Minbiziari aurrea hartzeko gakoak

Agirre, Jabier

Medikua eta OEEko kidea

Hamar minbizi-kasutatik zazpi saihestu edo bazter litezke, baldin eta gure bizimodua aldatuko bagenu. Otsailaren 4an, urtero bezala, Minbiziaren Aurkako Eguna ospatu zen mundu osoan. Eta, ordudanik egun-mordoxka joan den arren, gaixotasun horri sarrienik laguntzen dioten arrisku-faktore nagusien errepaso bat egitea pentsatu dut, ea horrela gauzatxo batzuk argi geratzen zaizkigun denoi.
Minbiziari aurrea hartzeko gakoak
2006/04/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoak)

Erretzeari uztea, ariketa-apur bat gehiago egitea, kilo batzuk galtzen saiatzea. Horrelako erabakiek eragin guztiz positiboa dute gure osasun-egoeran. Baina, ba ote dute faktore horiek eraginik minbiziaren agerpenean? Europako Minbiziaren Aurkako Kodearen arabera hiritarrak beren eguneroko bizimoduan har ditzakeen erabakirik 'osasungarrienak' aipatuko ditut ondoren, eta bakoitzaren arrisku-portzentajea ere adieraziko dut.

Gehiegizko kilo horiek galtzea

Gehiegizko pisua eta obesitatea mendebaldeko gizarteen gaixotasun kroniko arriskutsuenetakoak ari dira bihurtzen; ez bakarrik minbizia izateko arriskua gehitzen dutelako, baita diabetesaren eta gaitz kardiobaskularren maiztasuna gora egiten ari delako ere.

Kilo gehiegirekin, umetokiko minbizia izateko arrisku handiagoa

Obesitatea oso lotua dago umetokiko minbiziarekin (% 43), eta kolon eta ondestekoarekin (% 14), nagusiak aipatzearren. Dena den, kilo asko galdu behar den kasuetan, ezinbestekoa da mediku baten aginduei jarraitzea, hark gomendatutako dieta osasungarria (eta ez zorrotzegia) eginez, erritmo egokian argaltzeko (astean 0,5-1 kg).

Erretzeari uztea

Erretzaileen artean minbiziarekin lotutako heriotzen kopurua sekula erre ez dutenen artean baino hiru aldiz handiagoa dela kalkulatzen da.

Biriketako minbizia saihesteko

Tabakoa da minbiziaren agerpenean eraginik gehien duten faktoreetako bat, biriketako minbiziaren kasuan batez ere (kasuen % 87-91 zuzenean erretzearen ondorio dira gizonezkoetan). Baina, biriketakoaz gain, tabakoa beste minbizi-mota batzuekin ere lotzen da: laringekoa, hestegorrikoa, aho-barrunbekoa, giltzurrunekoa, maskurikoa, etab.

Erretzaile pasiboak ere ez dira libratzen tabakoaren eragin negatibotik. Ikerketa berri baten arabera, giro-tabakismoak % 20-30 bitartean gehitzen du biriketako minbizia jasateko arriskua, eta % 30 bihotzeko gaitzen bat izateko arriskua.

(Argazkia: Artxibokoa)

Barazki gehiago jatea

Kaloria gutxiko eta animalia-jatorriko gantz gutxiko jan-neurria eginez gero, minbizia izateko arriskua gutxitu egin daiteke.

Urdaileko minbiziaren kontrako dieta

Urdaileko, prostatako, bularreko (eta jaten dugunarekin lotuta dauden beste gorputz-atal batzuetako) minbiziei aurrea hartzeko, gakoa da egunean berdura eta fruta freskoen bost anoa jatea. Horrez gain, astean 2-3 aldiz arraina, bi aldiz lekaleak eta zerealak jatea komeni da. Horrekin lotuta, ogi, pasta eta arroz zurien ordez integralak jatea gomendatzen da. Koipe aseen (haragi gorria, hestebeteak, gurina, opilak, etab.) kontsumoa gutxitu eta sukaldean oliba-olioa erabiltzea dira beste bi neurri erraz eta sinple.

Eginkarien analisi berezia edo kolonoskopia

50 urtetik gorako gizonezko nahiz emakumeek koloneko minbizia detektatzeko proba bereziak egiten hasi beharra daukate, detekzio hori ahalik eta goiztiarrena izan dadin. Gorozkietan ea odolik ba ote dagoen jakiteko testa da horietako proba bat eta kolonoskopia bestea. Aurreneko probak % 16-27 bitartean gutxitu dezake koloneko minbiziak eragindako heriotzen tasa.

Ariketa egitea

Bizimodu aktiboa egiten duten pertsonek minbizia izateko arrisku erdia dute, pertsona sedentarioekin alderatuz gero. Baina, gauzak argi uzteko, sasoian egoteko ez da ezinbestekoa gimnasioan jo eta su aritzea; aski da edozein ariketa-mota erregulartasunez egitea (astean 2-3 aldiz), gutxienez 30 minutuko saioak eginez. Ariketa-mota norberaren adinera eta prestaketa fisikora egokitu beharko dugu.

Bizimodu sedentarioa eta bularreko minbizia

Sasoian egoteko ez da ezinbestekoa gimnasioan jo eta su aritzea; aski da edozein ariketa-mota erregulartasunez egitea
astean 2-3 aldiz
(Argazkia: Artxibokoa)

Ariketa fisikorik ez egitearekin lotuen dauden minbizi-motak kolonekoa (% 14) eta bularrekoa (% 9) dira. Haren segidan datoz prostatako, biriketako eta umetokiko minbiziak.

B hepatitisaren kontra txertatu

Minbizien % 18 birusek eta bakterioek eragindako infekzioen ondorio izaten dira. Hala, esaterako, gibeleko minbizi asko B eta C hepatitis birusek eragiten dituzte. B hepatitisaren kontrako txertoa gure umeen txertaketa-egutegian sartua dago gaur egun, eta txertaketa hori neurri egokia da, beraz, minbizia jasateko arriskua gutxitzeko, hein handi batean.

Alkohola murriztea

Alkoholak bere ondorena ekartzen du, epe ertain eta luzera. Eta ez da beharrezkoa gehiegizko abusua alkoholaren eragin eta ondorio kaltegarriak nabaritzen hasteko.

Alkohola eta emakumea: harreman arriskutsua

Ikerketa batek frogatzen du egunean litro bat ardo edateak % 5 gehitzen duela bularreko minbizia jasateko arriskua emakumeetan. Baina gizonezkoak ere ez daude arriskutik salbu: alkoholaren abusuak nabarmen gehitzen du gibeleko minbizia (% 32), hestegorrikoa (% 41) eta aho eta eztarrikoa (% 33) jasateko arriskua.

Eguzkitik babestea

Azaleko minbizi-kasuen portzentaje handi batean ikusten da eguzki-esposizioa gehiegizkoa izan dela.

Azaleko minbizi-kasuen portzentaje handi batean ikusten da eguzki-esposizioa gehiegizkoa izan dela.
Artxibokoa

Umeak eta azaleko minbizia

Eguzkiak behin eta berriz gure larruazalari egiten dizkion erasoak pilatu egiten dira, eta, horren ondorioz, azaleko minbiziaren hainbat barietate ager daitezke. Horregatik da hain garrantzitsua umeak eta nerabeak eguzkitik babestea: eguzkiak gogorren jotzen duen orduetan eguzkitan ez jartzea komeni da, eguzki-babesle egokia erabiltzea eta orin eta orizten kolore- forma- eta tamaina-aldaketei gertu-gertutik erreparatzea.

Aldizka zitologia egitea

Zitologia edo Papanicolau-ren testa umetoki-lepoko minbizia modu goiztiarrean detektatzeko proba da, eta 25 urtetik gorako emakume guztiek, edo sexu-harremanak dituzten guztiek, 3-5 urtetik behin, gutxienez, egin beharko lukete.

Umetoki-lepoko minbiziari aurrea hartzeko

Oso proba erraza da, egiteko oso sinplea, eta minbiziaren aurreko lesio posibleak detektatzen dituena. Horrela, minbizia aurreneko faseetan diagnostikatuz gero, askotan ia minbizia dela ere esan ezin daitekeen fase batean, errazago sendatzen da. Proba hori ginekologoarengana emakumeak egiten dituen bisitetan agintzen du, normalean, espezialistak.

Aldizka mamografia egitea

Bularreko minbizia da tumorerik ohikoena emakumeen artean. Horregatik, garrantzi handikoa da 40-50 urtetik aurrera (ginekologoaren iritziaren arabera) emakumeak aldizka mamografia bat egitea, kontrolatzeko.

Osasuna
31
Minbiziaren eragile nagusiak
AEBetako Harvard Unibertsitateko Osasun Publikoaren Eskolak egindako ikerketa baten arabera, minbizi-motarik ohikoenetan arrisku-faktore jakin batzuek zenbateko eragina duten adierazten dute ehuneko hauek:
Biriketako minbizia
Tabakoa: % 87-91 (gizonezkoetan),
% 57-86 (emakumeetan)
Barazki gutxi kontsumitzea: % 1
Poluzioa: % 3
Kolon eta ondesteko minbizia
Gehiegizko pisua/Obesitatea: % 14
Bizimodu sedentarioa: % 14
Barazki gutxi kontsumitzea: % 1
Bularreko minbizia
Alkohola: % 9
Gehiegizko pisua/Obesitatea: % 13
Bizimodu sedentarioa: % 9
Urdaileko minbizia
Tabakoa: % 25
Barazki gutxi kontsumitzea: % 1
Pankreako minbizia
Tabakoa: % 29
Alkohola: % 32
Ospitaleko kutsadura: % 3
Leuzemia
Tabakoa: % 17
Maskuriko minbizia
Tabakoa: % 41
Hestegorriko minbizia
Tabakoa: % 71
Alkohola: % 41
Barazki gutxi kontsumitzea
Ahoko eta eztarriko minbizia
Tabakoa: % 71
Alkohola: % 33
Umetokiko minbizia
Gehiegizko pisua /Obesitatea: % 43
Umetoki-lepoko minbizia
Tabakoa: % 11
Babesik gabeko sexu-harreman arriskutsuak: % 100.
2
219
2006
4
029
Osasuna
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila