Plangintzak diseinatzeko garaia da

Mendiburu, Joana

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Hondakinen kudeaketa, urarenarekin batera, erakunde publikoen buruhauste nagusietakoa da; eta ez da gutxiagorako. Zabortegiak lepo beteta eta zaharkituta daude, eta, gainera, kontsumorako joerek gero eta zabor gehiago sorrarazten dute. Egoera horri aurre egingo dioten plangintzak eztabaidatu eta diseinatzeko tenorea da.

Papera da gehien birziklatzen den materialetako bat.

Hondakinen arazoa bi ikuspegitatik da larria. Alde batetik, esan bezala, gero eta hondakin gehiago dagoelako eta, bestetik, gai horri buruzko Europako Batasunaren arteztarauak zabortegiak legeztatzeko jarritako epea gero eta hurbilago dagoelako.

Plangintzek zabortegien ordezkoen artean aukera egin behar dute eta gai horren inguruko eztabaida ikusirik ez dirudi lan erraza. Birziklatzea, konposta egitea eta errausketa, horra hor gehien aipatzen diren aukerak; baina bada “eta hondakin gutxiago sortuko bagenu?” dioen ahotsik ere.

Erakunde batzuek gauzak argi dituzte eta hartu beharreko erabakiak jadanik hartuak dituzte, baina beste askok oraindik erabaki baino zalantza gehiago dute. Hortaz, bakoitza bere erritmoan dabil, nahiz arazoa eta epeak guztientzat berak izan.

Oharra: Argazki hau ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra.

Gero eta zabor gehiago

Hondakinen ekoizpenari so eginez, azken urteetan, pare bat aldaketa nabarmendu behar dira. Alde batetik, gero eta hondakin gehiago sortzen dela eta, bestetik, hondakinen konposizioa.

Iturria: Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila.

Kopuruari dagokionez, gutxiago ekoiztu beharra nabarmentzen dute erakundeek, gizarte-agenteek zein herritarrek. Alta, iritzi bateratu hori eduki arren, ia herrialde guztietan gero eta zabor gehiago sortzen da; eta kontsumoaren joera ikusirik, nekez pentsa liteke gutxituko denik. Kasurik onenean, Gipuzkoan esaterako, hondakin kopurua mantendu egiten da urte batetik bestera, baina Araban eta Nafarroan nabarmen egin du gora hondakin-kopuruak.

Etxeetako hondakinen konposizioa ere kontsumoarekin batera aldatzen ari da. Zabor poltsan hainbat materialez egindako gero eta ontzi gehiago dago. Hortaz, gero eta ontzi-kantitate handiagoak birziklatzea ez da soilik herritarren kontzientzia-maila igo delako.

Zer egin hondakin horiekin guztiekin? Hori da erakunde publikoek erantzun beharreko galdera. Herrialde batzuek jadanik prest dituzte datozen urteei begira egindako plangintzak, baina guztia ez dago erabakita eta erakunde publikoek badute lanari nondik heldua.

Ekoizpena herrialdeka 20002001Igoera portzentajeaBiztanle bakoitzak
(datu berriena)

Gipuzkoa
Bizkaia
Araba
Nafarroa
Iparraldea

297.488
459.694
104.272
237.701
126.000297.468
452.799
111.108
233.894
130.000
% -1,5
% 6,5
% -1,6
% 2,41,17 kilo egunean
1,1 kilo egunean
1,06 kilo egunean
1,2 kilo egunean
1,22 kilo egunean

Ardura udalen esku

Euskal Herriko etxeetako hondakinak bildu eta tratatzea udalen esku dago, baina erantzukizun guztia ez da alkatearena. Foru aldundiek eta herri arteko erakundeek bideratzen dute hondakinak kudeatzeko plana.

Nahiz etxeko tresna elektrikoak, oihalak, etab. botatzeko garbiguneak eskura jarri, oraindik zabor asko botatzen da erreka eta bide bazterretan. Bizkaian, adibidez, 170 legez kanpoko zabortegi daude.
Argazkiak: J. Mendiburu Garaiar

Gaur egun, EAE osatzen duten hiru probintziatan Hiri Hondakin Solidoen Kudeaketarako Plan Integralak daude. Bizkaiko kudeaketa-plana Foru Aldundiak onartuta dago, Gipuzkoan zazpi planen artean egokiena azaroan aukeratuko dute eta Araban garapen-fasean dago oraindik. Plan Integral horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Hiri Hondakin Solidoen Kudeaketarako Plan Zuzendariari lotuak daude (1998).

Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztutako planak, lehentasuna birziklatzeari ematen dio; baina material guztiak birzikla ezin daitezkeenez, Bilbo inguruan errausketa-instalazio handi baten beharra ere azpimarratzen du. Zabalgarbi deituriko errausketa-instalazioa Artigas-en eraikiko dute eta urtean 228.000 tona hondakin tratatzeko kapazitatea izango du.

Gipuzkoan zazpi plan daude mahai gainean. Bizkaian bezalaxe, birziklatzea eta erraustea osagarriak direla nabarmentzen dute, baina konposta egiteko instalazioa eta gune mekaniko-biologikoa ez dituzte baztertzen. Azken horretan, zabortegira bota aitzin, hondakinak egonkortu eta bolumena gutxituko litzateke. Zein plan den egokiena azaroan erabakiko da, baina Foru Aldunditik gehien aipatzen den planean, Gipuzkoan bi errausketa-instalazio eraikitzea aurreikusten da, bata Tolosaldean eta bestean Txingudin. Gainera, 2016an 541.996 tona hondakin kudeatuko dela aurreikusten da.

Araba, berriz, beste probintziak baino beranduago dabil, eta Foru Aldundiak ez du oraindik planik aurkeztu. Hala ere, argi utzi du Araban ez dela errausketa-instalaziorik eraikiko.

Ipar Euskal Herrian, aldiz, kudeaketa sindikatuen esku dago, hau da, herri arteko egitura batzuen esku. Jean Falagan Beskoitzeko auzapezak adierazi digunez, “gaur egun Ipar Euskal Herriko herri guztiak 14 sindikatutan daude elkartuta, baina gutxi barru, gehienak bilduko dituen Bil ta Garbi sindikatua sortuko dugu”. (Elkarrizketa egin zenean, oraindik data ez zegoen finkatuta). Sindikatu berriak Ipar Euskal Herriko hondakin guztien tratamendua segurtatuko luke eta bilketa, aldiz, orain arte bezala, udalen esku geldituko litzateke.

Bizkaiko, Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko probintziek errausketaren aldeko apustua egin dute. Irudian, Aulestiko errausketa-instalazioa.
J. Mendiburu Garaiar

Bil ta Garbi sindikatuaren aldeko herriek aurreikusten dutenaren arabera, Ipar Euskal Herriko hondakinak tratatzeko bi bereizketa-gune, bi zabortegi, konposta egiteko bi eraikuntza eta errausketa-instalazio bat edo bi beharko dira. Ezadostasuna eraikuntza horien guztien kokalekua da, inork ez baitu nahi horrelakorik bere herrian. Gainera, hasiera batean, kostaldeko herriek bozen % 66 izango zutela aurreikusten zen; hori zela eta, barnealdeko herrietako ordezkariek eraikuntza guztiak barnealdean egingo ziren beldur ziren. Badirudi ez dela horrelakorik gertatuko eta boz-kopurua berrikusi egingo dutela.

Ipar Euskal Herriko herrien artean adosten ari diren plangintza horrez gain, Kontseilu Orokorreko Ingurumen arduradun Gourgan jaunaren hitzetan ”mugaz bi aldeetako herrialdeak elkarlanean ari dira ahal den neurrian hondakinen kudeaketa elkarrekin egiteko”. Artikulua idazteko mementoan oraindik ez zegoen egindako lanaren emaitzak argitaratzerik, baina proiektuaren berri uda baino lehen ematea espero da.

Nafarroari dagokionez, 1989ko Hiri Hondakin Solidoen Plan Zuzendariari jarraiki, datuak egokitu eta Europako arteztarau berria kontuan hartuz, 1999an diseinatu zuten hondakinak kudeatzeko plana. Bertan agertzen denez, bost urteko epean berrikusi beharko da (heldu den urtean, beraz). Aurrerapen teknologiko eta gainerako planak aintzat hartuta eta beharrezko aurreikuspenekin diseinatu zuten plana.

Plan horrek Nafarroako hondakinen kudeaketaren gaur egungo egoera eskualdeka aurkezten du eta datozen urteetarako helburuak zehazten ditu. Besteak beste, planak hondakinen inguruan egiten diren jarduera guztientzat erreferente izan nahi du eta jarduera horiek guztiak koordinatzen ditu. Helburu nagusiak, halaber, ahalik eta hondakin gutxien sortzea, gaikako bilketa bultzatzea eta zabortegietara eta errausketa instalazioetara ahalik eta hondakin gutxien bideratzea dira.

Oharra: Argazki hau ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra.

Hondakinen % 90en irtenbidea ezin da errausketa izan

Gipuzkoa eta Bizkaiko plan berriek errausketa bidezko tratamendua aurreikusten dute. Zer deritzozue?

Gu errausketaren aurka gaude erabat.

Duela urte batzuk, Gipuzkoan eztabaida egin zen. Bertan, erakunde publikoek, gizarte eragileek eta nahi zutenek parte har zezaketen. Debate horren ondorioa errausketa baztertzea izan zen. Baina, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu dituen plan guztiek errausketaren aldeko apustua egiten dute. Hiru errausketa-instalazio txiki eraikitzea aurreikusten duena da diputazioaren gustukoena.

Bizkaian, berriz, errausketa-instalazio izugarri bat eraikitzekotan dira. Eztabaida kokapenaren ingurukoa da gehienbat, eta errausketak sortzen dituen ondorio kaltegarriak ezkutatu egin dira neurri batean.

Zergatik zaudete errausketaren aurka?

Alde batetik, arazo teknikoak daudelako, eta bestetik, osasunari loturikoak.

Alberto Frias. Eguzki talde ekologistako bozeramailea.
J. Mendiburu Garaiar

Arazo teknikoei dagokienez, lehenik, itxuraldatzea aipatu behar da. Alde batetik, eraikina dago, baina errausketa-instalazioraino goi-tentsioko lineak ere eraman behar dira, eta, beraz, itxuraldatzen duten elementu bat baino gehiago dago.

Gainera, errausketa-instalaziora egunero kamioi asko joango da, eta horrek poluzioa, zarata eta bideen buxatzea eragingo ditu.

Horri guztiari osasunari loturiko kalteak gehitu behar zaizkio. Lehenik eta behin, ez da ahantzi behar errautsak hasierako hondakinen % 30 izan daitezkeela, eta, beraz, errausteaz gain zabortegia ere behar dela. Hondakin-kopurua murriztuko da, baina gelditzen diren errauts guztiak poluitzaile handiak izango dira. Hortaz, etxeetako hondakinetatik oso toxikoa den hondakinetara pasatuko gara eta horrek beste tratamendu bat eskatzen du.

Gainera, errausketak sortzen dituen eta osasunari kalte egiten dioten gasen artean, furanoak eta dioxinak daude. Jakin behar da Vietnameko gerran amerikarrek erabili zuten Napal gas laranjaren osagarrietako bat zirela furanoak. Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak. Horrez gain, karbono monoxidoa, sufre dioxidoa eta kloro- eta fluor konposatu inorganikoak ere jaurtitzen dira. Erabiltzen diren filtroak ez direla batere eraginkorrak ikusi da beste leku batzuetako errausketa-instalazioetan.

Zein irtenbide proposatzen duzue?

Errausketaren aldekoek diote hondakinei su emanda hondakin-kopurua murrizten dela, eta, horrela, zabortegien arazoa konpontzen dela. Gainera, birziklatzen ez den hondakin-kopurua oraindik garrantzitsua dela gehitzen dute, eta beren iritziz bolumen hori gutxitzeko irtenbidea su ematea da.

Planteamendu horretan bi akats daude: ‘psikologikoa’ deitzen dudana, norbanakoari eragiten diona hain zuzen, eta teknikoa.

Zein da akats ‘psikologiko’ hori?

Erakundeek birziklatzearen aldeko kanpainak egin eta, aldi berean, errausketa planteatzen badute, nola ikusaraziko diogu jendeari zaborrak zerbaiterako balio duela? Horrelako planteamenduekin, jendeak pentsatzen du: “Su emango badiote, zergatik hartuko dut nik hondakinak sailkatuta botatzeko ardura? ” Ikuspegi psikologikotik kontraesana iruditzen zait.

Eta zein da akats teknikoa?

Birziklatzea edo erraustea beste irtenbiderik ez dagoela planteatzen dute. Birziklatzea kalte gutxi sortzen duen zerbait da, baina ez da onuragarria.

Lehen egitekoa ekoizpenetan ahalik eta material gutxien erabiltzea da.

Bestalde, material batzuk berrerabili daitezke eta joera hori bultzatu behar da. Lehen, esaterako, erosketak egitera bakoitza bere otarrarekin joaten zen, eta beirazko botilak ere, hustutakoan, dendara itzultzen ziren berrerabiltzeko. Zergatik ez da orain horrelakorik egiten?

Lehen bi pausoak baztertu eta zuzenean birziklatzera joz gero, jakina da zabortegiak bete egingo zaizkigula eta, horrekin batera, bestelako arazoak ere sortuko direla: lixibatuak, usain txarra, gaixotasunak eta abar.

Bestalde, hondakinak era selektiboan botatzen ez dituztenen hondakin-poltsak zuzenean zabortegira edo errausketa-instalaziora bideratzen dira. Bide horretan berreskuratzeko indarra eginez gero, hondakina % 20an geldituko litzateke. Noski, birziklatzeko materiala zikinduta egon ohi da eta, beraz, kalitate txarragoa du, baina ezin da baztertu.

Errausketa energia-iturri dela ere esaten da.

Ez dugu uste errausketa denik energia sortzeko biderik onena.

Badira birzikla ezin daitezkeen hondakinak ere.

Ospitaleetako hondakinekin, adibidez, ezinbestekoa izan daiteke erraustea, baina horrelakoak kasu bakanak dira.

Etxeetako hondakinei dagokienez, itzul gaitezen hasierako galderetara; zergatik baimentzen da ekoizpenean birzikla ezin daitezkeen materialak erabiltzea?


Hondakinak erretzea energia-iturri da

Aurkeztuko al zenuke bi hitzetan Zabalgarbi proiektua?

Zabalgarbi 228.000 tona hondakin tratatuko dituen errausketagunea da. Hau da, Bizkaiko hondakinen kudeaketa-planaren aurreikuspenen arabera, hondakinen % 23 tratatuko da bertan.

Gainera, hondakinak erretzea energia-iturri da eta, beraz, Europako araudiei jarraiki, Zabalgarbin energia sortuko da. Izan ere, Europak dio hondakinak balorizatu egin behar direla; ahal den neurrian materialki eta bestela energetikoki.

Zabalgarbin hori egingo dugu. Urtean 710 milioi kW energia sortuko da, eta merkatuko prezioan saldu.

Proiektu horren aurrekontua 25.000 milioi pezetakoa da, eta lanak 2004rako amaituko dira. Zabalgarbi eraikitzeko sortu den sozietatearen % 57 enpresa pribatuen esku dago eta % 43 erakunde publikoen esku.

Hondakin horien % 20-30 inguru errauts bihurtuko da. Zer egingo da sortutako errautsekin?

Errautsak segurtasuneko zabortegi batera eramango ditugu. Aldez aurretik, inerte bihurtuko ditugu; hau da, egonkortu egingo ditugu lixibiaturik sor ez dadin.

Eta zer diozu hainbeste aipatzen diren dioxinen arriskuez?

Minbiziaren Institutuaren arabera, 210 dioxinatatik bakarra da minbizia izateko arriskua gehitzen duena. Diotenez, isurketa handia gertatzean minbizi-arriskua 1,4 aldiz gehitzen da (erretzaile pasiboen arriskua 1,2 igotzen da eta erretzaile batena, berriz, 20 aldiz).

1976an Seveson (Italia) gertatu zen leherketaren ondoren, esaterako, inoiz ez da jakin zenbat dioxina zabaldu zen, baina 20 minutuan 2 eta 18 kilo bitartean aireratu zirela idatzi da. Baina ikerketek ez dute frogatu istripuaren ondorioz minbizi-kasuak ugaritu zirenik. Animaliak hil ziren, baina hori dioxinek espezie batzuei besteei baino gehiago eragiten dielako da.

Zabalgarbik 25 urtean 1,4 gramo dioxina besterik ez du aireratuko.

Zure ustez errausketarako guneak ezinbestekoak dira?

Nahiz ahalik eta hondakin gutxien sortu behar litzatekeen, egia da gero eta hondakin gehiago dagoela. Oso garrantzitsua da ahalik eta hondakin gehien birziklatu ahal izateko hondakinak bereizita botatzea, baina argi eduki behar da ezinezkoa dela guztia birziklatzea (bereizten ez dena, kalitate txarreko papera, plastiko-mota batzuk…). Gainera, etxeko hondakinekin oso zaila da kalitate oneko konpostajea egitea.

Hortaz, Bizkaiko planaren helburua zabortegira ahalik eta gutxien botatzea da eta faseak elkarren osagarriak izatea: prebentzioa, birziklatzea eta balorizatzea.

Oharra: Eskema hau ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra.

Fidel Vicandi. Zabalgarbiko prentsa-arduraduna.

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.