Bihotzeko atakeak

Agirre, Jabier

Medikua eta OEEko kidea

Izendapen orokor horren barruan bi prozesu patologiko desberdin sartzen dira: bularreko angina batetik eta miokardioko infartua bestetik. Bihotzeko erasan larri horiek direla eta jendeak duen nahasketa argitu asmoz, gaurko lan honetan bi prozesu horien desberdintasunak azaltzen saiatuko naiz.

Bai bularreko anginak eta bai miokardioko infartuak, jatorria amankomuna dute. Bihotzeko paretak osatzen dituen muskuluak (miokardioak alegia) normalean baino odol-kopuru gutxiago jasotzen du. Odol-fluxu hori bapatean txikiagotzen denean bularreko angina izaten da. Infartua, ordea, miokardioaren zona batean odolik ez egoteari zor zaio, horrela muskuluaren zati bat hil egiten delarik. Beraz, bihotzaren eginkizunari kalte egiten dion lesio iraunkor bat geratzen da; orbain moduko bat. Bularreko anginan, berriz, ez da bihotzeko muskulurik hiltzen. Lesioa ez da atzeraezina, beraz.

Definizioak

Bularreko angina, bularraldearen aurrealdeko min gogor bat dela esan dezakegu. Gizonezkoen gaitza da ia beti; bizitzaren laugarren hamarkadatik aurrera izan ohi dena.

Bularreko angina, bularraldearen aurrealdeko min gogor bat dela esan dezakegu; odol-ekarpenaren bapateko, une bateko eta atzeragarri den gutxiegitasun batek sortua.

Infartua, berriz, bihotzeko muskuluaren nekrosi gutxi-asko zabala da, bertako odol-garastapena bapatean eten egiten delako. Kasuen % 90etik gora arteria koronarioen arteriosklerosiak sortzen du arterien barruko pasabidea erabat butxatzen delako. Gainerako infartuak arteria horien enbolia edo espasmoei zor zaizkie.

Zein pertsonatan izaten dira?

Bularreko angina gizonezkoen gaitza da ia beti; bizitzaren laugarren hamarkadatik aurrera izan ohi dena. Dena den, gero eta gehiago diagnostikatzen da gizonezko gazteengan eta baita emakumezkoengan ere (menopausiaren garaian edo ondoren bereziki); are gehiago bestelako arrisku-faktoreak baldin badaude.

Miokardioko infartua ere gehienbat 40-65 urte bitarteko gizonezkoek izaten dute. Denboraldi horretan sei aldiz usuagoa da gizonengan emakumezkoengan baino. 65 urtetik gora proportzioa bi gizon emakumezko bakoitzeko da eta 80 urtetik aurrera intzidentzia berdindu egiten da sexu bietan.

Aurrejoerei dagokienez, gaitz biak sarriago izaten dira erretzaileengan, diabetiko eta hipertentsoengan, edota kolesterol-maila altua dutenengan. Bestelako arrisku-faktoreak bizimodu sedentarioa eta behin eta berrizko tentsio psikiko eta emozionalak dira. Hori dela eta, normala da bularreko angina erantzukizun handiko lanbideak dituzten pertsonengan izatea.

Mina, sintoma nagusia

Bularreko anginaren sintoma nagusia da mina. Ariketa fisikoen bitartean, edo emozio gogorretan agertu ohi da mina. Normalean bularrezurraren behealdean izaten da (ik. irudia) eta hortik ezkerreko besora, lepora eta baraila edo beheko masailezurrera zabal daiteke. Zenbait kasutan izerdi hotza, zurbiltasuna eta larritasuna ere agertzen dira, gaixoaren heriotza-sentsazio berehalakoarekin batera.

Dena den, bularreko angina agertzeko ariketa fisikoa gogor egitea ez da derrigorrezkoa. Batzuetan atsedenaldian ere izan daiteke (ATSEDENEKO ANGINA). Baita lo dagoenean ere. Hori gertatzen denean, pazientea minez esnatzen da. Atsedeneko angina arteria koronario baten bapateko espasmo edo butxadurak sortua da.

Mina da, bada, bularreko anginaren sintoma nagusia. Egon daiteke infarturik minik gabe (ehunetik hogeian, gaixoak abdomeneko oso molestia inespezifikoak besterik ez baititu sentitzen), baina minik gabe, ezin da bularreko anginaz hitz egin. Minak, zorionez, ez du asko irauten (3-10 minutu), eta zifra horiek kontuan edukitzea garrantzi handikoa da. Minutua baino gutxiago irauten badu, ia seguru esan daiteke ez dela angina; eta 10 minutu baino gehiago iraunez gero, berriz, preinfartutzat hartu behar da.

Diagnostikorako baliabideak

Hiru dira oinarrizko datuak: mina (nolakoa den, non kokatu eta nora zabaltzen den, zenbat irauten duen, etab.), elektrokardiograman agertzen diren aldaketak (nahikoa esanguratsuak) eta odoleko zenbait entzimaren alterazioa.

Mina lagungarri ona da medikuarentzat. Baina lehen esan dugunez, prozesu horietan bostetik bat, bai medikua eta bai gaixoa bera ere, ohartu gabe pasa daiteke; ez baita minik agertzen. Bestalde, minik gabeko infartuen proportzioa % 50era igo daiteke pertsona zaharrengan (erdia, beraz). Kontu eduki, bada, eta ez fidatu klinika hutsarekin.

Infartu baten ondotik lesionatutako miokardio-zelulek alterazioak jasaten dituzte. Beraz, zelula horien edukina odolera pasatzen da. Analisien bidez batez ere zelula nekrosatuetatik datozen entzimak atzematen dira. Eta horrela, entzimen portzentaiak infartuaren garrantziaren nahikoa tamaina zehatza ematen digu; odolean zenbat eta entzima gehiago agertu, erasandako bihotz-zatia hainbat eta handiagoa izango baita. Bestalde, entzima horien ondorengo balorazioei esker infartuaren ebaluazioaren berri eduki ahal izango dugu.

Elektrokardiograma (EKG), bihotzeko muskuluaren iharduera elektrikoaren erregistroa da. Beraz, miokardioa hondatzen denean, eta ez da ahaztu behar infartuak zelulen nekrosia eta heriotza dakarrela, EKG baliabide egokia da (pertsona adituaren eskuetan noski); bai infartua gertatu berria denean (fase akutua), bai infartua sendatu ondoren ere (gertatu eta egun batzuk edo aste batzuk geroago ere). EKGren balioa era askotakoa da:

  • Aurresale gisa, hau da, infartua gertatu aurretik arriskuaren berri ematen du, nahiz eta erabateko ziurtasunik eduki ez.
  • Esfortzu-proben bitartean.
  • Miokardioko infartua gertatu eta gero, kaltearen neurri eta eboluzioaren berri ematen digu.

Arazoaren garrantzia zertan datza?

Bularreko anginaren sintoma nagusia mina da. Normalean bularrezurraren behealdean izaten da eta hortik ezkerreko besora, lepora eta baraila edo beheko masailezurrera zabal daiteke.

Infartuak oso pronostiko txarra du, bihotzean zehar gertatzen den uzkurdura muskularraren transmisioan alterazioren bat edo beste sortzen bada. Bestalde, kasu batzuetan konplikazioek ere heriotza ekar dezakete

shock zirkulatorioak edota bihotzak huts egitea, esate baterako

Bi prozesuak konparatzen baditugu, bularreko anginaren kasuan ez da inolako bihotz-lesiorik sortzen. Infartuak, berriz, bihotzaren zona bateko nekrosia dakar, hau da, bertako ehunen heriotza. Bularreko anginan, miokardioaren oxigeno-eskasia iragankorra da eta ariketa (edo arrazoia bederen) desagertzen denean, oxigenazioa ere bere maila normalera itzultzen da. Infartuan, ordea, oxigeno-falta luzeagoa da eta lesio bat sortzen da; sendatu arren (sendatzen bada, ez beti) orbain iraunkor bat utziko duena. Horrela, bizi zen bitartean bularreko angina bat baino gehiago jasan zituen pertsonaren autopsiak bihotza erabat normala erakusten digu. Infartu bakar bat jasan duenak berriz (infartu arina izanda ere), betirako du orbain hori miokardioan.

Prebentzioa. Ezer egin al daiteke?

Arazo hau bi eratara ikus daiteke.

Batetik, ea arteriosklerosi koronarioa ebita ote daitekeen kontsideratu behar da; hau baita bularreko angina izateko arrazoi nagusia. Bestetik, min-episodio horiei aurrea hartzea posible ote den ikusi behar da.

Arteriosklerosi koronarioari dagokionez, prebentzio gisa bizimodu sedentarioa baztertu egin behar da, tabakoa utzi, ariketa fisikoren bat edo kirolen bat (neurriz, noski) egin eta jan-neurri egokia mantendu, animali gantzak erabat baztertuz. Gainera diabetea, hipertentsio arteriala edo kolesterol-maila altuegiak edukiz gero, medikuaren esku jarri beharra dago, tratamendu egokia jar dezan.

Min koronarioak prebenitzeko, minak agertarazten dituzten faktoreak ebitatu behar dira: ariketa fisiko gogorrak, jatordu astun eta pisuegiak, hotz, bolada handiak eta emozio gogorrak. Guzti hori eginda ere mina agertzen baldin bada, medikuak kasu bakoitzerako agindutako medikazioa hartu beharko da.

Horregatik, bularreko anginaren bat jasan dutenek beti eraman ohi dute gainean prebentziorako botika bat. Mihi azpian jarri ohi diren pastilatxo batzuk dira; erraz urtzen direnak. Beren helburua arteriak zabaltzea da, eta, beraz, bihotzeko odol-garastapena normal bihurtzea. Nolanahi ere, bihotzeko atakea eragin dezakeela uste den ariketa edo langintzaren bati ekin aurretik ere hartu behar lirateke. Badira, gainera, luzaroago eragiten duten beste pilula batzuk (12 orduz gutxi gorabehera).

Eta infartua jasan ondoren, zer?

Infartua izan ondoren, ohizkoa baino esfortzu handiagoa eskatzen duten iharduera guztiak arretaz eta emeki-emeki egin behar dira. Hala ere, infartua jasan ondoren, ariketa fisikoren bat edo beste berehalaxe egitea gomendatzen da. Errazena, eta komenigarriena, ibilbide launean paseatzea da. Hasieran paseo laburra, hamar bat minutukoa, lehenengo egunetan. Gero, pixkanaka-pixkanaka, luzatuz joango da, egunean behin edo bitan ordu t’erdi edo bi orduko paseoraino iritsiz. Baina mina edo esfortzu handiegia sortzen duen edozein iharduera edo kirol erabat debekatuta dago.

Eta harreman sexualei buruz, zer? Posible da berriro ere gaixoaren egoera orokorrak horretarako aukera ematen duen bezain pronto hastea, baina beti ere pazienteari tentsio eta esfortzurik txikiena sortzeko moduan. Kontuan eduki behar da, hala ere, miokardioko infartua prozesu grabea dela eta zuzperraldi edo konbalezentzian (beste edozein gaixotasun grabetan gertatzen den bezala) pazienteak horretarako interes handirik ez duela izaten, batez ere iharduera horiek dezakeena baino esfortzu psikiko eta fisiko handiagoa eskatzen badiote.

Dena den, ez da ahaztu behar infartuan bihotzeko muskuluan zona batean nekrosia izaten dela, hau da, miokardio-zati bat hil egiten dela. Erasandako zona horrek bere ezaugarriak (elastikotasuna eta uzkurtzeko ahalmena, bereziki) galdu egiten ditu eta orbain fibroso bihurtuko da; ezin leheneratu edo “konpon” daitekeena. Lesionatutako zatia oso handia ez bada, bihotzaren funtzioa ez da kaltetuta gertatzen, eta fase akutua gainditu ondoren bihotza bere normaltasunera bueltatzen da. Geratu den lesioa, EKG bidez baino ezin daiteke atzeman. Baina erasandako zona handiagoa baldin bada edota bihotz-zona jakin batzuetan kokatzen bada, posible da gerora ere tratamenduaren beharrean egongo diren lesioak geratzea. Horietan usuenak arritmiak eta bihotzeko intsufizientzia dira.

Tratamendua: zer egin behar da kasu hauetan?

Infartua gertatzen denean, gaixoa ospitaleren batera lehenbailehen eramatea komeni da, egon daitezkeen konplikazioak tratatzeko.

Bularreko anginaren kasuan faktore bultzatzaileak zaindu behar dira (kolesterol-maila altua, hipertentsioa, tabako-kontsumoa, etab.) eta minaldiak abiarazten dituztenak ebitatu (ariketa gogo-rrak, stressa, etab.) Bestalde, min-episodioak nahikoa azkar desagertzen dira mihi-azpitik nitroglizerina erabiliz (pastilatxo bat mihi azpian jarri eta poliki-poliki urtuz joanez): nitroglizerina oso baso-zabaltzaile egokia da. Kirurgia erabiltzea ere beharrezkoa izan daiteke zenbait kasutan.

Miokardio infartuak, bere fase akutuan, hau da, infartua gertatzen denean, berehalako tratamendua eskatzen du: analgesiko gogorrak mina kentzeko eta ospitaleren batera gaixoa eramatea, egon daitezkeen konplikazioak tratatzeko bihotzeko erreanimazioa behar bezala egingo duten zerbitzu edo unitatean ingresaturik gera dadin. Fase akutua gainditu ondoren, egun batzuen buruan gaixoa bere etxera bueltatzeko moduan egon daiteke, pixkanaka bizimodu normalera itzultzen hasteko. Infartua jasan duenarentzat gauzarik garrantzizkoena arrisku-faktoreak (tabakoa, jan-neurri desegokiak, etab.) alde batera uztea da.

Eta kirurgia noiz da beharrezkoa? Miokardioko infartu baten ondotik ebaketa kirurgikoa egiteko bi dira arrazoi nagusiak. Lehena, nahikoa arrunta den konplikazioa konpontzeko egiten da: erasandako zona bigundu egiten da (aneurisma) eta “puztu”. Ez da uzkurtzeko gai, gainerako bihotz-zatiak bezala, eta bere baitan koagulu txikiak sor daitezke; gero enboliak sor ditzaketenak. Horregatik, kasu batzuetan, aneurisma hori erauztea komeni da. Bigarren arrazoia honakoa da: operazio bidez posible da arteria koronarioetako odol-zirkulazioa hobetzea, eta bide batez muskulu kardiakoaren oxigenazioa erraztea. Ebaketa-modu hau gero eta gehiagotan egin ohi da, gaur egun, segurtasun eta eraginkortasun osoz, teknika kirurgiko desberdinak erabiliz.

Eta zer esan tabakoari buruz?

Gaur egun aski frogatua dago arterietan lesioak sortarazteko, oro har, eta lesio koronarioak sortzeko bereziki, tabakoa oso arrisku-faktore garrantzitsua dela. Zenbat eta zigarro gehiago erre, hainbat eta arrisku handiagoa dago prozesu horiek jasateko. Ez dakigu zehatz-mehatz lotura horren arrazoia zein den, baina itxuraz tabakoaren nikotinak eta karbono (II) oxidoak badute zerikusirik. Nikotinak espasmoak eragiten ditu arterietan, kearekin batera arnasten den karbono (II) oxidoak odolaren oxigenazio-maila jaisten duen bitartean.

Bestalde, pipa edo puruak erretzen dituzten pertsonek zigarroak erretzen dituztenek adina arrisku dute prozesu koronarioak edukitzeko. Kontuan eduki behar da, gai honi amaiera emanez, pertsona batek erre ez arren ere, kez kargatutako giroan edota etengabe erretzen ari den beste lagunen baten ondoan luze egonez gero, bularreko angina jasateko arriskua dagoela.

Nola jokatu behar dute bularreko angina jasaten dutenek?

* Honakoa gomendatzen da:

  • Ariketa fisikoa, neurriz, egitea.
  • Jatorduen ondotik atseden hartzea.
  • Hotzetik babestea.
  • Neurriz jatea, eta jatorduak sarri egitea.
  • Adinari, tailari eta konstituzio edo gorpuzkerari dagokion pisua mantentzea.
  • Disgustuak lasai hartzea.
  • Oporraldiak egiteko 1.000-1.500 m-tik beherako zonak hautatzea.

* Baztertu beharrekoak dira:

  • Ariketa fisiko gogorrak egitea.
  • Hotz egiten duenean lasterka ibiltzea.
  • Behar bezala ez libratzea.
  • Erretzea.
  • Eztabaida gogorretan parte hartzea, sutsu eztabaidatzea.
  • Ordu luzetan lanean aritzea; lanak tentsioa sortarazten duenean bereziki.
  • Kafea edo tea neurriz kanpo hartzea.
  • Bidaia luze eta nekosoak egitea.
Bularreko anginagatiko minaren eta jatorriz muskularra den min pseudo-anginosoaren arteko aldeak
Minaren ezaugarriak Bularreko angina Min pseudo-anginosoa

Kokapena


Nora zabaltzen da

Nolakoa da


Zerk eragina da


Tratamendua

Bularrezurraren atzetik eta toraxaren aurrealdean

Sorbalda bat edo bietara, lepora, barailara eta ezkerreko besora

Zanpaketa gisakoa


Ariketa gogorrek emozio bortitzek, hotzak eta asko jateak

Atsedena. Nitroglizerina

Bihotzaren aurrean kokaturiko puntu zehatzak

Ezkerreko sorbaldara, ezkerreko klabikularen azpira eta ukondora.

Ziztada modukoa edo zehaztu gabea

Tentsio psikikoak eta urduritasunak

Lasaigarriak


(Oharra: Argazki hau ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra).

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.