Lan-mahaitik oheburura (from bench to bedside), horrela deitzen zaio zuzenean terapiara bideratuta dagoen ikerketari, eta horretan ari dira minbiziaren tratamenduetan ikertzen ari diren hainbat laborategitan, mundu osoan. Laborategi haietako batean aritu zen duela lau urtera arte Jose Antonio Rodriguez, eta, haren iritziz, "kontzeptu interesgarria da oso".
Jose Antonio Rodriguez EHUko Genetika Saileko irakaslea da orain. Aurretik, hiru urte eman zituen Australian, eta beste zazpi Herbeheretan, minbiziaren ikerketan: "Herbeheretan, ospitale batean aritu nintzen, ez unibertsitatean. Onkologia Medikoko sailean egiten nuen lan, eta han bi lerro dituzte: batean, pazienteak tratatzen dituzte, eta, bestean, sendagaien mekanismoak aztertzen dituzte, hazkuntza-prestakinetan mantentzen diren tumore-zeluletan. Bigarren horretan jardun nuen nik, biologoa bainaiz, ez medikua; baina bi lerroak estuki erlazionatuta daude".
Rodriguezen arabera, lan egiteko modu hori aproposa da terapia biologikoentzat. "Kimioterapian, esaterako, ikertzaileak saiatzen dira jakiten zein den eman dezaketen dosi handiena, eta hortik beherakoa ematen diete gero pazienteei. Terapia biologikoak, berriz, ez dira hain toxikoak, eta haietan ez dago askotan gehienezko dosirik. Beste era batera probatu behar da haren eraginkortasuna. Hain zuzen, markatzaile biologikoak (adibidez, proteina baten kontzentrazioa) neurtu behar dira, eta ikusi ea sendagaiak oztopatzen duen guk oztopatu nahi dugun seinalizazio zelularraren bidezidorra".
Bidezidor horien blokeoan oinarritzen baitira probatzen ari diren terapietako asko: tumore-zelulak hazteko, ugaltzeko eta hedatzeko behar dituen mekanismoak edo bidezidorrak identifikatzean, eta haiek oztopatzean, laborategian garatutako molekulen bitartez. Rodriguezek azaldu duenez, zelula arruntek ere erabiltzen dituzte bidezidor horiek; baina ez dute bakarra erabiltzen, baizik eta lau edo bost, gauza bera egiteko. Aldiz, tumore-zelulek gehiegizko aktibazioa izaten dute haietako batean, eta besteak ez dituzte erabiltzen, ez baitituzte behar. "Gehiegizko aktibazioa duen bidezidor horrek abantaila ematen dio zelulari, baina puntu ahul bat ere bai, aldi berean ( Akilesen orpoa ). Abantaila ematen dien bidezidor hori blokatzen badugu, zelula hil egiten da".
Rodriguezen sailean, adibidez, EGFRaren inhibitzaileak ikertzen zituzten. EGFRa zelulen azalean dagoen errezeptore bat da ( epidermal growth factor receptor ); hura kontrolatzen duen genea mutatuta badago edo haren espresioa gehiegizkoa bada, minbizia sor daiteke. "EGFRaren seinalizazioa blokeatuz gero, minbizia garatzea eragozten da. Bada, guk probatutako inhibitzaileak dagoeneko erabiltzen dira pazienteetan. Horietako bat erlotinib da, eta biriketako minbiziak tratatzeko erabiltzen da ospitaletan". Garuneko, koloneko eta beste minbizi-mota batzuetan ere probatzen ari dira EGFRaren kontrako molekulak, erlotinib bera edo beste inhibitzaile batzuk, tumore-mota bakoitzaren mekanismoaren arabera.
Hain zuzen, kontuan izan behar da minbizi-mota asko daudela. "Askok esaten dute paziente bakoitzak minbizi-mota bat duela, berea", dio Rodriguezek. Hori dela eta, ikertzaileek minbizi guztietako inhibitzaile egokienak bilatu behar izaten dituzte. Horretarako, tumorea sortu duten akats genetikoak (mutazioak) aztertu behar dira.
Nolanahi ere, Rodriguezek ohartarazi du estrategia horrek muga bat duela: "Arazoa da inhibitzaileekiko erresistentziak garatzen dituztela".
Denborarekin, bidezidor bat inhibitzen dugunean, tumore-zelulek gauza bera egiteko balio duten beste bidezidorrak erabiltzen hasten dira, eta, orduan, inhibitzailearekiko erresistente bihurtzen dira. Hori dela eta, botikak konbinatuta eman behar izaten dituzte.
Rodriguezen hitzetan, "hau guda bat da, eta bide bat ixten denean, beste batetik saiatu behar dugu". Bidezidorren inhibitzaileen bideaz gain, antigorputz monoklonalenak ere garrantzi handia du. Horren barruan dago, adibidez, trastuzumab (Herceptina), EGFRaren antzeko errezeptore baten kontrako antigorputza. Trastuzumab bularreko minbiziaren aurka erabili ohi da, eta, orain, beste minbizi-mota batzuk tratatzeko ere probatzen ari da saiakuntza klinikoetan.
Antigorputz horiek laborategian sortzen dira, eta antigeno jakin batera berariaz lotzeko gaitasuna dute. Antigorputz monoklonalak minbiziaren diagnostikoan aspaldidanik erabili dira. Terapia moduan, ikertzaileak saiatzen dira tumore-zelulen azalean hazkundearekin erlazionatuta dauden antigenoak identifikatzen (adibidez, hazkuntza-faktoreen errezeptoreak), eta haietara lotzen diren antigorputzak diseinatzen. Hartara, antigorputzak antigenoetara lotuko dira, eta zelulak ezingo dira hazi.
Horrez gain, immunitate-sistema sustatzeko ere erabiltzen dira berariaz diseinatutako antigorputz monoklonalak.
Immunitate-sistemarekin lotuta, minbiziari aurre egiteko ikertzen ari diren beste bide bat txertoena da.
Gaixotasun infekziosoetan erabiltzen diren txertoak gaitza azaldu baino lehen ematen dira. Txerto horiek eragile infekziosoaren antigenoen zatiak dituzte, edo eragile bera desaktibatuta, eta haien helburua da immunitate-sistema prestatzea eragilea gorputzera sartzen denerako. Nolabait esateko, erasotzailea zein den erakusten diote txertoek, eta, horri esker, gorputzak aukera du haren aurkako arma onenak prestatzeko.
Minbiziaren aurkako txertoak, ordea, gaitza azaldu ondoren erabiliko lirateke, hura tratatzeko edo hedatzea galarazteko. Hain justu, horietako bat probatzen ari dira Nafarroako Unibertsitatea Klinikan. Bularreko minbizia tratatu ondoren berria agertzea galarazteko helburua du txertoak, eta, hura egiteko, emakumezkoaren zelula dendritikoak hartu (immunitate-sistemaren zelula batzuk dira), eta pazientearen beraren tumore-zelulekin estimulatzen dituzte. Horrela, erasotzailea zein den irakasten diete zelula dendritikoei.
Marta Santisteban ikerketa-buruak adierazi duenez, bularreko minbizia duten pazienteen azpitalde batekin probatzen ari dira, eta 2012ko maiatzean jakingo dute eraginkorra den. Edonola ere, ohiko terapia onkologikoaren osagarria izango litzateke, eta ez kirurgiaren, erradioterapiaren eta kimioterapiaren ordezkoa.
Bularreko minbiziaren aurka ez ezik, beste minbizi batzuentzako txertoak ere ari dira probatzen beste zenbait laborategitan: prostatakoarentzat, giltzurrunekoarentzat, obariokoarentzat, kolonekoarentzat...
Dena dela, Rodriguezen ustez, txertoak eraginkorrak direla frogatuta ere, zaila izango da molekula inhibitzaile bezain ohikoak bihurtzea. "Kontua da autologoak direla, hau da, pazientearen beraren zelulekin egiten direla. Hortaz, bakoitzari berea egin behar zaio, eta hori ez dago denen eskura, oso garestia baita".
Emaitza onak ematen ari den beste estrategia bat birusen bidezkoa da. Rodriguezek azaldu du zertan datzan: "Saiatzen dira birusen genoma eraldatzen, tumore-zelulak suntsitzeko ahalmena izan dezaten, zelula normalak suntsitu gabe. Askotan erabiltzen dira birus onkolitikoak. Birus horiei geneak aldatu zaizkie, bakarrik tumore-zeluletan sartzeko gai izan daitezen. Tumore-zelula batean sartutakoan, birusek behin eta berriro zatitu besterik ez dute egiten, zelula lehertu arte".
Beste batzuetan, berriz, toxiko bat kodetzen duen gene bat sartzen diote birusari. "Hartara, zelulara sartutakoan, toxikoa ekoizten dute, eta zelula modu aktiboan hiltzen dute. Armed viruses deitzen zaie". Birus armatuak, alegia.
Birus onkolitikoak eta armatuak gene-terapiaren adibide dira, eta haiekin egiten ari diren ikerketak eta saiakuntza klinikoak nahiko aurreratuta daude. Gene-terapiaren barran probatzen ari diren beste batzuk, berriz, aurreragoko faseetan daude. Horien artean daude, besteak beste, zeluletan mutatutako geneak gene osasuntsuez ordezteko saiakuntzak. Beste laborategi batzuetan, gene bereziak sartzen dituzte tumore-zeluletan, erradioterapiarekiko eta kimioterapiarekiko sentikorragoak izan daitezen. Badira baita angiogenesia eragozten duten geneak sartzen ahalegintzen direnak ere; horien bidez, tumoreek ezin dituzte odol-hodiak sortu, eta ezin dira hedatu.
Asko dira, beraz, ikertzaileak probatzen ari diren bideak. Batzuk oraindik esperimentu-fasean daude, baina beste batzuk dagoeneko oso aurreratuta daude, eta erabiltzeko baimena jaso dute. Hala, itxaropenari bidea irekitzen dioten gero eta aukera gehiago daude.