, badirudi egunean hartzen den proteinaren erdia baino gehiago soja-proteina bada, LDL-kolesterolaren kontzentrazioa jaitsi egiten dela odolean, eta hori ere onuragarria da osasunerako. Baina normalean ez da hainbeste soja-proteina jaten.
Bestalde, sojaren isoflabonei eragin mesedegarri asko egozten zaizkie, bai zirkulazio-aparatuan, bai minbizia prebenitzean ere. Ikerketa klinikoetan, ordea, ikusi dute isoflabonek ez dutela uste zuten eragina bularreko, endometrioko eta prostatako minbizietan. Nolanahi ere, zientzialariek gaia ikertzen jarraituko dute.