Usainetan usainka

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Ingurugiro-arazo larrienak konpontzen diren heinean, ongizatearekin lotura estua duten beste batzuk azaleratzen ari dira. Horien artean dago, hain zuzen, usaina. Normalean ez da oso kaltegarria izaten, baina bai gogaikarria eta, zenbait kasutan, osasun-arazo fisiko eta psikologikoak eragin ditzake. Ingurugiro-arazoekin lotuta egiten diren salaketen buruan zarata eta usaina daude, baina, kontraesana badirudi ere, Hego Euskal Herrian ez da oraindik usainak arautuko dituen berariazko legerik sortu.
J. Mendiburu

Paper-fabrika baten ondoan bizi den edonork badaki zer den kiratsa. Edo hiltegi baten ondoan bizi denak, edo merkatuaren ondoan bizi denak, edo jatetxearen sukalde atzetik igarotzen den edonork. Labein fundazioak eta APESA (Association Pôle Environnement Sud Aquitaine) elkarteak Akitania-Euskadiren arteko lankidetzarako Fondoaren dirulaguntza partzialaz egindako azterketaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Akitanian aztertu beharreko zazpi industri-sektore garrantzitsu daude: papergintza eta zurgintza, industria kimikoa, metalurgia, plastiko-industria, nekazaritza/ /elikagaigintzako industria, ehungintza eta larrugintza, eta hondakin-tratamendua. EAEko eta Akitaniako eskualde askotan industrializazio-maila handia da eta usaina sor dezakeen jarduera asko dago (ikus taula).

JARDUERA INDUSTRIALA

ISURITAKO USAINDUN KONPOSATUAK

Zurgintza

Lignina eta erretxina degradatzean sortzen diren
fenol-konposatuak, trementina...

Papergintza

Sufrea eta nitrogenoa duten konposatuak

Industria kimikoa

Jarduera zehatzaren araberako berariazko produktuaz gain, azido sulfurikoa, amoniakoa
eta sufre dioxidoa

Metalurgia

Galdaketa-prozesuan sortzen dira usain handiko erretxinak

Plastiko-industria

Usaindun disolbatzaileak, batez ere, estirenoa.
Disolbatzaile asko gainera mutagenoak dira

Nekazaritza/elikagaigintzako industria

Sufrea eta nitrogenodun konposatuak batik bat

Hondakinen tratamendua

Zabortegietako zaborra; ur-araztegietako lohiak

“Gizarteak geroz eta kezka handiagoa erakusten du usainaren inguruan eta, jendeak kontzientzia hartu ahala, arazoa azaleratu egingo da” dio Labeingo Oscar Santa Colomak. Oscar Santa Coloma Labeingo Ingurugiro eta Eraikuntza Unitateko Aire Saileko arduraduna da eta orain lau bat urte hasi zen usainak sortutako arazoen inguruan lanean. Labein aitzindari da alor horretan Euskal Autonomia Erkidegoan eta kasu honetan aurre hartu dio baita legediari ere. Izan ere, Espainian dagoen ingurugiro-legeria 70eko hamarkadakoa da eta usainak atmosferako poluitzaileen zerrendan agertzen badira ere, indarrean dauden legeen garapenetan ez dira tratatzen eta arautzen. Frantzian, berriz, usainak kontuan hartuta daude legedian eta berariazko arauak daude usaina jariatzen duten jarduera jakin batzuetarako.

Iturri itxi bateko usain-lagina hartzeko muntaia. Eskuinaldean dagoen bidoian jasotzen da lagina.
LABEIN

Dena dela, Europako Normalizazio Batzordeko usainen taldea usainak nola neurtu behar diren zehaztuko duen araua prestatzen ari da eta oso posible da urte amaierarako indarrean egotea. Hain zuzen, Oscar Santa Coloma talde horretako kideetako bat da eta arauak aurrerapauso handia ekarriko duelakoan dago. “Neurketak egiteko modu normalizatu bat izatea beharrezkoa, garrantzitsua eta interesgarria da, baina horrez gain legea ere sortzea funtsezkoa ikusten dugu, salaketak baldin badaude horiek nola tratatu zehaztu behar baita”.

Subjektiboa eta aldakorra

Usainak hainbat jatorritako molekulak gas-eran daudelako sortzen dira eta, gehienetan oso kontzentrazio txikitan egoten badira ere, giza usaimena kitzikatzeko gai dira. Guk jasotzen ditugun usainak substantzia hegazkor puru batzuen konbinazioak dira. Adibidez, marrubi-usainaren eraketan 35 substantzia kimikok parte hartzen dute eta kafearen usainean, berriz, 100 baino gehiagok. Oraindik ongi ezagutzen ez den prozesu baten bidez molekula horiek gure usaimen-nerbioa kitzikatzen dute eta bakoitzak sentsazio jakin bat sortzen du. Era berean, pertsona bakoitzak bere erara jasotzen du usaina, kontzeptu erlatibo eta subjektiboa baita. Eguneroko erritmoak, gaixotasunek, nekeak, adinak, hormonek... usain-sentsazioa alda dezakete.

Oro har, usain-poluzioa elektroi-dentsitate handiko nukleoak dituzten molekulek sortzen dute, hala nola, aminek, sulfuroek, merkaptanoek eta hidrokarburo asegabeek. Talde funtzionalen baitan usaindun konposatuak lau familia handitan bana daitezke:sufrea duten konposatuak (H2S, merkaptanoak, sulfuroak eta disulfuroak), nitrogenoa duten konposatuak (amoniakoa eta aminak), aldehido eta zetonak, eta, azkenik, azido organikoak.

Elikagaien industria usain-sortzaile garrantzitsuenetakoa da.

Nitrogenoa eta sufrea duten konposatuak proteina eta aminoazidoen deskonposizioaren ondorioz sortzen dira batik bat. Zetonak zein aldehidoak, berriz, karbohidratoen hartzidura gertatzen denean edo produktu organiko eta koipeen deskonposizio termikoa egiten denean. Produktu organikoak egoera anaerobioan deskonposatzen direnean, azido azetikoa, hidrogeno sulfuroa, amoniakoa, etab. sortzen dira.

Konposatu horietako bakoitzak bere usaina du, baina elkarrekin agertzen direnean ez du zertan usainen batura gertatu. Batzuetan usain batek beste bat estaltzen du edo batak bestea indartzen du. Konposatu bakoitzak bere aldetik eta elkarrekin ez dute usain bera ematen eta, horregatik, usainak ezin dira analisi kimikoen bidez soilik ikertu. Halaber, usaina Stevens-en legeari jarraitzen zaio, hau da, usaina sortzen duten konposatu kimikoen intentsitatea eta kontzentrazioaren artean ez dago proportzionaltasunik. Horregatik, usaina neurtzeko metodo berezi bat bilatu behar izan da.

Nola neurtzen da usaina?

Laborategi olfatometriko bat. Aditu bakoitzak bi hodi ditu aurrean, eta usaina bietako edozeinetatik iritsiko zaio.
LABEIN

“Usaina analitikoki eta olfatometrikoki neurtzen da. Batetik, gas-kromatografia eta masa-espektrometria bidez lagineko osagaiak identifikatu eta euren kontzentrazioak kalkulatzen dira. Bestetik, gutxienez 6 lagunez osatutako aditu-taldeak lagina usaintzen du, horretan datza olfatometria, eta bere intentsitatea kalkulatzen da”. Usaina, beraz, usain-dastatzaileen laguntzaz neurtzen da. Usaindu beharreko lagina hainbat bider diluitzen da usainaren pertzepzio-atarira iritsi arte, usaintzen ez den arte, alegia. Usainaren intentsitatea emateko, lagina zenbat bider diluitu den hartzen da aintzat; intentsitatea aire puruaz egin diren diluitze-kopurua da. Usainaren intentsitatea m3-ko usain-unitatetan ematen da eta balio hori erabiltzen da leku batean usain-poluzioa dagoen ala ez erabakitzeko. Normalean bi pertzepzio-atari definitzen dira: adituen % 50ek usaina nabaritzen dutena eta % 100ak usaina nabaritzen dutena. Analisietan lehena erabiltzen da.

Bi neurketak osagarriak dira, olfatometriak usainaren intentsitatea eta inpaktuari buruzko informazioa ematen du eta analisiak usainaren iturrian zein arazketa-sistema ipintzea komeni den erabakitzeko balio du, usainaren osagaien arabera eta poluzio-iturriaren arabera (tximinia, zabortegia, ura...) arazketa metodo bat edo beste izango baita egokien. Hala ere, usainak tratatzeko modu bakarra usaina sortzen duten konposatu kimikoak tratatzea bada ere, beti ez da aski. Batzuetan, arazketak konposatuen kontzentrazioa asko jaistea lortzen badu ere, usainak iraun egiten baitu.

Laginketa eta modelizazioa

Ur-araztegian usain-lagina hartzen. Lagina jasotzeko, ur-azaleko eremu bat zigilatu egiten da eta eskuinaldean ikusten den hoditik lagina bidoiraino iristen da.
LABEIN

Usain txar baten inguruko ikerketa usainaren iturriak identifikatuta hasten da. Horretarako iturri posibleak identifikatzen dira eta laginketa-plana martxan jartzen da. Gero, lagin adierazgarria hartu behar da. Funtsezkoa da zuzenean lagina iturritik hartzea inguruko airearekin nahas ez dadin. Lagina material inerte eta usaingabez eginiko poltsa berezietan jasotzen da. Mutur batean hutsa egiten da eta beste muturretik lagina jasotzen da, aire poluitua azken finean. Gero, lehen aipatu bezala analisi kimikoak eta olfatometria egiten dira eta usain-emaria kalkulatzen da, iturriak denboran zehar zenbat usain igortzen duen, alegia. Ondoren, modelizazioa egiten da.

Oscar Santa Colomak adierazi duenez, modelizazioa da analisi osoaren parterik zailena. “Usainak ingurura nola hedatzen diren kalkulatu behar da, noraino iristen diren eta sakabanatzea nola gertatzen den. Hori egiteko datuak eredu matematiko batean sartzen dira eta usain-mapak egiten dira. Iturriaren ezaugarriak eta eskualdearen datu topografikoak zein meteorologikoak hartu eta ereduari aplikatzen dizkiogu. Ereduek tokian tokiko usain-unitateak ematen dizkigute eta guk usain-poluzioa non dagoen eta non ez jakin dezakegu”. Eskualdearen orografiak, haizearen norabideak, eguzkiaren erradiazioak... asko baldintzatzen dute usainaren sakabanatzea eta modelizazioa funtsezkoa da usain-poluzioaren edozein analisitan. Informazio hori guztia eskuetan, arazketa-metodorik egokiena zehaztu eta neurriak hartzea besterik ez da falta.

Bi gauza egin daitezke, prozesua hobetu edo arazketa-teknikak martxan jarri. Oro har, usainak berreskuratu edo deuseztatu egiten dira. Berreskuratzeko absortzioa eta adsortzioa egiten dira batik bat eta, zenbait kasutan, kondentsazioa ere erabil daiteke. Hoztuta alkoholak, aldehidoak eta beste zenbait substantzia likido bihurtzen dira eta berreskuratu eta birziklatu egin daitezke. Baina berreskuratu nahi den disolbatzailearen arabera eta lortu nahi den garbiketa-tasaren arabera, batzuetan nitrogeno likidoa erabili beharko da. Deuseztatze-prozesuen artean oxidazioa edo errausketa termikoa eta bioarazketa erabiltzen dira gehien. Oxidazioa oso egokia da poluitzaile-nahaste konplexuak tratatzeko eta energia berreskuratzeko, baina efluenteak sufrea, nitrogenoa, kloroa edo fluorra baditu, produktu arriskutsuak sor daitezke. Bioarazketan, berriz, poluitzaileak mikroorganismoen bidez degradatzen dira.

Zabortegietako usaina guztiz neutralizatzeko moduak badaude ere, oso garestiak direlako gutxitan erabiltzen dira.

Metodo horiek oso aproposak dira iturriak itxiak direnean, baina ur-araztegietan edo zabortegietan ez dira eraginkorrak. Kasu horietan neutralizatzaileak dira egokienak. “Zabortegi baten gune aktiboaren alboan neutralizatzaile-barrera bat ipintzen da” azaldu du Oscar Santa Colomak, “barrerak aerosol moduan isuriko du neutralizatzailea eta honek usaindun molekulekin erreakzionatu eta usainik ez duten molekula bilakatuko ditu. Oso metodo ona da, baina azalera handia denean, garestia izan daiteke. Horregatik, haizearen noranzkoaren baitan aktibatuko diren barrerak ipintzea proposatzen da. Italian badaude eta oso emaitza onak eman dituzte, baina hemengo zabortegietan ez da halakorik oraindik egin”. Izan ere, usaina gogaikarria izateaz gain poluzioa ere badela guztiz jabetu gabe dago gizartea. Usainaren problematikari zeharka egiten zaio aurre Hego Euskal Herrian, airearen kalitatea neurtzeko eta hobetzeko egitasmoen bidez, baina ez dirudi epe laburrera begira aski izango denik.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila