Unai Pascual García de Azilu ingurumen-ekonomialariak urte asko daramatza gizakiak naturarekiko duen atxikimendua ikertzen. Oraingoan, naturak biziraupenerako egiten dizkigun ekarpen materialak aztertu ditu, natura suntsitzeak jendearengan izango lituzkeen bestelako ondorioak ere agerian jartzeko. Egun hauetan Montrealen ospatzen ari den Dibertsitate Biologikoaren Biltzarrean aurkeztuko dute lana: 30x30 estrategiaren barruan zer naturagune babestu beharko liratekeen proposatuko dute. Baina beste helburu bat ere badute: negoziaketan aniztasun kulturalaren aldagaia ere sartzea.
Nanoaren munduan murgilduta bizi da Txema Pitarke. Nabari zaio zenbaterainoko zirrara sortzen dion gizakiok atomoak eta molekulak banan-banan manipulatzeko gaitasuna eskuratu izanak. Teknologia kuantikoak ditu hizpide, baina, nanoteknologiak lehentasunez zer ekarpen egitea nahiko lukeen galdetutakoan, argi du: pertsonei sufrimendua arintzea. NanoGUNEko zuzendaria, EHUko Fisikako katedraduna eta Elhuyar Fundazioko lehendakaria ere bada Pitarke.
COVID-19ak 2020an sortutako zalapartaren aldean, isilik eta poliki dator antibiotikoen krisia. Baina medikuntzaren zimenduak kolokan jartzeko gaitasun osoa du. Gero eta ohikoagoak dira antibiotiko guztiekiko erresistentzia duten bakterioen infekzioak, eta zientzialariak larrituta daude. Lucía Gallego Andrés Antibiotikoak eta Bakteriologia Molekularra Laborategiko zuzendaria da EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean, eta argi du: “Gobernuek ez dute jartzen antibiotikoen larrialdiak eskatzen duen neurriko baliabiderik”.
Xabier Saralegi Urizar adimen artifizialeko ikertzailea da Orai NLP Teknologiak langunean, Elhuyar Fundazioak sustatutako ekimen teknologiko berrian. Digitalizazioaren ahalmen guztia euskararen alde erabiltzen saiatzen da. Itzultzaile automatikoak, ahotsaren sintesia eta bestelako teknologiak ikertzen ditu bere lantaldeak. Teknologia horien jokaera diskriminatzaile eta arrazistei aurre egitea ere badu helburu. Azken batean, makina etikoagoak eta gizatiarragoak sortzea.
Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldearen (IPCC) hirugarren txostenak argi utzi du CO2-aren igorpenek gora egiten jarraitzen dutela eta ez direla akordioak betetzen ari. Albiste onik ere badakar, ordea: neurri eraginkorrak hartzea merkea litzateke. Mikel González Egino BC3ko ikertzailearekin aztertu ditugu txostena eta egungo erronka nagusiak.
Aditu askok adierazi dute COVID-19aren krisiaren kudeaketa hobea izango zela, osasunari lotutako ikertzaileekin batera, beste arlo batzuetakoek ere lan egin izan balute; esaterako, soziologoek, portaeraren psikologoek eta antropologoek.
Mari Luz Esteban Galarzak (Pedrosa de Valdeporres, Burgos, 1959) medikuntza ikasi zuen, baina laster antropologiara jo zuen, eta, geroztik, antropologia feministan dabil buru-belarri. Gaur egun, Antropologia Feminista Ikerketa Taldea (AFIT) koordinatzen du EHUn. Dioenez, antropologia bigarren mailako zientziatzat hartzen da zientzia-sisteman, baina, bai ikerketa-taldean, bai unibertsitatetik kanpo egindako lanekin, eragiten eta galdera berriak sortzen ahalegintzen da. Sarri, pluralean hitz egiten du bere lanaz, elkarrekin eta taldean aritzearen garrantzia nabarmenduz.
Maite Arroita Azkarate zientzialariak ibaien metabolismoa ikertzen du. Ibaien “bihotz-taupada” ere esaten dio, eta ekosistemek nola arnasten duten jakiteko baliatzen du. Izan ere, lurreko ekosistemak sailkatzeko irizpide argiak badaude ere, ez da gauza bera gertatzen ibai-ekosistemetan, eta hori ebaztea du helburu. Ibai-ekosistemen metabolismoa baldintzatzen duten faktore nagusiak identifikatu ditu Arroitak bere azken ikerketan, AEBko ikertzaileekin elkarlanean. Ibaiak hobeto ezagutzeko eta kudeatzeko aukera emango du ikerketak.
Maíra Aguiar biologoa da, eta modelizazio matematikoan egiten du lan BCAMen, matematika aplikatuetarako ikerketa zentroan. Eusko Jarlaritzak eredu matematiko bat gara zezala eskatu zien, COVID-19a EAEn izaten ari den transmisio-dinamika ulertzeko. Haien emaitzak aztertu eta egungo egoeraren inguruko gogoeta egin du.
Askorentzat, adimen artifizialaren aitzindarietako bat da Isabelle Guyon. Irakatsi ordenagailuari gauza bat egiten, eta, seguru asko, Guyonen lana erabiltzen ariko zara, berak asmatu baitzituen ikasketa automatikorako erabiltzen diren oinarrizko metodologiak. Zenbakiak erraz maneiatzen dituzte makinek, baina, benetan giza adimenera gerturatzeko, objektuak zehaztasunez bereizten ikasi behar dute; hala nola gizonak eta emakumeak bereizten, diagnostiko mediko bat bereizten, edo edozein datu-taldetan patroiak identifikatzen. Hain zuzen, horretan egin du funtsezko ekarpena Guyonek. BBVA Fundazioaren Ezagutzaren Mugak saria jasotzera etorri zen Bilbora, eta Guillermo Roak elkarrizketatu zuen Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrilla saioan. Elhuyar aldizkarira ere ekarri dugu.
COP26 biltzarrari bertatik bertara jarraitu dio Elisa Sainz de Murieta Zugadik. Klima-larrialdia ikertzen du EHU eta BC3-n, eta aitortu …