Iñaki Alegria Loinaz Informatikaria

“Teknologia guztia aho bikoa da”

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Ardurek eta lanek apenas uzten diote tarte librerik Iñaki Alegriari, baina ezin omen digu ezezkorik eman, eta gogo onez erantzun die bi galderei. Hori bai, aitortu du ez direla erantzuten errazak. Hala ere, nahikoa garbi ikusten du nondik joan daitekeen etorkizuna; ez du hain garbi, ordea, erabat gustukoa duen ekar dezakeena.

inaki-alegria-loinaz-teknologia-guztia-aho-bikoa-d
Arg. Jon Urbe/© ARGAZKI PRESS

Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Gure arloan aurrerapen handiak izan dira azken urteotan, ikaragarriak, baina zerbait nabarmentzekotan wifia esango nuke. Horrekin itxi zen begizta interesgarri bat: Informatika (aplikazioak) / Internet (komunikazio digitala) / Telefonia (erabilpen ia unibertsala). Horrela oso-oso indartsua zen zerbait eraiki zen.

Beste ikuspegi batetik, gogoan dut lehen birus informatikoekin esaten nuela “hori ezinezkoa da”, eta orain, begira! [barrez] Garai hartan irakasle nintzen sistema eragileetan eta arkitekturan, eta hasieran ez genuen uste posible izango zenik, baina gero ikasi genuen nola egiten ziren, eta zer neurri hartu behar diren.

Alderdi txarretik, berriz, aipatzekoa da zenbat dakiten Googlek eta horiek gutaz, eta nola erabiltzen duten guri buruzko informazioa, ia baimenik eskatu gabe. Eskaintzen digute oso zerbitzu ona, teorian ezer kobratu gabe, baina ordaindu, ordaintzen dugu, eta informazioa da prezioa. Azkenean, multinazional handi horiek estatuek baino botere handiagoa dute, informazio guztia baitute.

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke zure ibilbidean?

Ez naiz oso epe luzeko iragarpenak egiteko gai, baina, adibidez, uste dut hamar urte barru itzulpen automatikoa nahikoa garatua izango dugula, eta aukera izango dugula edonora bidaiatzeko, eta han guk gure hizkuntzan hitz egin, haiek berean erantzun, eta bakoitzak bere hizkuntzan entzuteko besteak esandakoa, telefono mugikor edo eskumuturreko baten eta entzuteko gailu baten bidez. Iruditzen zait egingarria dela epe ez oso luzean, eta uste dut hizkuntza txikietarako onuragarria izan daitekeela.

Beste maila batean, esango nuke hurrengo hamar urteetan aldaketarik handienak robotikaren eta adimen artifizialaren arloan ikusiko ditugula. Ez dakit, ordea, zer izango den. Gainera, teknologia guztia aho bikoa da, eta arlo honetan ez dut garbi ikusten zer bide hartuko duen. Baina aldaketa etorriko dela, hori ziur.

Iñaki Alegria Loinaz
Iñaki Alegria Loinaz (Donostia, 1957) Informatikan doktorea da. EHUko Informatika fakultatean irakasle-lanetan dabil, eta Ixa taldeko ikertzailea da. 2014tik, UEUko zuzendaria ere bada.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group