Adimenaz

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

“Neu eta neure ingurugiroa, horixe naiz ni” idatzi zuenean, ez zen ari giza adimenaren neurketaz Ortega y Gasset; hain ederki lotzen zaio, ordea, gizakion adimena neurtzeko eta ebaluatzeko historiari... Izan ere, aurreiritziek eta garaian garaiko kultura-testuinguruak eragin handia izan dezakete ikerketa ustez neutroen emaitzetan, eta kasu paradigmatikoa da giza adimenaren neurketarena. XIX. mendeko kraniometristek adibide bikainak eman zituzten, kasu. Uste zuten erlazio zuzena zegoela garunaren tamainaren eta adimenaren artean, eta, era berean, bazekiten gizon zurietatik hasi eta Afrikako beltzetarainokoa zela adimenaren mailakatzea; hala, lortu ere lortu zuten nahita iruzur egin gabe datuak eta usteak uztartzea. Merezi du garaiko zientzialari onenen artean zeuden askoren astakerien kronikak irakurtzea, jabetzeko zein erraza den zorrotz ustean partzial izatea, inor ez baitago huts egitetik salbu.

Irribarrea eragiten dute adimenaren neurtzaileen astakeria historikoen bildumak, harik eta gogoratzen dugun arte gezur haietan sostengatu zirela giza historiaren pasarte beltz eta lotsagarrienetako batzuk; neurtuta eta sailkatuta, pertsonek zein gizataldeek lor zezaketena eta haiek izan zitezkeena mugatzera iritsi baita gizakia. Ez da horrenbeste urte adimen-urrikotzat jotzen ziren pertsonak antzutzen zirela.

Ez zatekeen hori izango aldizkari honetako protagonisten patua, adimenaren ustezko eskalaren beste muturrean baitaude. Adimen handiko haurrak dira; batezbestekotik gora dauden pertsonak, eta miresmena eragiten dutenak. Sailkatzea eta etiketatzea denontzako dela erakusten dute, aldiz, haien esperientziak eta beldurrek.

Ez neurtzea ez da, ordea, aukera bat. Ez behintzat aukera on bat. Izan ere, tresna praktikoak ezinbestekoak dira, laguntza edo behar bereziak dituzten pertsonak identifikatzeko, eta tresna horiek adimena neurtu behar dute halabeharrez. Osagabeak izan litezke, eta ez dute jasoko adimenaren konplexutasuna; azken batean, dakigun horretan (garen horretan) dute muga. Mugatzen diren horretara mugatu beharko genuke, ez inor mugatzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila