Zer da, ordea, adimena?

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia

Test bidez kalkulatutako adimen-adina banako bakoitzaren adin kronologikoaz zatitzen da, eta emaitza hori ehunez biderkatzen da. Horrela lortzen da adimen-kozientea, adimen-mailari buruz hitz egiten denean, halabeharrez ateratzen den kontzeptua. Jatorria, baina, XX. mendearen hasieran beste helburu batekin sortu zen tresna batean du.
Zer da, ordea, adimena?
2011/02/01 | Lakar Iraizoz, Oihane | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
WISC-IV frogaren ariketa bat. Plastikozko kubotxoak konbinatuta, koadernoan ageri den forma osatu behar dute. Adimen handiko umeak identifikatzeko gehien erabiltzen den froga da WISC. Arg.: Oihane Lakar.

Adimena zer den ulertzeko modu jakin bati lotuta dago adimen-kozientea. Hain zuzen, jotzen da adimena ezaugarri egonkor eta monolitiko bat dela; zenbait osagai izan ditzake, baina bakarra da. Hala, kontzeptu horretatik eta kontzeptu hori ustez ordezkatzen duen zenbakitik abiatuta, "lerro bakarreko eskala bat sortu zen adimenarentzat". Hala salatzen du Stephen Jay Gould paleontologo eta idazleak The mismeasure of man (Gizonaren neurketa okerra) liburuan.

Adimen-kozientearen eskala XX. mendeko "zientziaren erabilera oker handienetako bat" dela ere esaten du Gouldek. Izan ere, eskala horiek sortu zituen pertsonak, Alfred Binet psikologo frantziarrak, beste helburu batekin sortu zituen lehenengo testak. 1904an, Frantziako Hezkuntza Ministerioak agindu zion teknika batzuk gara zitzala, ohiko ikasgeletan porrot egiten duten haurrak identifikatzeko.

Hala, betebehar txiki pila bat --eguneroko bizitzako arazoei lotuta zeudenak-- elkartzea erabaki zuen Binetek. Gouldek azaltzen duenez, Binetek hiru ohar azpimarratu nahi izan zituen, ez zedin gaizki erabili garatu berri zuen tresna. Batetik, esan zuen tresna praktiko bat dela, eta ez litzatekeela adimentzat jo behar neurtzen duena. Bestetik, nabarmendu zuen ikasteko zailtasunak dituzten haurrak identifikatzeko gutxi gorabeherako gida bat dela, eta ez haur normalak mailakatzeko tresna bat. Eta, azkenik, adierazi zuen identifikatutako haurrei trebakuntza berezia emateari eman behar zitzaiola garrantzia.

Alabaina, Gouldek dio "egindako oharpen guztiei entzungor egin zietela, eta zituen asmo guztiei buelta eman zietela" testak Estatu Batuetara iritsi zirenean. Izan ere, "haur guztiak aztertzeko ohiko idatzizko tresna bihurtu zuten Bineten eskala".

Adimen-kozientearekin kritiko

EHUko Irakasle Eskolako Izaskun Etxebarria irakaslearen arabera, "gaur egun oso kritikatua dago testa, zenbakiaren kontzeptua". Hasteko, zer da adimena? "Adimena ez da ezagutza, ez da sortzetiko jakituria; adimena gaitasuna da, eta nola erabiltzen diren ezagutzak, nola kodifikatzen den informazioa, nola prozesatzen den informazioa eta abar. Adimen-kozientea neurtzeko testek, ordea, ezagutzari lotutako galderak egin eta arlo akademikoan baliagarri diren trebetasun batzuk aztertzen dituzte gehien bat; sormena edo arazoak ebazteko ahalmenak alde batera uzten dituzte".

Hain zuzen, kutsu akademikoa izatea da testetan gehien kritikatzen den gauzetako bat. I aki Martinezek, Uharteko Virgen Blanca ikastetxe publikoko orientatzaile eta NUPeko psikologia-irakasleak, berak bizitako adibide bat jarri du honi lotuta: "Oroitzen naiz testa nirekin egin zuen ume bat mendian bizi zela, talde hippy batean. Testen galderetako bat da: Zertarako balio dute postontziek? Haur haren herrian ez zegoen postontzirik; beraz, zazpi urterekin ez zekien zer ziren postontziak. Telebistan ikus zitzakeen, baina telebistarik ere ez zuen".

"Gainera --dio Martinezek--, test horiek beste muga bat dute hemen: tresna ez dago euskaraz. Eta, horrenbestez, froga bera pasatzen diete umeei, Elizondokoak izan nahiz Tuterakoak izan. Eta ez da gauza bera, ez dute erraztasun bera".

(Argazkia: Anita Patterson/Morguefile)

Hala ere, Martinez ez da Etxebarria bezain kritikoa adimen-testekin: "Guk eskolan etengabe hartu behar izaten ditugu erabakiak, eta Administrazioak zenbaki bat eskatzen digu. Beraz, nik uste dut frogak zorrotz pasatu behar direla, baina malgutasunez interpretatu. Adibidez, aurreko astean ume bati pasatu nion testa, eta adimen urriaren mugan zegoela izan zen emaitza. Bada, gurasoekin hitz egin nuenean, esan zidaten banatze-prozesuan murgilduta daudela, eta oso giro bortitza bizi dutela. Egoera horretan, umeak berez aterako zuen emaitza baino txarragoa atera zuen testean. Horrenbestez, froga horretan ateratako zenbakiak ez dit ezertarako balio; denbora pasatzen utziko dugu, eta berriro egingo diogu".

Martinezen ustez, kondizio estandarizatuetan, testak baliagarriak dira: "Nik emaitza bat aterako nuke testa egingo banu, eta, seguru asko, ni baino azkarragoa den batek emaitza hobea aterako luke. Zerbait, behintzat, neurtzen du."

Adimen anizkoitzen ideia

Bi adituen ustez, dena den, adimen-kozientearen testek ez dute neurtzen adimen bakar eta monolitiko bat. Are gehiago, ez dute modu horretan ulertzen adimenaren kontzeptua. Gaur egun adimenaren kontzeptuari lotuta indarrean dagoen beste paradigma baten aldekoak dira; alegia, adimen-mota bat baino gehiago daudela dioenaren aldekoak. "Nire ustez, froga horiek adimen linguistikoa eta logiko-matematikoa neurtzen dute batik bat", dio Etxebarriak.

Howard Gardner psikologoak definitutako zortzi adimen-motetako bi dira Etxebarriak aipatutako horiek. Izan ere, Gardner erreferenteetako bat da, adimen bat baino gehiago daudela diotenen artean. Adimen anizkoitzen teoria deritzo haren teoriari. 1983an eman zuen haren berri Gardnerrek Frames of Mind liburuan. Adimena bera arazoak konpontzeko edo kultura batean baino gehiagotan erabilgarriak diren produktuak sortzeko gaitasuna dela dio.

Adimen anizkoitzen teoriak agerian uzten du adimen akademikoa ez dela nahikoa bizitzan. Honela dio Etxebarriak: "Errealitateak erakusten du maila akademikoan primeran ibili diren gazteak gero, lan-munduan sartzean, ez dutela arrakastarik izan, edo, are gehiago, ez direla zoriontsuak; edo bizitza pertsonal penagarria dutela. Eta, alderantziz, emaitza akademiko ertainak edo txarrak izan dituzten pertsona batzuk gero primerako profesionalak izan dira, zoriontsu bizi dira eta ekarpen handiak egiten dizkiote gizarteari. Beraz, ezin dugu pentsatu 140ko adimen-kozientea izateak bizitza arrakastatsua ziurtatuko digunik, ez maila profesionalean, ez pertsonalean, ez sozialean".

Howard Gardnerren adimen anizkoitzen teoriako zortzi adimenak
Adimen musikala. Musika entzuteko, abesteko eta musika-tresnak jotzeko gaitasuna da. Musikagileak, kantariak eta musika-kritikariak trebeak izaten dira horretan.
Adimen espaziala. Buruan irudiak sortzeko, espazio jakin batean moldatzeko, gauzak irudikatzeko eta abarretarako gaitasuna da. Argazkilari, arrantzale, arkitektoek dute, besteak beste, adimen hori garatua.
Adimen naturalista. Espezieen artean dagoen loturari antzemateko, eta haien artean antzekotasunak eta desberdintasunak nabaritzeko gaitasuna da. Baserritarrek, botanikariek eta ehiztariek garatuta izaten dute adimen naturalista.
Adimen linguistikoa . Hizkuntza, baita esanahi konplexuak ere, ahoz nahiz idatziz ulertzeko eta erabiltzeko gaitasuna. Idazleek, bertsolariek, hizlariek, bai eta iruzurtiek ere garatua izaten dute.
Adimen logiko-matematikoa. Hipotesiak kalkulatzeko, formulatzeko eta egiaztatzeko gaitasuna, bai eta metodo zientifikoa eta arrazoitze induktiboa eta deduktiboak erabiltzeko gaitasuna ere. Gure kulturak beti adimen horrekin lotu izan du adimena.
Adimen zinetiko-korporala. Indarra, azkartasuna, malgutasuna, koordinazioa eta oreka izatea eskatzen duten jarduerak egiteko gaitasuna da. Besteak beste, kirolarietan, artisauetan, zirujauetan eta dantzarietan nabarmena da adimen hori.
Adimen intrapertsonala eta interpertsonala. Alegia, geure burua ulertzeko gai egiten gaituena eta gainerako pertsonak ulertzen laguntzen gaituena, hurrenez hurren. Bi adimen horiek adimen emozional deritzonean biltzen dituzte beste autore batzuek, eta, azken batean, geure bizitza arrakastaz gobernatzeko dugun gaitasuna adierazten dute.
Hezkuntzan, adimen monolitikoa nagusi
Unibertsitateetan oraindik ez da zabaldu adimen anizkoitzen teoria, eta eskoletan ere ez dituzte kontuan hartzen adimen-mota guztiak. "Gure eskoletan adimen logiko-matematikoa eta linguistikoa lantzen dira batez ere --dio Izaskun Etxebarria Adimen handiko haurren hezkuntza irakasgaiko irakasleak--; musikala, apurtxo bat; baina gainerakoak, ezer gutxi. Adimen monolitikoaren arabera daude planteatuta gure eskolak, eta horren arabera dute egokituta curriculuma. Ikasketa-mailaketa adin kronologikoaren arabera egiten da; ez dago beste aukeratik.
Pertsona bat sormen-gaitasun handikoa denean, bizkorra denean, arin ikasten duenean, galderak egiten dituenean, kritikoa denean eta abar, gizarteak saritu egiten du. Eta adimena bera, gizarte-balio gisa, oso balioetsia dago. Baina, haurtzaroan, badirudi denek gauza berak denbora berean egin behar dituztela".
Lakar Iraizoz, Oihane
3
272
2011
2
023
Giza zientziak; Anatomia/Fisiologia
Artikulua
39
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila