Jesus Altuna Etxabe Arkeologoa

“Ez dakiguna zera da: zertarako irudikatzen zituzten”

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Jesus Altuna Etxabe Berastegin jaioa da, 1932an. Filosofia eta Teologiako ikasketak egin zituen Gasteizko eta Donostiako apaizgaitegietan, eta Biologia Zientzietako lizentziako ikasketak Madrilgo Complutense Unibertsitatean. Alemaniako ikerketa-zentroetan, paleoantropologiako eta arkeozoologiako jakintza jaso zuen, eta ibilbide oparoa egin du arlo horietan, askotan indusketen zuzendari gisa.

Altuna Euskal Unibertsitateko irakasle jubilatua da, eta Jakiundeko kidea. Horrez gain, Aranzadi Zientzia Elkarteko Historiaurreko Arkeologia Saileko lehendakari eta Munibe aldizkariaren zuzendari izan da, baita nazioarteko hainbat aldizkari zientifikoren batzordeetako kide. Sari ugari jaso ditu; tartean, Zientzia Ikerketako Ibáñez Martín Saria, Xabier Maria Munibe Saria, Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxaren Giza eta Gizarte Zientzien Saria, Eusko Jaurlaritzaren Lan Onari Goraipamena, eta 2004ko Euskadi Ikerketa Saria.

 

ez-dakiguna-zera-da-zertarako-irudikatzen-zituzten

 

Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Arkeologia-arloan lau urte neramatzala lanean, Altxerriko labar-irudiak aurkitu ziren, eta. handik zazpi urtera, Ekaingoak. Ordu asko eta asko igaro ditut bi kobazuloetan. Paleolitikoko labar-arteari buruz gauza asko dakigu: non, noiz eta nola pintatua den. Baina ez dakiguna zera da: zertarako egiten zituzten irudi haiek. 

Eta hori da, hain zuzen, gehien interesatzen zaiguna. Eta kasu horietan teoriak sortzen dira. Buru-hezurrak fosilizatu egiten baitira, baina ez hala ideiak. Zertarako sartzen ziren kobazuloetako sakontasun urrunean pintatzera? Zergatik pintatzen zuten Ekainen ehizatzen ez zuten hura? Izan ere, oreinak eta basahuntzak harrapatzen zituzten gehienbat, ez hala zaldirik. Baina oso ondo ezagutzen zituzten hiek, ezin hobeto irudikatzen baitzituzten. Guk margolan bat erosten badugu, agerian jartzen dugu ikusgai. Ez dugu pianoaren azpian ezkutatzen. Haiek, ordea, hala egiten zuten, pianoaren azpian jartzen zituzten. Kobazuloaren sarreran bizi ziren, argia zuten lekuan; barruan ez da haien eguneroko ezer aurkitzen, pinturak bakarrik. Horrek harritzen ninduen eta harritzen nau oraindik ere izugarri.

 Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahi zenuke?

Gizakiaren iragana aztertu dudanez, eta etorkizun luzerik ez dudanez aurrean, aintzinako hainbat garairen eta aurkikuntzaren artean interesgarrienetarikoa aipatu beharrean nago. Esanguratsuenetako bat, eta lekuko izatea gustuko nukeena, Mesopotamian gertatu zen, orain hamar bat mila urte, gizakiak ardia, ahuntza eta beste espezie batzuk etxekotu zituenean. Etxekotzearen edo domestikazioaren aurkikuntza, nekazaritzarekin batera, gizateriaren aurrerapen handienetako bat da. Hari esker, gizakiaren ekonomiaren oinarriak funtsezko eraldaketa izan zuen. Etxekotzeak iraultza sortu zuen komunitateen bizitzeko eran eta ekonomian, eta aztarna ezabaezina utzi gizakiaren historian. Ordura arte nagusi eta ezinbesteko zen jarduera, ehiza, bigarren mailako eginkizun bihurtu zen, eta beranduago, kirol. Hori dela eta, hain zuzen ere, deitzen zaio momentu hari, non gizakiak animalia basati bat ekoizpen-animalia bihurtzen baitu, “Neolitoko iraultza”.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila