Lakoizketako erua

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

lakoizketako-erua
Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

Osaba zaharrari apetak eman zion iturri hartako ur freskoa edan nahi zuela, eta iloba bidali zuen bila. Mutikoak ekarri zion ura, eta baita iturri-ondoan aurkitu zuen lore bat ere. Osabak hainbeste eskertu zuen oparia, ezen eskura zuen diru guztia eman baitzion: hiru duro. Mutikoaren amak jakin zuenean, errieta egin zion bere anaiari: “Ez zara inoiz zuzenduko! Landareak biltzeko mania horren erruz galdu duzu zure fortuna, eta, orain, tabakotarako ematen dizudan dirua lore batengatik ematen duzu! Erotuta zaude!”

Ez zen horrela pentsatzen zuen bakarra; herrian eta inguruetan aspalditik deitzen zioten Lakoizketako erua Jose Maria Lakoizketari, herriko erretoreari.

Narbarteko Lakoizketa baserrian jaio zen 1831ko otsailaren 2an. Familia noble bateko seme zaharrena zen. 1855ean egin zen apaiz, eta, berehala, Elgorriagara joan zen, kolerak jotako gaixoak zaintzera; han aritu zen 17 hilabetez. Gero, bere jaioterriko erretorea hil, eta haren lekua hartu zuen, 26 urte zituela. 31 urtez izan zen Narbarteko erretore, 1888an gaixotu eta erretiratu behar izan zuen arte. Elbeteko Jarola jauregira erretiratu zen orduan, han baitzuen arreba. Hurrengo urtean hil zen, 58 urterekin.

Apaiz-lanak baino askoz gehiago egin zuen Lakoizketak. “Nire zerbitzuak bailara zoragarri honetan ematera destinatu nindutenean —idatzi zuen—, erabaki nuen objektu naturalak ikertzen ariko nintzela, apaiz-lanak dakartzan betekizun karitatetsu anitzek uzten zidaten denbora libre guztian. Landareak (...) izan ziren nire jakin-mina gehien piztu zutenak, eta, hala, botanika izan da nire dibertimenduzko ikerketen nahiz meditazio aszetiko eta liluragarrien helburu”.

Ahal zuen guztietan, nola udan hala neguan, ateratzen zen Narbarteko erretorea bere letoizko kaxa, zeio, zizel eta mailuarekin. Eta herritarrek ikusten zuten erretorea belarrak biltzen, haitzartean galtzen, edo inor igotzen ez zen lekuetara igo eta mailu eta zizelaz liken bat zuen harkaitz-puska bat hartzen, altxor bat bailitzan. Hura zen Lakoizketako erua.

Lakoizketaren lagun izandako Fermin Irigarai Iruritako medikuak honela idatzi zuen: “Hainbestekoa zen landareekiko zuen zaletasuna, ezen sarri izaten baitzituen hizketagai, baita gaian erabateko ezjakinak zirenekin ere. Landareren bat ikustean, edonorekin zegoela ere, landarea hartu eta astiro behatuko zuen, eta hari buruz zekien eta sentitzen zuen guztia esango”.

Herritarrek erretorearen jokamoldeak oso ongi ulertu ez bazituzten ere, botanikarien artean izena izan zuen. Frantziako Botanika Elkarteko kide egin zuten 1877an, eta Espainiako Historia Naturaleko Elkarteko kide 1880an. Penintsularen iparraldeko kriptogamoetan (iratze, goroldio, onddo eta liken) aditu handiena izatearen ospea izan zuen.

Beste botanikari askorekin izan zuen harremana Lakoizketak; bere paperetan 87ren izenak aurkitu ziren. Eta berak bildutako eta beste botanikariekin trukatutakoen artean, 2.500 espezie inguruko herbarioa osatu zuen.

1884ean Bertizaranako landareen katalogoa argitaratu zuen: “Catálogo de las plantas que espontáneamente crecen en el valle de Vertizarana”. Lan horretan bildu zituen 809 fanerogamo eta 495 kriptogamo; eta, azken horien artean, 186 liken. Estatuan inoiz argitaratutako liken-kopuru handiena zen.

Garai hartan kasu gutxi egiten zitzaien kriptogamoei, eta likenak identifikatzea bereziki zaila zen. Seguruenik mikroskopioa eta erreaktibo kimikoak erabili behar izango zituen Lakoizketak likenak aztertzeko. Nolanahi ere, likenetan maisu bihurtu zen. Argitaratuta zeuden Nafarroako 192 espezietatik 186 berak argitaratu zituen.

Hizkuntzazalea ere bazen, eta hainbeste maite zituen euskara eta botanika uztartu zituen. “Fitografoek ez dituzte ahazten landareen izen arruntak. Espezieen deskribapenari gehitzen dizkiete haiek bizi diren eskualdeetan ematen zaizkien izenak” idatzi zuen Lakoizketak, 1888an argitaratu zuen “Diccionario de los nombres euskaros de las plantas” hiztegiaren hitzaurrean.

Eta honela jarraitzen du: “Ezin zaio ukatu euskarari horrelako lan filologo-botanikoetan egoteko eskubide osoa, eta errukarria da botanika deskriptiboko tratatuetako isiltasuna hain gai garrantzitsuan. Eta ez da Euskal Herriak, zeina mendebaldeko Pirinioek zeharkatzen duten, ez daukalako interes fitologikorik, ez eta bertako seme-alabak, hain bikainak karrera guztietan, ez direlako nabarmendu landareen zientzian (...) Hutsune horiek betetzera, eta behar hauek asetzera dator lan hau”.

Hiztegian landareen atal eta organoen euskarazko izenak ematen ditu lehenengo Lakoizketak. Gero datoz landareak. Landare bakoitzarentzat, lehenik izen zientifikoa, gero gaztelaniazko izen arrunta eta sinonimoak, frantsesezko izen arrunta, euskarazkoa eta sinonimoak, euskarazko izenen etimologia, eta, azkenik landareari buruzko hainbat ohar. Eta “hizkuntza zientifikoarekin ohituta ez dauden nire herrikideek euskarazko izenen esanahia erraz aurki dezaten, izen horien aurkibide alfabetiko bat jarriko da bukaeran”.

Lakoizketak dio Bertizaranan, Bortzirietan, Baztanen, Narbarten eta abar landareei ematen zaizkien izenak jasotzen dituela hiztegian. Bestalde, aitortzen du euskarazko izenen jatorriak argitu nahi izateak bazituela arrisku batzuk. “Etimologiek asko izan dezakete arbitrariotik, asko ideal eta alegiazkotik, irudimenaren hegal arinek eramaten utziz gero”. Hori saihesteko hainbat arau ere jarri zizkion bere buruari, baina ezin esan irudimenaren hegalei ihes egitea guztiz lortu zuenik.

Edonola ere, Lakoizketak botanikan eta euskalgintzan egindako lanaren balioa ukaezina da. Eusko Ikaskuntzak ere aitortu nahi izan zuen Lakoizketako eruaren lana, eta plaka bat jarri zuen haren baserrian, 1924ean: “Etxe ontako seme zen Lakoizketa jauna, landare jakintzan euskaldun nagusiena. Euskaldunak zor diogun aipamenaz jasotako oroitarria”.

 

Bibliografia:

ANDUAGA, A.: “Lacoizqueta Santesteban, José María de”. Auñamendi Eusko Entziklopedia

ETAYO, J. (2002): “Revisión del herbario de líquenes del P. J. M. Lacoizqueta”. Naturzale 17, 5-34

IBARGUTXI, F. (2006): “El párroco de las mil plantas”. Diario Vasco.

LACOIZQUETA, J.M. (1888): “Diccionario de los nombres euskaros de las plantas en correspondencia con los vulgares, castellanos y franceses y científicos latinos”. Imprenta Provincial.

LACOIZQUETA, J. M. (1884): “Catálogo de las plantas que espontáneamente crecen en el Valle de Vertizarana”. Actas Soc. Esp. de Hist. Nat. 13: 131- 225.

OLLAQUINDIA, R. (1980): “Tres estudios sobre diccionarios navarros”. Fontes linguae vasconum: Studia et documenta 35-36, 319-352.

PÉREZ DE VILLARREAL, V. (1982): “Don José María de Lacoizqueta : el botánico (1831-1889)”. Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra39, 329-361.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila