Amanda Wren: "zientzialariei komunikatzen irakatsi behar zaie"

Komunikabideetan zientziaren dibulgazioaz gero eta gehiago hitz egiten da, eta dibulgatu ere gero eta gehiago dibulgatzen da. Komunikazioaren arlo horretan bada hainbat izen eta izan entzutetsu. Duda barik, aldizkaria horietako bat da, garrantzitsuena ez bada garrantzitsuenetarikoa bai. Amanda Wren kazetari gazteak zuzentzen du aldizkariaren Espainiako delegazioa. Duela gutxi Bilbon izan zen, komunikabideen eta zientziaren arteko gorabeherez hitz egiten.

Ingalaterran jaio zen, Kent-en, 1972. urtean. Kazetaritza ikasi zuen Manchesterren. 1998. urtean Nature -ko agintariak konbentzitu zituen Espainian delegazioa irekitzeko. Ordutik, Nature -ko Espainiako Komunikazio Zuzendaria da.

Hitzaldian zuk zeuk egindako galderatik abiatuko gara. Zer egin dezakegu zientziari buruzko komunikazioa hobetzeko?

Nire ustez gauza asko egin ditzakegu. Zientzialari gazteen prestakuntzan komunikazioari buruzko gaiak sartzea ideia polita izan daiteke. Hitzaldiak nola e man, gaiak nola aurkeztu behar diren, gizarteari nola eman informazio zientifikoa, jendearen atentzioa nola erakarri… Bestalde, zientzia gizartera gerturatzeko, zientzialarien jendaurreko hitzaldiak bultzatu beharko lirateke, aditu ez direnei zuzendutako hitzaldiak. Horrelakoak gero eta gehiago egiten ari dira, Madrilen adibidez horrelako ekitaldiak ohikoak bihurtzen ari dira. Izan ere, jende arruntak kezka ugari izaten ditu eta zientzialariei galdera egiteko gogoa ere izaten du… Horrelakoek asko lagunduko lukete.

Beraz, zientzialariei komunikatzeko gaitasuna irakatsi beharko litzaieke.

Bai, zientzialarientzat askotan oso zaila izaten baita beren eguneroko laneko teknika- eta zientzia-edukiak benetan lan horrek duen esanahitik bereiztea. Nire ustez, zientzialarien lanaren mezua ulertzeko, alderdi tekniko asko soberan egon daitezke; bestela mezua ulergaitza gerta baitaiteke.

Komunikatu behar dutenak zientzialariak badira, zer eginkizun geratzen zaigu kazetarioi?

Eginkizuna bi aldeena da. Kazetariek zientzialariei galdetu egin behar diezue, zientzialarien lanaren esanahia zein den galdetzeko erantzukizuna duzue eta gero, hori gizarteari adierazi behar diozue. Horretarako jende arruntaren tokian jarri beharra duzue, zientzialariaren lanaren alde teknikoa ahal den neurrian saihestu behar duzue, zuen mezua jaso behar dutenek ez baitute zientzialariarekin hitz egiteko aukerarik izan.

Naturen argitaratzen denak interes orokorrekoa eta, aldi berean, zehatza izan behar du.

Itzul gaitezen zure hitzaldira. Naturek iristen zaizkion lanen % 98 alboratu egiten omen ditu. Inoiz ez zaie bigarren aukerarik ematen?

Bai, batzuetan bai. Artikulu bati ezezkoa ematean batzuetan egileari esaten zaio oraindik berak dioena ez dagoela erabat egiaztatuta. Horregatik askotan gomendioak egiten zaizkio, aldaketak egin ditzan eta gero lana berriro ekar dezan. Beste askotan oso artikulu interesgarriak ere atzera botatzen ditugu, nahiz eta oso zehatzak eta sakon landutakoak izan, horrelakoetan gaiak zehatzegiak izaten baitira, egokiagoak aldizkari espezializatuetan ateratzeko. Izan ere, gure ustez Naturen argitaratzen denak interes orokorrekoa izan behar du. Batez ere horregatik alboratzen ditugu hainbeste lan, zaila delako interes orokorrekoak eta, aldi berean, zehatzak izatea. Horrelakoetan, bestenonbait argitaratzeko gomendioa egiten diegu.

Beste batzuetan, jakina, ezezkoa denean, ezezkoa da.

Naturen argitaratzen denak interes orokorrekoa eta, aldi berean, zehatza izan behar du.

Lanak zeren arabera errefusatzen dituzuen azaldu diguzu. Orain kontrako bidea azal iezaguzu. Zer egin behar da Naturen zerbait argitaratzeko?

Lehenik lana guri bidali. Jasotzen dugun oro editore-taldeetara bidaltzen dugu, zientzia alor askotako jendeak osatutako editore-taldeetara. Lehen balorazioa hor egiten dute. Argitaratzeko modukoa izan daitekeela iruditzen bazaie, hainbat adituri bidaltzen zaio azterketa sakonagoa egin ahal izateko. Adituen sare handia dugu munduan zehar, herrialde eta alor bakoitzeko onenak gure sarean integratzea lehentasunen artean baitugu. Lana aztertu ondoren adituek baiezkoa ematen badute, aurrera! Baina erabakia, aho batez hartu behar dute.

Denbora joango zaizue prozesu horretan. Gehiegi akaso astekari batentzat?

Normalean bai, baina gaurkotasunak agintzen duenean, besteek baino bizkorrago argitaratu behar dugunean, informazioa ematea lasterketa bihurtzen denean, prozesua bizkortzeko gai gara.

Naturen 66.000 ale banatzen dira astero, 238 herrialdetan. Naturek sekulako oihartzuna du, eta horrela aitortzen duzue. Hala ere, zifra horiek ez zaizkit handiegiak iruditzen.

Naturen argitaratzen denak interes orokorrekoa eta, aldi berean, zehatza izan behar du.

Gure datuen arabera, ale bakoitza 10 zientzialarik irakurtzen dute; hortaz, astero irakurtzen gaituzten 660.000 zientzialariz hitz egiten ari gara. Behar bada kopuru gordinari begiratuz gero ez da handiegia izango, baina kontuan hartu behar da audientzia oso espezializatua dela. Eta kopurua bera ere ez da txarra, gainera gorantz doa. Alde horretatik oso pozik gaude, aldizkaria on line jarrita ere irakurle-kopurua ez delako jaitsi.

Garrantziari begiratuz gero, argi esan daiteke Nature erreferente dela zientzialarientzat. Aldizkaria bera zientzialariek sortu zuten, hemen historia egin duten zientzialari guztiek argitaratu dute…

Bestalde, badago gure aldizkariaren garrantzia argi uzten duen beste datu bat. Gure aldizkaria berriak ematean gainerako komunikabideek gehien aipatzen duten iturria da.

Eta zuen berri-iturriak zein dira. Informazioaren bila aritzen zarete ala zientzialariek jotzen dute zuengana?

Naturen argitaratzen denak interes orokorrekoa eta, aldi berean, zehatza izan behar du.

Bietara egiten dugu, baina gehienetan zientzialariak etortzen zaizkigu. Askotan berriak iristen zaizkigu, ikerketa-talderen bat hau edo hura ikertzen ari dela eta abar. Horrelakoetan, berriaren atzetik joaten gara zertan ari diren ikusteko; izan ere, gure helburua ahalik eta berri interesgarrienak konkurrentziak baino lehenago eta hobeto ateratzea da.

Herrialde askotan zabaltzen den arren, Nature ingelesez argitaratzen da. Baduzue bestelako hizkuntzetan argitaratzeko asmorik?

Ez. Zientziaren eta teknologiaren arloan ezinbestekoa da guztiek hizkuntza berean mintzatzea, horrela informazioa arin eta modu ulergarrian truka daitekeelako. Munduan bada elkarrekin lanean ari diren ikerketa-talde ugari; eta alde biek ulertuko duten hizkuntza bat ez badute, elkarlan hori ezinezkoa gerta daiteke.

Naturek gainerako komunikabideei igortzen dien berri askori bahitura jartzen die. Zuk behin eta berriz hitz egin duzu horretaz, zergatik da hain garrantzitsua?

Hausten bada guztiongan eragina duelako; batez ere jendeak jaso dezakeen informazioari eragiten dio, laburpenetatik abiatuta informazio okerra zabaltzeko aukerak areagotu egin daitezkeelako. Gainera berri garrantzitsuak emateko orduan, beti lehenak izaten saiatzen gara. Horretan ahalegindu behar dugu eta horregatik ditugu delegazioak 13 herrialdetan.

Amandak dioenez, Naturek zubi-lana egiten dugu, ikerketa-taldeetatik herrialde mailako komunikabideetara; gero, eurek lan bera egiten dute mezua gizartean zabaltzeko.

Informazioak interes orokorrekoa izan behar ei du. Gizarteak ba al du zientzia eta teknologia-informazioaren goserik?

Bai, gero eta gehiago gainera. Une honetan zientzia eta teknologia ezinbesteko erreferentzia dira, etorkizuna arlo horietan oinarritzen ari delako. Alde horretatik ikusita, argi dago gizarteak gero eta interes handiagoa duela zientziarekiko eta teknologiarekiko. Hala ere, gure aldizkariaren eginbeharra ez da gizartearen gehiengora iristea, gurea masa-komunikabideetara iristea da, gero horiek iristen baitira gehiengoarena. Zubi-lana egiten dugu, ikerketa-taldeetatik herrialde mailako komunikabideetara; gero, eurek lan bera egiten dute mezua gizartean zabaltzeko. Hala ere, gure erantzukizuna ez da horretara mugatzen, hainbat zientzia-alorretan dihardutenen arteko komunikazioan ere eragina dugulako.

Zein berri emango zenuke gustura?

Galdera ona, baina erantzuteko zaila. Umm… oso polita izango da giza genomari buruz jakiteko falta zaiguna jakiten dugun eguna, eta gero jakintza hori guztia erabil dezakeen teknologia garatuko den eguna; hau da, jakintza hori guztia jendea sendatzeko erabiliko den eguna.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.