Zerutik espaziora

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Astronomiaren Nazioarteko Urtea ospatu dugu aurten, laurehun urte bete baitira Galileok teleskopio batekin zerura lehenengoz begiratu zuenetik. Jakina, zerua zer zen jakiteko grina ez zitzaigun orduan sortu. Hark baino lehenago beste askok eman zituzten orduak zerura begira, han goian ikusten zutena ulertu eta esplikatu nahian. Galileoren garaiez geroztik, ordea, zerura ez ezik, espaziora ere begiratzeko aukera izan dugu gizakiok, eta, laurehun urte geroago, gai gara baita unibertso sakonena ikusteko ere.

Unibertsoaren ia sorreraraino egin dugu atzera teleskopioaren ondorengoek eman diguten ahalari esker. XXI. mendean, gizakia gai da izugarri aspaldikoak diren seinaleak jasotzeko, eta seinale horiek zeruari buruzko teoria zientifikoetan interpretatu eta integratzeko. Galileo txunditu eta pozez zoratuko lukete, ziur, Hubblek, Spitzerek, Chandrak, Planckek, eta munduko hainbat sumendi- eta mendi-puntatan eraiki ditugun teleskopio erraldoiek.

Ikusten den espazioa eta giza begiek atzeman ezin dutena arakatzen dute tresna horiek, gero eta xehetasun handiagoaz, gero eta eskala zabalagoan. Laster, gainera, milimetroaren neurriko uhinetan lan egingo duen kide bat gehituko zaio zerrendari, aldizkari honetara ekarri dugun Mexikoko Teleskopio Milimetriko Handia, hain zuzen ere; era horretako munduko handiena. Espaziotik milimetroko uhin-luzeratan iristen den informazioa jasoko du Mexikoko teleskopioak, eta eremu berri bat irekiko dio espazioko mapari, zeruaren % 0,01 baino ez baitute arakatu astronomoek uhin milimetrikotan gaurdaino.

Izarren eta galaxien sorrera hobeto ulertzea izango du jomuga teleskopio berriak. Izan ere, laurehun urte ez dira alferrik igaro, ez, baina beste horrenbeste igaroko dira, agian, espazioa eta unibertsoa gobernatzen duten legeak guztiz ulertzerako. Zer pentsatuko ote luke Galileok zulo beltzez, materia ilunaz, unibertsoaren hedapen azeleratuaz, guztiaren teoria irrikatuaz? Astronomiari (eta fisikari) esker, zeruaz eta espazioaz gozatzeko aukera daukagu orain, eta ez da alde hutsala. Merezi zuen ospatzea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila