Itxaropenezko pilulak

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia

Osagai aktiborik gabeko tratamenduak eragin terapeutikoa izatera irits daitezke.
Itxaropenezko pilulak
2010/09/01 | Lakar Iraizoz, Oihane | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Sanvi.)

II. Mundu Gerra. Zaurituak gero eta gehiago ziren, baina, morfina, gero eta urriagoa bataila-eremuetako ospitaleetan. Soldadu bati, ezinbestean ebakuntza egin behar zion batean, morfina ordez, gatz-soluzioa txertatu zion, etsita, Henry Beecher anestesistaren erizainak. Beecher harrituta gelditu zen soldadua lasaitu zela eta minik sentitu ez zuela ikusita. Morfina jaso izan balu bezala erreakzionatu zuen.

Hori izan zen medikuntza modernoan plazebo-efektua behatu zen lehenengo aldietako bat. Hamaika saio egin dira harrezkero plazebo-efektuarekin, eta, bai parte-hartzaileen adierazpenetan, bai ikertzaileen neurketetan, pazienteek hobera egiten dutela jaso izan da. Plazeboa, berez sendatzeko osagai aktiborik ez duen tratamendua, hartu arren.

Plazeboak tarteko egon diren ikerketa gehienak, botiken eraginkortasuna neurtzeko ikerketak izan dira, eta, hortaz, haietatik lortu izan da plazebo-efektuari buruz dagoen informazio gehiena. Entseguetako parte-hartzaileei botikak edo plazeboak emanez, eta haien erreakzioak aztertuz, plazebo-efektuaren hainbat ezaugarri ezagutu dira. Gurutzetako ospitaleko Mikel Latorre medikuaren ustez, hala ere, "beharrezkoak dira plazeboen eragin terapeutikoa aztertzeko ikerketak. Horretarako, baina, finantziazioa behar da. Eta, gainera, industria farmazeutikoari ez zaio horrelakorik egitea interesatzen".

Zuzenean edo zeharka ikertuta ere, plazebo-efektuaren hainbat ezaugarri ezagunak dira dagoeneko. Esate baterako, pazienteek botikekin, tratamenduekin, edo tratamendua ematen dien pertsonarekin aurrez izan duten esperientziak eragin handia du haien erantzunean. Izan ere, aurreko esperientzietan eta ematen dieten informazioan oinarrituta, eragina halakoa izango dela sinesten dute pazienteek. Gorputzak halaxe erantzutea eragiten du sineste horrek hainbatetan.

Emandako informazioak eragina alda dezakeela behatu zuen, adibidez, Norvegiako Zientzia eta Teknologia Unibertsitateko psikologia-irakasle batek, Magne Arve Flatenek, ikerketa batean. Hiru pertsona-talderi inolako substantzia aktiborik gabeko pilulak eman zizkieten, eta, aurrez, tratamenduaren ustezko eragina aipatu zieten. Talde bati lasaigarri bat hartzen ari zela esan zioten, beste bati, bizigarri bat hartzen ari zela, eta, hirugarrenari, inolako efekturik gabeko pilula bat hartzen ari zirela.

Bada, emaitzetan ikusi zuten, oro har, estres-maila txikiagoa zutela lasaigarria hartu zutela uste zuten parte-hartzaileek, eta lagun gehiago aurkitu zituzten esna bizigarria hartu zutela esan zieten taldean.

Gakoak: itxaropena eta baldintzapena

Plazebo-efektuari buruzko ikerketetan ikusi denez, bi dira plazebo-efektua piztea eragin dezaketen estimuluak: itxaropena eta baldintzapena. Itxaropenari dagokionez, nork bere burua espezialista baten esku ikusteak berak sendatzea eragin dezake, espezialistak ematen diona ematen diola. Sendatuko duela espero du, eta gorputzak horren aldeko jarrera hartzen du.

Bigarren estimuluak, baldintzapenak, Pavloven txakurrak ekartzen ditu gogora: txakurrak listua jariatzen hasten ziren diapasoia entzutean. Bada, gizabanakook bizitzan zehar ikasten dugu halako itxurako pilulak hartuta, buruko mina kentzen zaigula edo lasaitu egiten garela. Hortaz, itxura bereko pilula bat hartzen dugunean, efektu bera lor dezakegu, pilulak aldatu eta eraginik gabeko zerbait ematen badigute ere.

Pavloven txakurretan erabilitako baldintzapena eragin zieten boluntario batzuei Australiako La Trobe Unibertsitatean. Osagai aktiborik gabeko krema batek eragin analgesikoa izan dezakeela frogatu zuten esperimentuan. Mina eragiten zuen makina batekin jolastu zuten horretarako.

Hasieran, makinak mina eragiten zuela erakutsi zieten parte-hartzaileei. Gero, kremak mina kentzen zuela sinetsarazteko, makinarekin mina eragiten zieten itxurak egiten zituzten, krema emandakoan. Baina, benetan, itzalita zeukaten. Azkenean, hainbat saioren ondoren, pazienteek ez zuten minik sentitzen krema emandakoan, makina benetan piztuta egonda ere.

Bestalde, Kaliforniako Unibertsitateko bi ikertzailek fenomeno bitxi bat behatu zuten ebakuntza osteko minez zeuden paziente batzuetan. Batzuei 6-8 miligramo morfina sartu zieten haiek jakin eta ikusi gabe. Besteei, berriz, begi-bistan eta mina kenduko ziela aginduz, gatz-disoluzio hutsa xiringatu zieten. Bada, analgesia-maila bera lortu zuten bi taldeetako pazienteek. Ezkutuka emandako morfina-dosia bikoiztu egin behar izan zuten, gatz-disoluzioak eragindako plazebo-efektua gainditzeko.

Ikerketa horrek erakusten du tratamenduaren eraginkortasunean sinestea bezain garrantzitsua dela norbera jakitun izatea botika edo tratamendua hartzen ari dela. Bestela, ez da inolako itxaropenik sortzen, eta eragina, plazeboa izan edo ez, askoz apalagoa da.

Plazebo garestiak merkeagoak baino eraginkorragoak dira. Arg.: Iryna Rasko/123RF.

Batzuetan bai, beste batzuetan ez

Hainbat gaitzetan ikusi da plazeboak eraginkorrak direla, baina efektua ez da ez uniformea ez erregularra izaten. Plazebo jakin batek eragin oso desberdina izan dezake bi pertsonarengan, eta, batekiko sentikor izan diren pertsonak ez dute zertan berdin erantzun plazebo baten aurrean. Ra l de la Fuente Kanadako British Columbia Unibertsitateko neurologoaren ustez, "oso aldakorra bada ere, sendatzeko itxaropen handiagoa duten banakoek sentitu ohi dute gehien plazebo-efektua".

Edonola ere, plazeboek ez dute eragina gaixotasun guztien aurrean. Gehien-gehienetan, plazeboak mina kentzeko eraginkorrak direla ikusi izan da. Bestalde, depresioak, antsietateak eta beste gaitz psikologiko/psikiatriko batzuk jotako pazienteetan ere ikusi da plazeboekin osatu direla.

Horiekin batera, pazienteak plazebo-efektuarekiko sentikorrak diren gaitzen artean adituek gehien aipatzen duten beste gaixotasuna parkinsona da. Kasuen %30ean plazeboak eta parkinsona tratatzeko erabili ohi zen botikak modu bertsuan eragiten zutela frogatu zuten 2001ean British Columbia Unibertsitatean, Ra l de la Fuente ikertzailea tarteko.

Nolako tratamendua, halako erantzuna

Sortzen den itxaropenaren araberakoa denez plazebo-efektua, tratamendu agresiboenek dute efektu handiena. Hala, ikusi da plazebo-efektu handiena kirurgiak eragiten duela; hau da, ebakuntza simulatzeak. Bigarren lekuan substantzia plazeboa txerto bidez emateak, eta, azkenik, plazebo-pilulak hartzeak.

Operazio-gelan egoteaz gainera, kirurgian zehar egindako lana edo erauzitakoa ikusterik badute, azkarrago suspertzen dira pazienteak. Hala ikusi zuten Londresko St George Unibertsitatean, mikrodisektomia (ornoen arteko diskoa erauztea) egindako hainbat pazientetan. Min gutxiago izan zuten eta analgesiko gutxiago eskatu zuten ebakuntza egindakoan erauzitako diskoa edo disko-zatia, ebakuntza egin zitzaiela erakusten zuen oroigarria , jaso zutenek.

Pilulen kasuan, plazeboen ezaugarri fisikoek, hau da, koloreak, tamainak, izen komertzialak, prezioak eta abarrek eragina dute plazebo-efektuan. Eragina handiagoa da, adibidez, pazienteek pilulen kolorea eta tratatu beharreko gaitza nolabait lotzen badituzte. Hala, pilula berdeak edo zeru-urdinak lasaigarrietarako erabiltzen dira, gorriak eta horiak bizigarrientzat, marroiak laxanteentzat eta abar.

Halaber, plazebo garestiak merkeak baino eraginkorragoak zirela frogatu zuten 2008an Duke Unibertsitateko Dan Arielyk eta haren laguntzaileek.

Botika berria izateak ere lagundu egiten du hobera egite horretan: 1970eko hamarkadan depresioaren aurka oso eraginkorra zen botika batek 2000. urtean eraginkortasun txikiagoa zuela ikusi zen. "Besterik gabe, ez zirudielako hain eraginkorra", azaldu du de la Fuentek.

Azken batean, berritasunak, prezioak, itxurak, tratamenduaren frogaren bat ikusteak, aurreko esperientziak... guztiek dute eragina tratamendua hartzen duten pertsonen itxaropenean. Itxaropena, berriz ere.

Ez plazebo, ez tratamendu: berez onera egitea
1994 an, Houstongo zirujau batek ikusi zuen belauneko osteoartritisak jotako paziente guztiek hobera egin zutela ebakuntza egindakoan. Denei, ordea, ez zieten berdin egin ebakuntza: batzuei gaitz hori tratatzeko ohiko ebakuntza egin zieten, baina, besteei, ireki eta itxi besterik ez zieten egin. Ondorioa izan zen benetako ebakuntza izan zutenek ebakuntzari esker egin zutela hobera, eta, besteek, plazebo-efektuari esker.
2000. urtean Kopenhageko bi ikertzailek berraztertu zituzten 114 ikerketetako bat da hori. Berrazterketa horretatik idatzitako artikuluan salatu zuten ikerketa horren ondorioa okerra zela. Izan ere, ikerketa horretan ondorioztatu beharko litzatekeena da gaitz horretarako alferrik dela kirurgia egitea, belaunek beren kabuz egiten baitute onera.
Osteoartritisaren kasuan bezala, antzeko azterketa eta ondorio akastunak ere antzeman izan dira bihotzeko gaitzetan. Izan ere, gaixotasun guztiek berezko eboluzioa izaten dute: batzuek berez egiten dute hobera denbora-tarte bat pasatutakoan. Sintomek gorabeherak izaten dituzte, eta hasieran batezbestekotik urruti dauden balioak batez besteko balioetara itzuli ohi dira hainbat neurketa egiten direnean (batezbestekora itzultzea esaten zaio horri estatistikan), eta abar.
Horregatik, gaixotasunen berezko eboluzio eta hobetze horiek tratamenduekin edo plazeboen eraginarekin nahas daitezke, ez baldin badira behar bezala bereizten. Eta, nola bereiz daiteke gaixotasunaren berezko eboluzioa? Bada, esperimentuetan tratamendurik gabeko kontrol-taldeak sartuta.
Lakar Iraizoz, Oihane
3
267
2010
9
020
Medikuntza; Osasuna; Farmakologia; Anatomia/Fisiologia; Etika
Artikulua
34
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila