Terapiari eskerrak

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Aurten, hogeita bost urte dira GIB birusaren kontrako botika antirretrobiralak sortu zirela. Ospatzeko moduko efemeridea da. Izan ere, orduan uste zenaren kontra, inflexio-puntu erabakigarria izan ziren gaitzaren bilakaeran eta birusarekin kutsatutakoen bizi-itxaropenean. Lehenengo tratamendu eraginkorra izan ziren botika antirretrobiralak; lehen pausoa, gaitza hilgarri ez bihurtzeko bidean.

Adierazgarriak dira pauso hura posible egin zuten ikertzaileetako batek, Samuel Broderrek, berriki idatzitako hitzak. Oso gutxi, ia ezer ez zekiten orduan ikertzaileek hiesari buruz, eta halaxe gogoratzen du: “Hiesaren atzean erretrobirus bat zegoela ontzat jotzeak ez zuen gauza handirik konpondu: erretrobirologoek, oro har, uste zuten garrantzitsuagoa zela birusaren kontrako txertoa bilatzea terapia antirretrobiralak garatzea baino. Jotzen zen terapia antirretrobiralak alferrikakoak izango zirela, eta atsekabetuta zeuden pazienteak, medikuak eta ikertzaileak”.

Inork gutxik uste zuen orduan hogeita bost urte geroago justu kontrakoak izango zirela arrakastaren eta porrotaren protagonistak. Antirretrobiralei esker, gaitz kroniko izatera pasatu da hiesa, terapia eskura dutenen artean. Ez hori bakarrik; ikuspegi medikotik, bizi-kalitate onaz eraman daitekeen gaitza da. Heriotzaren eta bizitzaren arteko aldea da hori pazientearentzat, eta, beraz, aitzakiarik gabeko arrakasta. Ondo daki hori abenduko zenbaki honetarako elkarrizketatu dugun pertsona hiesdunak.

Terapiarekin batera, prebentzio-neurriak eraginkorrak, merkeak eta erabilerrazak izatea funtsezkoa izan da gure gizartean hiesaren bilakaera horren positiboa izateko.

Eta eskerrak horri ere, hasierako esperantza nagusia, txertoa, porrot handi bat izan baita. 1983an hiesaren birusa identifikatu zutenean, bi urtean froga-fasean izango zutela uste zuten. Harrezkero, ordea, ihes egiten die ikertzaileei behin eta berriz, eta gaurgero inor ez da ausartzen esatera noizko izango dugun. Zorionez, dagoeneko ez da hil ala bizikoa. GIBari —eta erretrobirusei— buruz ikasteko eta infekzioari aurre egiteko tresna garrantzitsua izango da, baina, 2010ean, hiesa zabaltzea eragozteko traba ez da jakintza zientifikoa, ezta teknologia ere.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila