Ezohiko arrasto organikoak, duela 75 milioi urteko dinosauroen fosil arruntetan

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

ezohiko-arrasto-organikoak-duela-75-milioi-urteko-
Teropodo baten hatzaparra. Fosil horretan aurkitu dituzte gobulu gorrien itxurako egiturak. Arg. Laurent Mekul

Globulu gorriak eta kolageno-zuntzak diruditen egiturak atzeman dituzte Londresko Imperial Collegeko ikertzaile batzuek, duela 75 milioi urteko dinosauroen fosiletan. Aztertutako zortzi hezur-zatietatik seitan detektatu dituzte egitura organikoen arrastoak. Ikertzaileen esanean, aurkikuntzak adierazten du uste baino ohikoagoak izan daitekeela ehun bigunen hondarrak dozenaka milioika urteko fosiletan. Izan ere, nahita aukeratu dituzte aparteko kontserbazio-kondiziorik ez zuten laginak, ikerketa egiteko.

Lehenago ere aurkitu dira osagai organikoen arrastoak aztertutakoak bezain fosil zaharretan, baina bereziki ondo kontserbatutako aleak izaki, salbuespentzat hartu izan dira. “Ontzat eman da proteinek ez dutela irauten lau milioi urtez baino gehiagoz —adierazi dute ikertzaileek Nature Communications aldizkarian argitaratutako artikuluan—, “eta arrasto partzialak besterik ez direla kontserbatzen luzaroago”.  Alabaina, “orain aurkeztutako emaitzek iradokitzen dute jotzen zen baino fenomeno arruntagoa dela ehun bigunak eta proteinen egitura konplexuagoak ere gordetzea”, gehitu dute.

Dinosauro-saihets batetik hartutako laginaren egitura, ekorketazko mikroskopio elektroniko bidez. Mineralizatutako zuntzak ikusten dira irudian. Arg. Sergio Bertazzo

Londresko Historia Naturalaren museoko bildumakoak dira aztertutako laginak (dinosauroen bi klado nagusietako ordezkariak hautatu dituzte). Transmisiozko mikroskopio elektronikoa (TEM), ekorketazko mikroskopio elektronikoa (SEM) eta beste zenbait teknika osagarri baliatu dituzte aipatutako egiturak behatzeko. Konposizioa, berriz, masa espektrometria bidez aztertu dute. Hala, ikusi dute globulu gorrienak diruditen egituren osaerak antz handia duela emu hegaztiaren zelulenekin. Horrez gain, kolagenoaren egitura txirikordatua behatu dute, eta proteina osatzen duten aminoazidoen  arrastoak ere detektatu dituzte. 

Denbora-eskala geologikoan proteinak kontserbatzeak aukera ematen du aspaldi desagertutako animalien fisiologia eta portaera ikertzeko. Horregatik, “fosilik xumeenak ere merezi lezake analisi molekular bat”, esan dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.