Jesus Arregi Bengoa Astrofisikaria

“Oso garbi dut zer gustatuko litzaidakeen, bizia aurkitzea”

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Jesus Arregik berehala erantzun dio Elhuyarren eskaerari. Hain zuzen ere, Elhuyarren ohiko kolaboratzailea da. Hala, sarritan parte hartu du aldizkarian, Norteko Ferrokarrilla irratsaioan, Teknopolis telebista-saioan zein Elhuyarren Zientzia eta Teknologia Hiztegi Entziklopedikoan, besteak beste. Oraingoan ere, ez du hutsik egin, eta erantzun mamitsuak eskaini ditu.

jesus-arregi-bengoa-oso-garbi-dut-zer-gustatuko-li
Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Egia esan, ez dago aurkikuntza edo gertakari zehatz bat. Orain, adibidez, New Horizon zunda Plutondik gertu-gertutik igaro dela eta, harrigarria egiten zait nola garen gauza horrelako asmakuntzak kontrolatzeko, bederatzi urtetan hortik zehar ibili, hara iritsi, eta gauzak guk pentsatu bezala egiteko. Laster erretiratzeko adina izango dudan arren, halakoek zurtu egiten naute oraindik.

Beste era batera, harritzen nau baita nola jendea ez den jabetzen zientziaren balioaz. Erabiltzen dituzte telefono mugikorrak, ohartu gabe halako bat lortzeko zenbat jende aritu den lanean lehenik oinarrizko zientzian eta gero garapen teknologikoan, zertarako, eta agian esateko zalantzagarria dela gizakia Ilargira iritsi zela.

Ni benetan harritzen nauena da zientziak berez duen garatzeko indarra. Galdera batek beste bat ekartzen du, erantzun batek beste norabait joateko atea irekitzen baitu. Horrek egiten du jakintzan sakontzea eta zabaltzea. Hori niri harrigarria iruditzen zait, eta uste dut gizartea ez dela ohartzen eta ez duela aintzat hartzen. Nire iritziz, zientziak berezkoa du garatzeko indarra, baita gu garatzekoa ere, indarra, eta niretzat hori gehiago da ona txarra baino.

Horrekin lotuta, niri txundigarria iruditzen zait, ordenagailuak zabaldu direnetik, zer indar eman dion horrek zientziari, aurrera egiteko, zabaltzeko eta sakontzeko.

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke zure ibilbidean?

Oso garbi dut zer gustatuko litzaidakeen: bizia aurkitzea. Gure planetatik kanpo, noski, eta nahiz eta oso bizi xumea izan. Baina, Ilargira joan nahiko nukeen bezala, horixe da nire ametsa, bizia topatzea.

Eguzki-sisteman izango litzateke, oraingoz ezin baitugu joan beste izar batera, eta auskalo inoiz izango ote dugun hori egiteko aukera, distantzia izugarria baita. Baina eguzki-sisteman bertan badaude tokiak baldintza egoki samarrak dituztenak bizia garatzeko, oso modu xumean bada ere; adibidez, Jupiterren edo Saturnoren satelite-sistemetan. Badirudi han ura badagoela, likidoa gainera, beraz, tenperatura egokia izan daiteke... Nik hori nahi nuke.

Eta ez dut hain urruti ikusten. Gogoan dut duela urte batzuk, ez oso aspaldi, irratian esan nuela turismo espaziala ezagutuko genuela, eta handik gutxira jakin nuen bat joan zela espaziora, dirua ordainduta. Beraz, zergatik ez? Bizia topatuko bagenu, eta uste dut gerta daitekeela, iraultza kulturala izango litzateke. Gizartearen oinarriak aldatuko lituzke.

Jesus Arregi Bengoa
Jesus Arregi Bengoa (Aretxabaleta, 1958). Astrofisikan egin zuen doktore-tesia EHUn, eta, sortu zutenetik, Planeta Zientzien taldeko kidea da. Fisikako irakaslea da EHUn, eta hainbat liburu eta artikuluren egilea.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group