Itziar Alkorta Calvo Biokimikaria

“Nahiko nuke gure artean sareak eratzea, lerroak eratu beharrean”

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Biofisika Unitateko zuzendari izateak ez dio tarte handirik uzten beste ezertarako, eta, hala ere, topatu du une bat Elhuyar aldizkariaren galderei erantzuteko. Eskuzabala izan da, gainera, bina erantzun eman baitizkio galdera bakoitzari. Besteak beste, dei egin die zientzialariei, haiek ere eskuzabaltasunez jokatu dezaten, bai beren lana elkarren artean partekatzeko, bai gizartearekiko arduratsu izateko.

itziar-alkorta-calvo-nahiko-nuke-gure-artean-sarea
Arg. Itziar Alkorta
Biokimikaria

Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Karrera ikasi nuenean, testu-liburuetan zegoen informazio osoa aldaezina zela uste nuen. Baina gero, ikertzen hasi nintzenean ikertzen, konturatu nintzen hori ez dela horrela. Konturatu nintzen zientzia aldatzen dela, mugikorra dela. Horrek, garai hartan, harritu egin ninduen. Orain, berriz, sentitzen dut guk, zientzialariok, mugimendu horretan parte hartzen dugula, eta horrek asko asebetetzen nau.

Horrez gain, bada beste gauza bat eragin handia izan duena nigan, eta dago lotuta Berkeleyen egindako egonaldiarekin. Hain zuzen, doktoretza ondorengoa egin nuen han, Calvin Institutuan, Calvinek bere izena daraman zikloa argitu zuen lekuan. Eta ezagutu nuen berekin tesia egin zuen irakasle bat, ordurako oso zaharra zena. Hark kontatzen zidan zer baliabide gutxirekin egiten zituzten esperimentuak. Eta orain, ikusten ditudanean laborategiak, denak tresnaz beteta, eta ditugun metodologia berri guztiak, harrigarria egiten zait zenbat egiten zuten, ia ezerezekin. Pentsa zer-nolako ikertzaileak izan behar zuten, hain baliabide gutxi izan eta horrelako gauzak lortzeko.

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke zure ibilbidean?

Bakterioek antibiotikoekiko erresistentzia nola garatzen duten ikertzen dut nik. Antibiotikoak erabiltzen hasi ginenean, medikuntza aldatu zen guztiz, eta gaur egun ezin dugu bizi antibiotikorik gabe. Baina arriskuan gaude, bakterioak gero eta erresistenteagoak direlako. Hortaz, gustatuko litzaidake asmatzea nola kontrolatu hori. Hori gustatuko litzaidake, nire aldetik.

Zientzia ikuspegi zabalago batekin begiratuta, berriz, nahiko nuke zientzialariok ulertzea egiten duguna denontzat dela, gizartearena dela. Egia da zientzia-munduan gero eta gehiago dagoela ardura hori, baina uste dut denok eman behar dugula pauso bat. Horrez gain, gustatuko litzaidake gure arteko mugak zabaltzea eta besteekin konpartitzea gure lana, altruistagoak izatea. Izan ere, zientzian benetako aurrerapenak egiteko, uste dut beharrezkoa dela konpartitzea eta denon artean saiatzea gizartean dauden arazoak konpontzen. Nahiko nuke gure artean sareak eratzea, lerroak eratu beharrean.

Itziar Alkorta Calvo
Itziar Alkorta Calvo (Valladolid, 1964) EHUn lizentziatu zen, Kimikan, eta bertan egin zuen doktoretza ere, Biokimikan. Doktoretza ondorengoa, berriz, Berkeleyn egin zuen. Gaur egun, Biofisika Unitateko zuzendari da (CSIC-EHU ikastegi mistoa).

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group