Hogeita zazpi urte zituen Silesia Garaira joan zenean. Han ikusi zuenak bizitza osorako markatu zuen. Berlingo bere laborategitik 500 km-ra, herrikideak hiltzen ikusi zituen, tifusak jota, eta gosez. Gobernuak eskatuta joan zen, tifus-epidemia haren aurrean zerbait egin beharko zutela eta. Hiru astez egon zen han. Txosten batean jaso zuen, zehatz-mehatz, egoera, eta proposatu zituen konponbideak: “Hiru hitzetan laburbildu daiteke: demokrazia osoa eta mugagabea“.
Medikua zen Rudofl Virchow. Eta, gaztea izan arren, ordurako bazuen izena. Ikerketa garrantzitsuak eginak zituen Charite unibertsitate-ospitalean, Berlinen. Leuzemia deskribatu eta izena eman zion urte pare bat lehenago, eta arazo kardiobaskularrak ikertu zituen; tronbosi eta enbolia terminoak ere berak jarri zituen.
Irtenbide medikoagoak espero zituen, noski, Prusiako Gobernuak. Baina Virchowek garbi ikusi zuen arazoa soziala zela batez ere. Minorizatutako eta pobretutako kolektibo poloniarra zen epidemiak jo zuena, eta, horren aurrean, “hezkuntza, eta haren alaba diren askatasuna eta oparotasuna”, izan ziren mediku gaztearen errezeta. “Ongi uler bedi: kontua ez da tifusa duen gaixo bat edo bestea botikekin tratatzea, edo elikagaiak, etxebizitzak edo jantziak erregulatzea. Degradazio moral eta fisikoaren maila baxuenean dauden milioi eta erdi herrikideren kultura da kontua. Milioi eta erdirekin, neurri aringarriek ez dute balio. Egoera konpondu nahi badugu, erradikalak izan behar dugu”.
Eta Virchowren proposamen erradikal horiek ziren, besteak beste, hezkuntza ama-hizkuntzan ematea (poloniera), poloniera hizkuntza ofizial egitea, autogobernu demokratikoa, eliza eta estatua banatzea, zergak pobreei kendu eta aberatsei jartzea, nekazaritza-kooperatibak sortzea, eta errepideak egitea.
Aitari honela idatzi zion, Silesia Garaian egon ondoren: “Orain ez naiz gizon partziala, osoa baizik; eta nire medikuntzako ideiek bat egiten dute nire ideia politiko eta sozialekin. Zientzialari natural gisa, ezin naiz izan errepublikazalea baino”.
Esperientzia latz hartatik bueltatu eta berehala, Berlingo kaleetara atera zen, 1848ko iraultza-saiakeran parte hartzera. Eta Medizinische Reform (Erreforma Medikoa) astekaria sortu zuen, medikuntza soziala aldarrikatzeko. Ia berak bakarrik idazten zuen aldizkari osoa. “Medikuntza zientzia soziala da, eta politika, finean, medikuntza da eskala handiagoan”, zioen. Edo: “Medikuak pobreen abokatuak dira”.
Protestetan parte hartzeagatik, Chariteko lanpostutik bota zuten, eta Berlindik ere joan egin behar izan zuen. Würzburgera joan zen, eta hango unibertsitatean anatomia patologikoko katedra hartu zuen, Alemaniako lehena. Han zegoela argitaratu zuen beraren lan ospetsuena: Die Cellularpathologie (Patologia zelularra). Lan horretan defendatu zuen gaixotasunen oinarria zeluletan dagoela, eta famatu bihurtu zuen omnis cellula e cellula esaldia: zelula guztiak zeluletatik datoz. Hori ez zuen berak aurkitu, judua izateagatik itzalean ikertzen aritu behar izan zuen lagun batek baizik, Robert Remakek; baina Virchowek berea balitz bezala aurkeztu zuen.
1856an Berlinera bueltatu zen; Chariten sortu berri zuten Patologia Institutuko zuzendari izango zen hurrengo 20 urteetan. Lan handia egin zuen herritarren osasunarekin zerikusia zuten kontuetan. Trikinosia aurkitu zuen, eta horri esker hasi ziren haragia ikuskatzen. Zoonosi hitza berak asmatu zuen, animalietatik pertsonetara pasatako gaixotasunentzat. Eta arantza bifidoa ere deskribatu eta izendatu zuen. 2.000 artikulu zientifiko inguru idatzi zituen.
Ez zuen sinesten mikroorganismoek gaixotasunak sortzen zituztenik. “Berriz nire bizitza biziko banu, ahalegin guztiak egingo nituzke frogatzeko germenak ez direla ehunak gaixotzearen kausa, baizik eta habitat gisa hautatzen dutela ehun gaixoa”, esan zuen. Eta Ignaz Semmelweisen eskuak garbitzeko aholkuei ere kontra egin zien.
Virchowen ustez, germenen teoria oztopo bat zen gaixotasunak eta epidemiak sendatzeko eta prebenitzeko. Izan ere, pentsatzen zuen epidemien jatorria soziala zela, eta, beraz, irtenbide politikoak behar zirela: “Epidemiak fenomeno sozialak dira, alderdi mediko batzuk dituztenak”.
“Epidemia guztiek gizartearen gabeziaren bat adierazten dute”, zioen. Virchowen ustez, baldintza sozial desegokiek pertsonak zaurgarriago egiten zituzten klimaren, agente infekziosoen eta bestelako faktore eragileen aurrean. “Aberatsek gogora dezatela, neguan, berogailu beroen aurrean eserita daudenean, txikienei gabonetako sagarrak emanez, sagar horiek eta berogailuko ikatza ekarri zituzten zamaketariak koleraz hil zirela. Oso tristea da milaka lagun miserian hil behar izatea ehunka gutxi batzuk ondo bizi ahal izateko”.
Eta epidemiak prebenitzeko eta gainditzeko, esku-hartze medikoa bezain garrantzitsua zen eraldaketa soziala. “Medikuntzaren aurrerapenak gizakion bizitza luzatuko du, seguruenik, baina baldintza sozialak hobetuta ere lor genezake emaitza hori, hobeto eta azkarrago”.
Osasuna eskubide bat zela aldarrikatu zuen, eta osasun-zerbitzu publiko bat irudikatu zuen: osasun-arretarako zentroen sare bat, estatuak ordaindutako mediku eta langileekin.
Politikan ere aritu zen. 1859an, Berlingo Hiriko Kontseilurako hautatua izan zen; eta Reithstageko kide ere izan zen, 1880tik 1893ra. Otto von Bismarck “burdinazko kantzilerra”ren arerio sutsua izan zen han. Behin, osasun publikoan inbertitu beharrean aurrekontu militarra hain handia izatea salatu zuenean, hainbeste haserretu zen kantzilerra, ezen “medikutxo” hari duelua proposatu baitzion. Medikuak baztertu egin zuen eskaintza.
Bizitza osoan jo eta su aritu zen ikertzen, hitzaldiak ematen, idazten, editore-lanetan, politikan, eta borrokan. Ez zen geldirik egoteko gizona. Inoiz ez zen izan, eta ez zen izango. 81 urte zituela, artean gelditu ez zen tranbia batetik salto egin, eta aldaka hautsi zuen. Handik gutxira hil zen.
Elhuyarrek garatutako teknologia