Amaitu berri da COP29 Klimari Buruzko Goi Bilera. Azkenean, epez kanpo bada ere, lortu dute finantziazioaren gaineko eztabaida ixtea: herrialde industrializatuek 300.000 milioi dolarreko ekarpena egingo dute, klima-larrialdiari aurre egiteko. Ez da izan, hala ere, korapilo bakarra. Elisa Sainz de Murieta Zugadi EHUko eta BC3ko ikertzaileak arreta handiz jarraitu ditu biltzarraren gorabehera guztiak.
CAF-Elhuyar sariek eman digute aitzakia Miren Basaras Ibarzabal mikrobiologoarekin elkartzeko berriro. Izan ere, Elhuyar aldizkariaren gertuko laguntzailea da, beti prest galderei erantzuteko eta bere ikuspegia azaltzeko. Komunikabide guztiekin, eta, oro har, gizarte osoarekin jokatzen du horrela, eta, ahal duen guztietan, euskaraz egiten du, gainera. Horrexegatik eman diote 2024ko CAF-Elhuyar Merezimendu Saria. Horrekin batera, dena den, aipagarria da ikerketan egiten ari den lana. Hain zuzen, mikrobiota ikertzen dabil orain, bereziki, sexu bidezko infekzioekin erlazionatuta.
Beti bezain hurbileko eta bizi egin digu harrera Eusko Jaurlaritzaren egoitzako sarreran. Izan ere, han egiten du lan, Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaritzan. Duela 20 urte, miokardio-infartuari buruzko IBERICA ikerketan, patologia horretan sexuak eta generoak duten eraginaz ohartu zen. Geroztik, osasun-ikerketetan baldintzatzaile sozialen eragina aztertzean jarri du indarra; bereziki, sexu eta genero aldagaienak. Orain duen postuan ere, osasun- eta adikzio-planak berritzean, ikuspegi horrekin aritu da, eta elkarrizketan ere halaxe erantzun die galderei, ibilbide luzeak ematen duen segurtasunarekin, eta gaiaren konplexutasunak eskatzen duen ardurarekin.
Ostiral eguzkitsu batez hartu gaitu Celia Rogero Blanco Materialen Fisika Zentroko zuzendari berriak, zentroaren atarian. Lankideak sartzen ari dira, eta irribarrez agurtzen dute elkar, gurekin emandako tarte luzean ezabatu ez zaion irribarre adeitsu berarekin. Patxadaz hitz egin digu fisikan eman zituen lehen pausoez, eremu hain maskulinizatuan emakume izateari buruz, ikertzaile-lanaz, kargu berrian dituen helburuez, eta materialen fisikak egungo krisiei aurre egiteko dituen erronkez: klima-larrialdia, poluzioa, osasun-arriskuak...
Miren Altuna Azkargorta (Zarautz, 1988) neurologoak garuneko gaixotasun degeneratiboak ikertzen ditu; bereziki, alzheimerra. Doktoretza ere horren gainean egin zuen, eta arreta ematen du; izan ere, gaztea izanik, normalean adinekoei eragiten dieten asaldurak aukeratu zituen, ikerketan eta klinikan. Nolanahi ere, berarentzat erabaki naturala izan zen. Batetik, beti izan duelako ikerketarako grina, eta, justu, haren tesi-zuzendariak epigenetika ikertzen zuelako hainbat esparrutan; tartean, alzheimerrean. Bestetik, gerora, familian alzheimer-kasuak eta antzekoak izan dituzte; horrek ere zer pentsatua eman zion. Baina azpimarratu du gutxi dakigun horretan lagundu ahal izateak bultzatu zuela batez ere.
Bulkada horri jarraituz egiten ari den bideari esker, orain gehiago dakigu alzheimerraz, eta pazienteen bizi-kalitatea hobetu egin da. Zuhur, ez du ezkutatu oraindik asko dagoela egiteko, baina itxaropentsu izateko arrazoiak ere eman ditu.
“Berdintasuna, zientzia eta teknologia. Paradigma aldatzea helburu” nazioarteko biltzarrean hartu du Elhuyar aldizkaria María Angeles Sallé Alonsok, abegitsu hartu ere. Biltzarra Donostian egin zen, urriaren 23an eta 24an, Emakunderen eskutik, eta, hain zuzen, Sallék eman zuen hasierako hitzaldia. Gizarte Zientzietako doktorea da, eta garapen sozioekonomikoan, berdintasunean eta gizarte digitaleko politika publikoetan aditua, eta, eman duen hitzaldian, datuetan oinarrituta, garbi utzi du ezinbestekoa dela gaurko gizartean agintzen duen dikotomia haustea, hibridatzea, eta paradigma aldatzea. Elkarrizketak horretan sakontzeko aukera eman du.
Aiora Zabala Aizpuru (Irun, 1982) Ingurumen Zientzietan lizentziatua da, eta Ekonomia Ekologikoan doktorea. Ikertzailea eta irakaslea da Open University eta Cambridge Unibertsitatean, eta Nature Sustainability zientzia-aldizkarian editore izan zen lau urtez. Dibulgazioan ere aritzen da, ingurumenari, jasangarritasunari eta giza zientziei buruz, eta iaz Natura gure esku liburua argitaratu zuen (Alberdania, 2022).
“Emakume zientzialarien argitan” solasaldi-zikloan izan zen, Elhuyarrek eta Donostia Kulturak gonbidatuta, eta oraingo egoera ulertzeko eta etorkizuneko zenbait eszenatokiak irudikatzeko gakoak eskaini zituen. Idatziz jaso ditugu pasarte esanguratsuenak.
Bernhard Schölkopf ezaguna da adimen artifizialaren inguruko ikerketaren munduan. Besteak beste, Sistema Adimendunen Max Planck Institutuko zuzendarietako bat da (zehazki, Inferentzia Esperimentalen Sailaren burua), eta beste zenbait zentrotan eta erakundetan ere aritzen da. Haren ikerketek oihartzun eta aitortza handia jaso dute; tartean, 2020ko BBVA “Ezagutzaren mugak” sarietako bat jaso zuen, kernel metodoen garapenagatik. Haien gaineko galderarekin abiatzen da elkarrizketa; segidan, baina, bestelako gaiak agertzen dira: exoplanetak, irisgarritasuna, jasangarritasuna, ikerketa militarra, filosofia, zientziaren gardentasuna eta gizartearen parte-hartzea…
“Memoria eraikitzen, iragana lurpetik ateraz” izenburupean, solasaldi bat izan zuten Lourdes Herrasti Erlogorri arkeologoak eta Ana Galarraga Aiestaranek, “Emakume zientzialarien argitan” zikloaren barruan. Aranzadin egindako ibilbideaz, ikerketa arkeologikoez eta haien atzean dagoen giza alderdiaz hitz egin zuten. Izan ere, Herrastik aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuetan parte hartu du, eta, azken urteotan, Espainiako Gerra Zibileko hobien exhumazio-lanetan dabil, batez ere. Orri hauetan, idatziz jaso dira solasaldi hartako pasarte esanguratsuenak.
Unai Pascual García de Azilu ingurumen-ekonomialariak urte asko daramatza gizakiak naturarekiko duen atxikimendua ikertzen. Oraingoan, naturak biziraupenerako egiten dizkigun ekarpen materialak aztertu ditu, natura suntsitzeak jendearengan izango lituzkeen bestelako ondorioak ere agerian jartzeko. Egun hauetan Montrealen ospatzen ari den Dibertsitate Biologikoaren Biltzarrean aurkeztuko dute lana: 30x30 estrategiaren barruan zer naturagune babestu beharko liratekeen proposatuko dute. Baina beste helburu bat ere badute: negoziaketan aniztasun kulturalaren aldagaia ere sartzea.