“Abenduaren 13ko goizaldean, hiri osoan hasi zen bataila. Kale handi eta txikietan bandera gorriak astintzen zituzten. Eraikinen gainaldeak eta patioak, gune irekiak, errepideak eta landa-eremuko soroak josita zeuden zentinelaz, ikaslez, funtzionarioz, fabriketako langilez, nekazariz eta Askapenerako Herri Armadako kidez, guztiak euren gerra-oihuak botatzen”. Horrela jaso zuen Shangaiko egunkari batek, 1958an, egun odoltsu hartako kronika.
“Hirian eta aldirietan, langileen erdia mobilizatu zen”, jarraitzen du kronikak. “Fabrikek konpromisoa hartu zuten gerrarako esfortzua egingo zutela, produkzio-mailari eutsiko ziotela bermatzeko (…) Hala, hiritarrek sekulako gudua egin zuten txolarreen aurka”.
Hilabete batzuk lehenago hasi zen gerra hura. Honela jaso zuen urte bereko maiatzean Time egunkariak: “Goizeko bostetan kornetak, txindatak eta txilibituak entzun ziren. Ikasleek, denak batera, sukaldeko tresnak joaz aurrera egin zuten, ereserki iraultzaile eta kartsu bat abestuz: “Altxa zaitezte, altxa zaitezte, oi milioika bihotz bakarrarekin! Etsaien suari desafio eginez, egizue aurrera!”.
“Azken txostenaren arabera, Pekinen bakarrik 310.000 txolarre jausi ziren, eta Txina osoan 4 milioi kalkulatzen dira”. Heroi nazional bat ere aipatzen zuen Timeko artikuluak: Yunnaneko 16 urteko Yang Seh-mun zen. 20.000 hil omen zituen. “Egunez habia egiten zuten zuhaitzak aurkitzen zituen, eta, gauez, zuhaitzetara igo eta familia osoak itotzen zituen bere eskuekin”.
Goi-goitik zetorren plan bat zen hura guztia; Mao Zedong buruzagiarena, hain zuzen ere. Hark garbi utzi zuen: “Txolarreak Txinako izurriterik okerrenetako bat dira. Iraultzaren etsaiak dira. Gure uztak jaten dituzte. Akaba itzazue. Gerlari bat bera ere ez da erretiratuko haiek desagerrarazi arte”.
Txina eraldatzeko helburuarekin, Aurreranzko Jauzi Handia abiatu berria zuen Maok. Plangintza sozioekonomiko baten bidez, nekazaritza nagusi zen herrialdean industrializazio azkar bat bultzatu nahi izan zuen, herrialde aurreratuenen pare jartzeko. Eta plangintza haren lehen ekintzetako bat Lau Izurriteen Kanpaina izan zen: euliak, eltxoak, arratoiak eta txolarreak desagerraraziko zituzten.
Gobernuaren esanean, osasun publikoko ekintza bat zen; izurrite horiek oso arriskutsuak baitziren. Eltxoek, esaterako, malaria transmititzen zuten, eta arratoiek izurri bubonikoa eta beste hainbat gaitz. Eta arazo handia zuten gaitz horiekin.
Txolarreen bekatua, berriz, aleak, barazkiak eta fruta jatea zen. Gobernuaren kalkuluen arabera, txolarre bakoitzak urtean 4,5 kg ale jaten zuen, eta, beraz, milioi bat txolarre hilez gero, 60.000 pertsona gehiago elikatu ahal izango ziren.
Sekulako publizitate-kanpaina egin zuten. Eta milioika txinatar txolarreak akabatzen hasi ziren. Habiak suntsitzen zituzten, tiro egiten zieten, tiragomekin bota, eta pozoitu (txolarreak, eta txolarre ez zirenak). Eta metodorik eraginkorrenetako bat zalaparta sortzea izan zen. Zartagin edo danborrak joz, oihu eginez, bandera gorriak astinduz eta abar, txolarreak beldurtzea zen kontua, hegan egiteari utz ez ziezaioten. Eta, hegan egitea hain esfortzu handia izanik, atseden hartu ezinik, ziplo erortzen ziren airetik; milaka erori ere.
Txolarre batzuek misio diplomatikoetan aurkitu zuten babesa. Poloniaren enbaxadak, esaterako, uko egin zion jendeari txolarreak uxatzera sartzen uzteko eskaerari. Orduan, hainbat danborjolek inguratu zuten enbaxada. Bi egunez aritu ziren, etenik gabe, danborra jotzen. Poloniarrek palakadaka atera behar izan zituzten txolarreen gorpuak.
Arratoiekin, euliekin eta eltxoekin ez zuten arrakasta handirik izan, baina txolarreekin bai. Ia desagertu ziren.
Hurrengo urtean, intsektuek —otiek, batez ere— uztaren zati handi bat suntsitu zuten.
Lau Izurriteen Kanpaina iragarri zenean, Txinako Zientzia Akademiatik saiatu ziren ohartarazten txolarreak desagerraraztea agian ez zela hain ideia ona. Tso-hsin Cheng ornitologoak argudiatu zuen azterketa serioak egin behar zirela, gutxienez, hain suntsipen-politika gogorrak abian jarri aurretik.
Chengek behin eta berriz eskatu zion gobernuari txolarreak Lau Izurriteen kanpainan sartzea berriz aztertzeko, baina alferrik izan zen. Maok ez zien entzun nahi adituei.
Cheng kriminaltzat jo zuten, “erreakzionarioa” zioen intsignia bat eramatera behartu zuten, “berreziketarako” lanak egin behar izan zituen (zoruak erraztu, komunak garbitu, etab.), eta atxilotuta ere egon zen denbora batez. Gainera, ornitologia-ezagutzak frogatzeko azterketa bat ere egin zioten: hainbat espezieren zatiz osatutako txori bat identifikatzeko eskatu zioten. Azterketa hartan huts egin zuenez, soldata minimora murriztu zioten.
Hala ere, Chengek, ikertzaile-talde batekin, Txina osoko 800 txolarreren urdailetako edukiak aztertu zituen; eta frogatu zuen txolarreek alea jaten bazuten ere, intsektu asko ere jaten zutela, eta funtsezkoak zirela nekazaritzako izurriteak kontrolatzeko.
Azkenean, argi gelditu zen txolarreak hilda (eta haiekin batera beste txori asko), ia harraparirik gabe gelditu zirela intsektu asko, eta, ondorioz, asko ugaritu zirela.
Mao bera ere konturatu zen plana ez zihoala ongi. Eta 1960an txolarreei gehiago ez erasotzeko agindu zuen: “Ahaztu itzazue”, esanez.
Kaltea egina zegoen, ordea. Eta, gainera, intsektuen izurriteak beste faktore batzuekin elkartu ziren: lehortea, nekazari asko lurrak utzi eta industriara joan izana eta abar. Uztak izugarri txikitu ziren, eta ondorio larriak izan zituen: 1959tik 1961era, historiako goseterik handienetako bat izan zen Txinan. 15-45 milioi pertsona hil ziren.
1961ean, isilpean, gobernuak 250.000 txolarre inportatu zituen Errusiatik.
Gaur egun oraindik ez da berreskuratu sarraskiaren aurretik zegoen txolarre-populazioa.
2001etik, espezie babestua da, eta galarazita dago haiek hiltzea, jatea eta saltzea; horrez gain, delitu penala da 20 baino gehiago hiltzea.
Elhuyarrek garatutako teknologia