Lekukoak

Itziar Alkorta Calvo Biokimikaria

“Nahiko nuke gure artean sareak eratzea, lerroak eratu beharrean”

2016/03/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Biofisika Unitateko zuzendari izateak ez dio tarte handirik uzten beste ezertarako, eta, hala ere, topatu du une bat Elhuyar aldizkariaren galderei erantzuteko. Eskuzabala izan da, gainera, bina erantzun eman baitizkio galdera bakoitzari. Besteak beste, dei egin die zientzialariei, haiek ere eskuzabaltasunez jokatu dezaten, bai beren lana elkarren artean partekatzeko, bai gizartearekiko arduratsu izateko.

Jesus Arregi Bengoa Astrofisikaria

“Oso garbi dut zer gustatuko litzaidakeen, bizia aurkitzea”

2015/12/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Jesus Arregik berehala erantzun dio Elhuyarren eskaerari. Hain zuzen ere, Elhuyarren ohiko kolaboratzailea da. Hala, sarritan parte hartu du aldizkarian, Norteko Ferrokarrilla irratsaioan, Teknopolis telebista-saioan zein Elhuyarren Zientzia eta Teknologia Hiztegi Entziklopedikoan, besteak beste. Oraingoan ere, ez du hutsik egin, eta erantzun mamitsuak eskaini ditu.

Marta Macho Stadler Matematikaria

“Ziur aski, Poincaréren aierua frogatzea da gehien eragin didana”

2015/09/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Espainiako Matematikaren Errege Akademiaren (RSME ) Domina jaso berritan erantzun die Marta Macho Stadlerrek atal honetako bi galderei. Dominak aitorpena ematen die matematikaren arloan ekarpenak egin dituztenei; Machoren kasuan, haren dibulgazio-lana azpimarratu du RSMEk, baita berdintasunarekin duen konpromisoa eta matematika-irakasleen artean zubiak eraikitzeko gaitasuna ere. Hala ere, elkarrizketan, Machok argi utzi du batez ere eta guztiaren gainetik matematikaria dela.

Fernando Plazaola Muguruza EHUko Ikerketaren arloko errektoreordea

“Gustatuko litzaidake gure herrian denak bat egitea ikerketaren munduan”

2015/06/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Ez da erraza izan Plazaolarekin hitz egitea; ez elkarrizketari uko egiten ziolako, inondik inora ere ez, baizik eta ezin zuelako tarterik topatu. Behin tartea hartuta, ordea, jario biziz erantzun die galderei, zalantzarik egin gabe. Nonbait, bere ibilbidean zerk txunditu duen bezain garbi du zer nahi duen etorkizunerako.

Enkarni Gomez Genua Zientzialari feminista

“Zientzia ez da letra larriz idatzitako balio horien jabe, hortik oso urruti gaude”

2015/03/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Eztarria urratua izanagatik, oso garbi eman ditu erantzunak Gomez Genuak. Zientziarekiko eta ikerketen helburuekiko kritiko ageri da, eta, aurrera begira jarrita ere, nahiago du atzera begiratu, eta gogoeta egin. Are gehiago, hori izango litzateke hari gustatuko litzaiokeen iraultzaren lehen pausoa: atzera begiratzea eta jabetzea nolako gizartea ari garen eraikitzen.

Juan Ignacio Pérez Iglesias Fisiologian katedraduna

“Harritzen nau jendeak pentsatzeak errealitatea guk hautematen dugun bezalakoa dela”

2015/02/16 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Juan Ignacio Pérez Iglesiasek argi eman ohi du bere iritzia. Oraingoan ez zuen zertan bestelakoa izan, eta halaxe, zehatz eta zorrotz, erantzun die galderei. Hori bai, argi utzi nahi izan du dagoeneko ez dela ikertzailea, duela urte batzuk utzi baitzuen ikerketa-mundua. Geroztik, beste lan batzuetan aritu da, ikertzaile-sena galdu gabe baina.

Itziar Aretxaga Mendez Astrofisikaria

“Iraultzak, gehienetan, ezustean aurkitutako zerbaiten ondorio dira”

2015/01/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Itziar Aretxagak Mexikotik erantzun die galderei, posta elektroniko bidez. Hain zuzen ere, ohituta dago bitarteko hori erabiltzen Elhuyarrekin eta hemengo besteekin komunikatzeko. Hala, urruti egon arren, hurbil sentitzen dute ezagutzen dutenek, eta hurbiltasun horrekin eman ditu erantzunak. Aitortu duenez, galaxiak noiz sortu ziren jakitearekin egiten du amets.

Jesus Ugalde Uribe-Etxebarria Kimika Fisikoko katedraduna

“Ironikoa bada ere, orain gehien erakartzen nauena alderantzizkoa da”

2014/12/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Jesus Ugaldek berehala erantzun du baietz, galderei erantzungo diela. Hala ere, aitortu du beldur dela ez diola zuzen erantzungo lehen galderari; ez omen da bere memoriarekin fio. Erantzutean, ordea, ez du zalantzarik egin: egitura kimikoa ezagututa materiaren ezaugarriak jakin ahal izateak kateatu zuen kimikaren mundura. Geroztik, horretan dabil lanean eta ikertzen, jakin-mina ez baitzaio agortu.

Arrate Plazaola Onkologoa

“Lehen minbizia heriotza zen; orain, berriz, minbizi-mota batzuk kroniko bihurtzea lortu dugu”

2014/11/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Arrate Plazaolak, beste batzuek bezala, esan du galderak zailak iruditzen zaizkiola, bai lekuko izateko gonbidapena jasotzean (telefonoz), bai galderak erantzuten hasi aurretik (Onkologikoko bere bulegoan). Hala ere, beste inork baino lehenago onartu du gonbidapena, eta berehala erantzun die galderei. Eta erantzun argiak eta laburrak eman ditu, zalantzarik egin gabe.

Kepa Altonaga Sustatxa Zoologo, irakasle eta zientzia-dibulgatzailea

"Hori egin behar dugu: dakiguna atondu beharrean, ezagutzen ez duguna ikertu"

2014/10/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Kepa Altonagaren erantzunak ezagututa, ezin da esan egoera baikorra denik. Izan ere, biodibertsitateari buruz egin du gogoeta, eta arlo horretan ez du arrazoirik ikusten optimista egoteko, ez espezie-galerari erreparatuta, ez ikerketa-esparruaz ari denean ere. Hala ere, haren hitzetan ez da etsipenik sumatzen; izatekotan, egindako bidearen eta urteen talaiatik luzatutako begirada da harena.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila