Hondakin elektriko eta elektronikoak

Orobengoa, Olatz

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Egunero entzuten dugu gailu elektroniko berriren bat agertu dela merkatuan, azken belaunaldiko telefono mugikor berria edo bizitza antolatuko digun ordenagailu ultramoderno horietako bat.
Gero eta azkarrago, etxean dauzkagun elektrotresnak zaharkitu egiten dira eta berria erosteko premia izaten dugu. Baina, zer egin botatzen ditugun alferrikako tresnekin?

Orain arte, tresna guztien %90 zabortegira eraman dugu aurrez inolako tratamendurik egin gabe, baina azkenaldian arazo larria bilakatzen ari da hondakin horien pilaketa.

Europako Batasunak kaleratutako txosten baten arabera, 1998an sei milioi tona hondakin elektriko eta elektroniko (HEE) sortu ziren Europa osoan (hiri-hondakin guztien % 4). Urtero hondakin horien bolumena % 3tik % 5era igoko dela aurreikusten da txosten horretan. Horrek esan nahi du HEEak batez beste hiri-hondakinak baino hiru aldiz azkarrago hazten ari direla.

Tresna elektronikoek duten material-nahasketa arazo handia da birziklatzerako orduan.

Tresna elektriko eta elektronikoak beira edo papera baino askoz ere zailagoak dira birziklatzeko. Tresna bakoitzak osagai ezberdin ugari ditu bere baitan: zirkuituak, kableak, plastikoak, merkuriozko etengailuak, izpi katodikoen hodiak, kristal likidozko pantailak, metagailuak, argiztapen-aparatuak, kondentsadoreak, erresistentziak eta abar. Gainera, osagai horietako bakoitzak ingurumenerako kaltegarriak diren hainbat material ditu, horien artean garrantzitsuenak: metal astunak (merkurioa, beruna, kadmioa eta kromoa), substantzia halogenatuak (CFCak edota bifenilo polikloratuak, adibidez), PVCak, su-babeserako bromodun materialak, amiantoa eta artsenikoa.

Esan bezala, orain arte, hondakin eta material horiek inolako tratamendurik gabe bota dira zabortegietara, horrek dakarren poluzio-arriskuarekin. Uste da zabortegietan neurtzen diren metal astunen eta substantzia halogenatuen kontzentrazio altuak HEEen pilaketaren ondorio zuzena direla. Gainera, hainbeste substantzia-mota ezberdin batera agertzean, hondakinak errez gero, makina bat erreakzio kimiko gertatzen dira, eta oso arrisku handia dago dioxinak eta antzeko molekulak atmosferara bidaltzeko. Erre ordez zabortegi kontrolatuetan pilatuz gero, metal astunak eta substantzia kimikoak lixibiatzeko arriskua dago, hots, euri-uretan disolbatu eta zabortegi inguruko lurzoruetara iragazteko arriskua.

Orain dela 25 urte material-piloa behar zen ordenagailu bat egiteko.

Horregatik guztiagatik, orain dela urte pare bat, Europako Batasunak HEEak erregulatuko dituen arteztarauaren proiektua plazaratu zuen. Horren bidez, tresna elektriko eta elektronikoen ekoizpenean erabiltzen diren material arriskutsuen kopurua mugatzea eta jadanik pilatuta dauden HEEen birziklatzea bultzatzea da helburua. Arteztarauaren arabera, 2006ko bukaerarako HEEen % 70etik % 90era bitartean birziklatu beharko da Europa osoan, eta 2008ko urtarrilaren 1etik aurrera, metal astunak eta su-babeserako bromodun materialak hain kaltegarri ez diren beste material batzuez ordezkatu beharko dira.

Birziklatzearen historia

Ordenagailuen kasua nahiko esanguratsua da. Orain dela 25 urte hasi ginen tresna horiek erabiltzen eta ordutik hazkuntza izugarria izan da. Baina hasierako ordenagailuak armairu baten tamainako tramankulu izugarriak ziren. Material-piloa behar zen tresna bakoitzerako eta hondatuz gero, errentagarria zen konpainia ekoizlearentzat bertan zeuden metal astunak birziklatzea. Baina, denbora aurrera joan ahala, ordenagailuak gero eta txikiagoak egin dira eta gero eta material gutxiago erabiltzen da –eta material-mota ezberdinak ugaritu–. Horregatik, gaur egun enpresa ekoizleentzat ez da errentagarria metal astunak eta bestelako materialak birziklatzea. Europako Batasunak plazaratutako arteztarauan HEEen birziklatze-gastuak ekoizleek beren gain hartzea proposatzen da, horrela tresna berrien diseinuan materialen birziklatzea kontuan hartu eta ahal den neurrian prozesua erraztuko baita.

Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa ugari hasi dira aurteztarauari aurrea hartzen. Horren adibidea dugu Fagor enpresako elektrotresnen sailak, INASMET enpresarekin batera, burutu duen ‘Recifrigo’ proiektua, hozkailuak zenbateraino birzikla daitezkeen aztertzen duen txostena.

Baina, nola birzikla daitezke tresna horiek?

'Recifrigo' proiektuaren bidez, hozkailuak zenbateraino birzikla daitezkeen aztertu du FAGORek INASMETekin batera.

Ikusi besterik ez dago merkatuan zenbat tresna elektriko eta elektroniko dauden, horiek birziklatzea zein korapilatsua izan daitekeen ulertzeko.

Lehenik eta behin, batu den tresna bakoitza sailkatu eta osagaiak bereiztu egin behar dira: plastikozko karkasak, izpi katodikoen hodiak, kableak eta abar. Gero osagai bakoitzak bide ezberdina egingo du. Berriro erabilgarriak diren osagaiak ekoizleei bidaliko zaizkie. Birzikla daitezkeen materialak, berriz (plastikoak, metal astunak, beira eta bestelakoak), eskuz bereiztuko dira ahal den neurrian. Birziklatzeko egokiak ez diren zatiak erre edo kontrolatutako zabortegietara bidaliko dira.

Material-nahasketa handia duten osagaiak bereizterako orduan agertzen dira arazo gehien. Orain arte eskuz egin da, baina material oso poluitzaileen maneiuak langileen osasunean eragin latza du. Gainera, gero eta osagai txikiagoak erabiltzen dira tresnetan, eta birziklatzerako orduan makina espezialduen beharra gero eta handiagoa da. Azken urteotan material horiek mekanikoki bereizteko makina eta metodo ezberdin ugari ari dira agertzen.

Eta, zertan da Euskal Autonomia Erkidegoa?

1994an Bilbon egin zen esperientzia-pilotuan lortu ziren emaitza onak ikusita, 1997. urtetik aurrera erkidego osora zabaldu ziren Garbiguneak. Horietan HEEak batzen hasi ziren, eta batutako kopurua haziz joan da etengabe. 2000. urtean, esaterako, 710.707 kilo HEE batu ziren.

Gaur egun, batutakoaren % 77,73 birziklatzen da (beira, burdina eta kableak); hondakin toxikoak, % 0,3, kudeatzaile baimenduetara bidaltzen dira eta plastikoak ez dira birziklatzen, momentu honetan plastiko birziklatuentzako merkaturik ez dagoelako. Hori dela eta, HEEen % 21,97 kontrolpeko zabortegietara bidaltzen da.

Europako Batasunak argitaratutako arteztarauan agertzen den helburua urteko eta biztanleko 4 kilo HEE birziklatzea da. Gaur egun, 2,4 kilo bakarrik birziklatzen dira; beraz, bide luzea dago oraindik egiteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila