Lantzean behin komunikabideetan hondakin nuklearrei buruzko berriak agertzen dira. Arestian, Frantziatik Japoniara plutonioa garraiatu zuen Akatsuki Maru kargauntziak zalaparta ugari eragin zuen, Frantzian batez ere, ekologistek haren aurka egindako protesta-ekintzak zirela eta. Baina komunikabideetan ez agertu arren, arazoak lehenean dirau: munduko zentral nuklearretan ehundaka tona zabor erradioaktibo sortzen dira urtero eta inork ez daki ongi zabor horri zer egin. Orobat, militarren eskuetan dauden arma nuklearretako asko eta asko zabor bilakatu dira dagoeneko.
Orain dela bi hilabete, Eagean Sea petroliuntziak A Coruñako kostaldean izandako istripuak berriro jarri dizkigu begien aurrean munduko hainbat kostaldetan lehenago ere ikusiak genituen imajina kezkagarriak: itsasoa sutan, hondartzak belztuta eta hegaztiak petrolioz blai. Hilabete geroago, urtearen hasierarekin, Shetland irletan oraingoan, Braer petroliuntziaren txanda izan da. Dudarik gabe ez dira azkenak izango: petrolio-kontsumoak itsas garraioa ezinbesteko du eta, beraz, teknologia berriek eman ditzaketen laguntza guztien beharra izango dugu istripu-arriskua ahalik eta txikiena izan dadin.
Hegazkin-istripuak egunkarietako izenburuetan maiz samar aipatzen badira ere, zalantzarik gabe teknologiari esker merkatal hegalaldietan segurtasun maila oso handia da. Baina istripu-kopurua txikiagotzeko oztopo nagusiak lehenean dirau.
Munduan automobilgintzan diharduten etxe nagusiak XXI. mendea hasi baino lehen automobil elektrikoak seriez fabrikatzekotan dira. Hiri handitan edo hiri ingurutan lanera, eskolara edo dendetara joateko automobil txikiak egiten hasi dira jadanik, laster handiak ere egiten hasiko direlarik.