Duela ehun urteko laborarientzako artikuluen bilduma

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

duela-ehun-urteko-laborarientzako-artikuluen-bildu

Liburu honek bi idazle ditu, Arnaut Abadia eta Kepa Altonaga. Egia esanda, Abadiak duela ehun urte baino gehiago idatzitako zutabeen bilduma da testu nagusia. Laborarientzat idatzitako testuak ziren, haien interesekoak izan zitezkeen gaiak azalduta. Tartean, animaliei buruzko informazio asko dago, uztarentzat kaltegarri edo onuragarri izan daitezkeen animaliei buruzkoa adibidez. Altonagak editore-lana egin du, animaliei buruzko 45 testu aukeratuta eta Pamiela etxearekin argitaratuta. Hala adierazten du liburuaren azalak, alegia, Arnaut Abadiaren zoo ilogikoa dela, Kepa Altonaga biologo eta dibulgatzailearen edizioaz aurkeztua.

Hala ere, Altonagak hori baino gehiago egin du. Abadiaren bizitzari eta idazlanari buruzko aurkezpen zabal bat egin du, haren testuingurua eta nondik norakoak azalduta. Altonagak berak dioen bezala, Abadiaren biografia "idazteke dago" oraindik, baina hari buruzko datu asko dira ezagunak, bai haren garaikideek idatzitakoari esker, bai eta haren idazlanetan jasotakoari esker ere.

Arnaut Abadia Ipar Euskal Herrian bizi izan zen XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran. Jaun kalonjea zen, Larresoro Seminarioko zuzendaria, eta berrogei urtez idatzi zuen Baionako Euskalduna astekarian Laborarier izeneko sailean.

Gai asko aipatzen ditu zutabeetan. Altonagak aukeratu dituenen artean, esate baterako, sagarrei kalteak eragiten dizkieten zomorroak, suge pozoitsuak eta pozoirik gabekoak, ganadua, garaian garaiko txoriak eta abar. Ikuspuntu modernotzat har daitezkeen gaiak ere azaltzen dira. Adibidez, txerriak nola hil aztertzen duen "Behar gabeko minik ez egin" zutabea sartu du Altonagak liburuan, interes handikoa.

Liburua Asisko Urmenetaren marrazkiz jantzita dago. Testuek, marrazkiek eta azal biguneko argitalpenak oso itxura erakargarria ematen dio liburuari. Liburu osoa da XX. menderako jauzi bat, Ipar Euskal Herriko nekazaritza-giroan animaliak nola ikusten ziren ulertzeko aukera paregabea. Eta, horretaz gain, Arnaut Abadia bera --Euskal Herrian izan den euskarazko dibulgatzaileen aitzindarietako bat-- ezagutzeko aukera ederra da.

Liburuaren sorreraren nondik norakoak Kepa Altonagaren hitzetan irakurri ahal izango dituzue ekaineko zenbakian argitaratuko den elkarrizketan.

Arnaut Abadiaren zoo ilogikoa
Arnaut Abadia
Kepa Altonagaren edizioa
Pamiela 2011
216 x 151 mm
ISBN: 978-84-7681-702-5

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.