Jesus Altuna Etxabe Arkeologoa

“Ez dakiguna, zera da: zertarako irudikatzen zituzten”

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Jesus Altuna Etxabe Berastegin jaioa da, 1932an. Filosofia eta Teologiako ikasketak egin zituen Gasteizko eta Donostiako apaizgaitegietan, eta Biologia Zientzietako lizentziako ikasketak, Madrilgo Complutense Unibertsitatean. Alemaniako ikerketa zentroetan, Paleoantropologiako eta Arkeozoologiako jakintza jaso zuen, eta ibilbide oparoa egin du arlo horietan, askotan, indusketen zuzendari gisa.

Altuna Euskal Unibertsitateko irakasle jubilatua da, eta Jakiundeko kidea. Horrez gain, Aranzadi Zientzia Elkarteko Historiaurreko Arkeologia Saileko lehendakari eta Munibe aldizkariaren zuzendari izan da, baita nazioarteko hainbat aldizkari zientifikoen batzordeetako kide. Sari ugari jaso ditu, tartean, Zientzia Ikerketako Ibáñez Martín Saria, Xabier Maria Munibe Saria, Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxaren Giza eta Gizarte Zientzien Saria, Eusko Jaurlaritzaren Lan Onari Goraipamena, eta 2004ko Euskadi Ikerketa Saria.

 

ez-dakiguna-zera-da-zertarako-irudikatzen-zituzten

 

Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Arkeologia arloan lau urte neramatzala lanean, Altxerriko labar-irudiak aurkitu ziren, eta handik zazpi urtetara, Ekaingoak. Ordu asko eta asko igaro ditut bi kobazuloetan. Paleolitikoko labar-arteari buruz gauza asko dakigu: non, noiz eta nola izan ziren pintatuta. Baina ez dakiguna zera da: zergarako irudikatzen zituzten hauek. 

Eta hori da, hain zuzen, gehien interesatzen zaiguna. Eta kasu hauetan teoriak sortzen dira. Buru-hezurrak fosilizatu egiten baitira, baina ez hala ideiak. Zertarako sartzen ziren kobazuloetako sakontasun urrunean pintatzera? Zergatik pintatzen zuten Ekainen ehizatzen ez zuten hura? Izan ere, oreinak eta basahuntzak harrapatzen zituzten, gehien bat, ez hala zaldirik. Baina oso ondo ezagutzen zituzten hauek, ezin hobeto irudikatzen baitzituzten. Guk margolan bat erosten badugu, agerian jartzen dugu ikusgai. Ez dugu pianoaren azpian ezkutatzen. Haiek, ordea, hala egiten zuten, pianoaren azpian jartzen zituzten. Kobazuloaren sarreran bizi ziren, argia zuten lekuan; barruan ez da bere eguneroko ezer aurkitzen, pinturak bakarrik. Horrek harritzen ninduen eta harritzen nau oraindik ere izugarri.

 Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahi zenuke?

Gizakiaren iragana aztertu dudanez, eta etorkizun luzerik ez dudanik aurrean, aintzinako hainbat garairen eta aurkikuntzaren artean interesgarrienetarikoa aipatu beharrean nago. Esanguratsuenetako bat, eta lekuko izatea gustuko nukeena, Mesopotamian gertatu zen, orain 10.000 bat urte, gizakiak ardia, ahuntza, eta beste espezie batzuk etxekotu zituenean. Etxekotzearen edo domestikazioaren aurkikuntza, nekazaritzarekin batera, gizateriaren aurrerapen handienetako bat da. Berari esker, gizakiaren ekonomiaren oinarriak funtsezko eraldaketa izan zuen. Etxekotzeak komunitateen bizitzeko eran eta ekonomian iraultza sortu zuen, aztarna ezabaezina utziz gizakiaren historian. Ordura arte nagusi eta ezinbesteko zen ehiza, bigarren mailako eginkizuna bihurtu zen, eta beranduago, kirola. Hori dela eta, hain zuzen ere, deitzen zaio momentu hari, non gizakiak basati bat ekoizpen-animalia bat bihurtzen duen, “neolitoko iraultza”.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.