Klonazioa gaur egungo ikerketetan oihartzun handienetakoa duen arloa da eta, zer esanik ez, azaro-amaieran Advanced Cell Technology enpresak giza enbrioiaren klonazioa lortu zuela jakitera eman zuenetik. Batzuei beldurra, besteei lilura... erreakzio kontrajarriak sortzen dituen gaia da, baina inor gutxi uzten du axolagabe. Gaur egun ikerketa zertan den azaldu digu Xavier Vignon INRAko (Agronomia Ikerketarako Frantziako Institutu Nazionala) Jouy-en-Josaseko egoitzako ikertzaileak. Besteak beste, bere laborategian sortu zuten lehen behi klonatua, nahiz eta denbora gutxira zendu egin zen.
Elikadurarekin zerikusia duten krisialdiak oso larriak izaten dira, gizarte osoan baitute eragina. Azkenaldi honetan, gainera, esparru horretan krisialdi andana izan da Europan. Krisia gehien pairatu duen lurraldetik, Erresuma Batutik etorrita, egoera horien identifikazioan, analisian eta kudeaketan aditua den Lynn Frewer doktoreak hitzaldi bat eskaini zuen Bilbon.
5,3 milioi pertsona kutsatu ziren iaz Giza Immunoeskasiaren birusarekin (GIBarekin); hiesa zuten pertsonen kopurua, berriz, 6,1 milioikoa izan zen, eta hil, 3 milioi pertsona hil ziren hiesaren ondorioz. Datuak hotzak direla diote, baina datu horien aurrean ez dago hotz geratzerik. Mugarik gabeko gaixotasuna da hiesa, bizitza estilo modernoaren isla: ez du muga geografikorik, ez eta muga biologikorik; jantziz aldatu, ezagutzen ez zitzaion aurpegiak erakutsi eta ugaritzen trebea baita. Ia Interneteko birusak baino aldakorragoa da. Hortik dator txerto eraginkorra lortzeko zailtasuna. Internetek aldatu omen du mundua, baina hiesa ez zaio atzean geratu: herrialde garatuetan drama bihurtu da eta txiroetan, berriz, tragedia. Afrika beltzak dagoeneko ez du etorkizunik, milioika lagun hil ditu hiesak, gazteak batez ere. Asiako errealitatea ez da, oraindik, hain gordina izatera iritsi, baina iritsiko omen da. Hemen, herrialde garatuetan, gizarteak hiesarekin bizitzera ohitu behar izan du, hiesdunak onartzen ikasi, eta seropositiboek hiesarekin bizitzen ikasi behar izan dute. Tratamendu erretrobiralek itxaropenerako ateak ireki dizkiete, putzutik atera dituzte... hirugarren munduak, ordea, ez du horrelako aukerarik izan, eta, gauzak aldatzen ez diren bitartean, ez dirudi izango duenik ere. Beraz, txerto eraginkorrean izan behar itxaropena. Eta horretan ere hiesak aldatu egin du zientzia eta ikertzaileen lana, gaixotasun honek 20 urte betetzen dituen honetan egunero milaka ikertzailek elkarrekin lanean dihardutelako ezagutzen den birus mutanteenaren aurkako borrokan garaile atera ahal izateko. Bitartean, elkartasun apur batek ez lioke inori kalterik egingo, ihesik gabe. Euskal Autonomia Erkidegoko Hiesaren Prebentziorako eta Kontrolerako Plana duela 14 urte jarri zen abian. Ordutik, Daniel Zulaika da plan horren burua. Sendagilea da bera, eta Donostia ospitaleko barne-medikuntza sailean ziharduen lanpostu berrirako deitu ziotenean. Eginbeharra bukatzen duenean ospitalera itzultzeko asmoa du, hiesa duten gaixoei laguntza ematera, gaixotasun infekziosoen unitatera. Berak dioen bezala, “hiesarekin lanean jubilatuko naiz”.
Zientziak eta teknologiak gizartean duten eragina ikuspuntu desberdinetarik azter daiteke. Ohikoena asmakizun berriek eguneroko bizitzan zer nolako eragina duten aztertzea izaten da, baina badira isilpean gorde nahi izaten diren ikerketa zientifikoen bestelako alderdi batzuk. Horietako bat da nahita edo inkontzienteki egiten den iruzur zientifikoa. Iruzur horren zergatiez eta ondorioez hitz egin digu, Miguel Sánchez-Mazas Katedrak antolatutako hitzaldietan, biokimika eta biologia molekularrean katedradun den F. García Olmedok.
Cro-Magnon gizakia Neanderthalak desagertu baino lehen iritsi zen Europara, eta biak milurteko batzuez lurralde berean bizi izan ziren. Gero, Neanderthalen populazioa murriztu egin zen eta Cro-Magnon gizakiak besterik ez zuen iraun. Ez dakigu zein izan zen arrazoia; horren inguruan espekulazio asko dago. Arrasate inguruan garai hartako bi aztarnategi garrantzitsu daude, Lezetxiki eta Labeko koba, eta indusketa Aranzadi elkartearen arkeologia taldearen ardura da. Labeko koba errepide bateko lanekin suntsitu zen, baina agintariek aztarnak ateratzeko aukera eman zieten arkeologoei.
Ordenagailuen erabilera hedatu eta mezuak sare bidez bidaltzea arrunt bilakatzen hasi zenean, askok mezuak seguru bidaltzeko modua zelako sentsazioa sentitu zuen. Baina gu sarean egon bagaitezke, gainerakoak ere egon daitezke, eta, mezuak sarean zehar pasatzen badira, inork 'harrapatu' ere egin ditzake, telefonoa kontrolatzen den bezalaxe. Horren aurrean babesteko modua kriptografia erabiltzea da. Eta horretan aditua da gure zenbaki honetako gonbidatua.
Komunikabideetan zientziaren dibulgazioaz gero eta gehiago hitz egiten da, eta dibulgatu ere gero eta gehiago dibulgatzen da. Komunikazioaren arlo horretan bada hainbat izen eta izan entzutetsu. Duda barik, aldizkaria horietako bat da, garrantzitsuena ez bada garrantzitsuenetarikoa bai. Amanda Wren kazetari gazteak zuzentzen du aldizkariaren Espainiako delegazioa. Duela gutxi Bilbon izan zen, komunikabideen eta zientziaren arteko gorabeherez hitz egiten.
Ekainaren 19an jaso zuen Londresen Donostiako CEIT zentro teknologikoko ikertzaile-talde batek Erresuma Batuko Materialen Institutuak ematen duen Vanadium Award edo Banadioaren Saria. Saria jaso duten Carlos Garcia, Beatriz Lopez eta Jose Maria Rodriguez Ibabe ikertzaileen arabera, beren ekarpenak altzairu-mota batzuk hobetzeko eta ikerketa-arlo eta erabilera-esparruak zabaltzeko bidea emango du.
Galiziako Costa da Morte-ko herri txiki batean jaiotako ikertzaile honek hainbat alorretan jardun du lanean, baina beti bere grina den zitologiaren inguruan. Espainiako Zitologia Elkarteko lehendakaria izan da hamar urtean eta 1971tik EHUko Anatomia Patologikoko katedraduna izateaz gain, 20 urtean sail horretako arduraduna izan da Barakaldoko Gurutzetako Ospitalean.
Europako Espazio Agentzia (ESA) ez da Estatu Batuetako NASA bezain ezaguna eta indartsua, baina pixkana-pixkana leku garrantzitsua hartu du munduko espazio-agentzien artean. 25 urte badira dagoeneko sortu zela eta hainbat proiektu arrakastatsu gauzatu ditu geroztik: Eguzkia ikertzeko SOHO behatokia eta unibertsoaren mugak zelatatzeko XMM-Newton behatokia, esaterako, edota orain lanean ari den Cluster II misioa. David Southwood doktoreak Europako Espazio Agentziako zientzia-zuzendariaren kargua estreinatu berri du eta agentziaren etorkizunari buruz hitz egin dio Elhuyarri.