Intsektuen izurriteak kontrolatzeko teknika berria, CRISPR bidez

intsektuen-izurriteak-kontrolatzeko-teknika-berria
Drosophila-rekin erabili dute oraingoz, baina giza gaixotasunen bektore diren eltxoen izurriteak kontrolatzeko erabilgarri izango dela uste dute ikertzaileek. Arg. Sanjay Acharya, Wikimedia Commons

Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek intsektu arrak esterilizatzeko metodologia berria garatu dute. Edizio genetikorako CRISPR teknika erabili dute horretarako: zehaztasun handiz, intsektuen sexua eta emankortasuna baldintzatzen dituzten geneak eraldatu dituzte. Hala, lortu dute bakar-bakarrik intsektu arrak eta, gainera, antzuak sortzea. Ikertzaileek adierazi dute halako arrautzak izurrite-guneetan zabaltzean, intsektu ar antzu jaioberriek eme basatiak estaliko lituzketela. Horrek ekindigo luke eme basatiek ondorengoak izatea; hortaz, giza-gaixotasunen bektore diren intsektuen izurriteak ezerezteko baliabide eraginkorra izan daitekeela uste dute.

Intsektu antzuak zabaltzeko ideia aspaldikoa da: irradiatuz lortu ziren aurreneko intsektu antzuak, eta, gerora, antzutasuna eragiten zuten bakterioez kutsatuta edo teknika genetiko xumeak erabilita. CRISPR bidezko teknika, ordea, askoz ere errazagoa, merkeagoa eta eraginkorragoa da, Nature Communications aldizkarian argitaratutako ikerketaren arabera.

Oraingoz, Drosophila ozpin-euliekin erabili dute, baina sexua eta emankortasuna baldintzatzen dituzten gene horiek arruntak direnez intsektu-mota askotan, uste dute teknika berria erabilgarria izango dela baita giza gaixotasunak zabaltzen dituzten eltxoekin eta nekazaritzan izurriteak sortzen dituzten bestelako intsektuekin ere. Ingurumenarentzat segurua dela adierazi dute egileek.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila