Gaur egungo helikoptero normalek, bi errotore dituzte: bata handia eta erdian kokatua, eta bestea txikiagoa eta isatseko muturrean dagoena. Isatseko errotorearen matxurak direla medio, istripu asko izaten da aparatuak lurrera erorita.
Tenperatura baxuak lortzearen lasterketan, marka berriak plazaratu dira azken aldian. Zero absolutura (-273,15 °C-ra edo 0 Kelvinera) iristeko, Kelvin gradu bat baino askoz ere gutxiago falta da; graduaren milioiren bat edo beste bakarrik.
Uda honetan Frantzia eta Britainia Haundia Mantxako itsaspetik lotuko dituen tunel hirukoitza erabat zulatua egongo dela espero da. Itsasoaren maila baino 100 metro beherago eta itsas hondoaz 40 metro azpitik Coquelles eta Folkestone arteko 50 kilometroko trenbidea hemendik bi urtera martxan jarriko dute. Egunero 10.000 pertsona eramango dituzte trenek mutur batetik bestera 160 km/h-ko abiaduran.
Bereizmen handiko telebista-pantailak saltzen hasi berriak dira jadanik, baina oraindik zinekoak baino askoz ere txikiagoak dira. Telebistak izan ere, hodi katodikoa erabiltzen du oraindik eta pantaila erraldoiak lortzeko sakonera handiegia beharko luke. Hemendik hamabosten bat urtera ordea, bereizmen handiko pantaila erraldoi meheak aterako direla espero da.
Errepidean baimendutako abiaduran baino azkarrago doanari isuna ezartzeko, gaur egun radar aurreratuak daude. Automobil normaletan muntatzen dira eta martxan doazela azkarregi dabilen ibilgailuari inork igarri gabe ateratzen diote erretratua, bertan abiadura, matrikula, data, etab. inprimatuz.
Ezaguna da gaur egun aurrerapen tekniko asko material militarretan erabiltzeko ahalegin handiak egiten ari direla. Saiakuntza horietako bat, gerra-hegazkin edo -helikopteroetako pilotuek gauez egun argiz bezain ongi ikusteko prestatzen ari diren kasko berezia da.
Mediterranioaren hondoan, hiru kilometro lodiko gatz-geruzak aurkitu dituzte eta horri esker itsaso famatu honen historia geologikoa argitu ahal izan da. Gibraltarreko ataka behin eta berriz itxi eta irekiz, barneko itsas urek lurrinketa medio gatz-kantitate handiak hauspeatu zituzten.
Errepidetako istripuetan sortzen diren kalteak ikusita (hildakoak, zaurituak, etab.), automobilgileak eredu berrietan segurtasuna hobetzeko aurrerapen teknikoak etengabe sartzen dituzte. Automobilaren egitura, frenoak, dimentsioak eta materialak adibidez, seguruagoak dira, baina automobilaren eta errepideko seinaleen arteko benetako “elkarrizketa” ere planteatzen ari dira.
Argazki-kamera berrietan disket magnetikoak eta txipak sartzen hasi dira. Hala eta guztiz ere, pelikula zilarreztatuzko argazkigintza nagusi da oraindik, bere irudi-kalitatea medio.
Duela gutxi ikerleek erle artifiziala egitea lortu dute. Erle artifizialak bere hegoak astindu eta abaraska barruko erle arruntei mezuak igortzen dizkie. Harrigarriena gainera, erle arruntek egindakoa izan da: mezu edo agindu horiek jaso eta agindutakoa betetzea hain zuzen.