Plazebo-efektua

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

“Atsegin emango dizut” esan nahi du latinez plazebo hitzak, eta nekez azal daiteke hobeto nola interpretatu den plazeboa medikuntzan. Medikuek zer izendatzeko berenganatu zuten ere ezin adierazgarriagoa da: erremedio faltsuak izendatzeko, hain zuzen ere.

Gaur egun, substantzia eraginkorrik izan ez, eta, hala ere, pazientearengan hobekuntza bat eragiten duen tratamenduari esaten diogu plazeboa. Eta hemezortzigarren mendean ez bezala, sinesgarritasunez begiratzen diote medikuek eta zientzialariek. Izan ere, zenbait saio kliniko eta esperimentuk erakutsi dute, batetik, benetakoa dela plazebo-efektua, eta, bestetik, ez dela eragin psikologiko hutsa, baizik eta badituela ondorio fisiologiko neurgarriak ere.

Bildutako datuen arabera, garunean du muina plazebo-efektuak, baina, egia esateko, ez dakigu asko efektu horri buruz. Ekintza-mekanismoa zein den ez dago batere garbi, ez eta zein kondizio diren plazeboefektuarekiko sentikorrak ere; gaitz eta min guztiak ez baitira plazeboarekiko sentikorrak, ezta gutxiago ere. Hipotesi interesgarriak daude, baina teoriarik ez du eman oraindik plazeboaren ikerketak.

Jakintza ez ezik, jakintzan sakontzen duten ikerketak eta inbertitzaileak falta zaizkio plazebo-efektuari. Izan ere, sinesgarritasunez bai, baina plazeboaren ikerketari ez zaio pasio ikaragarriz begiratzen. Farmazia-industriarentzat botikak probatzeko kontrola da plazeboa, eta kito. Ez dute batere interesik saio klinikoak egokitzeko, ez eta plazeboefektua sakontasun eta fidagarritasun handiagoz aztertzeko bideak jartzeko ere; ez dute irabazteko batere, hor dirua eta ahaleginak inbertituta. Bestalde, plazebo-efektua ez da baliozko erreminta terapeutikotzat jotzen gaur egun. Eta, horrez gain, arazo etikoak eragiten ditu plazeboaren erabilerak, bai ikerketan, bai eta terapeutikan ere.

Hala ere, interes akademiko hutsa duen zerbait baino askoz ere gehiago izan daiteke plazebo-efektua. Substantzia eraginkorrik ez duen zerbaitek pertsonei nola eragin diezaiekeen ezagutzeak asko irakats diezaguke gizakiari buruz, eta, jakintza hori, ondo kudeatuta, aliatu ona izan liteke pertsonak lehenesten dituen osasun-sistema batean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila