Joseba Errekalde Harri Beltza Elkarteko lehendakaria

"Antirretrobiralekin onurak baino ez ditut izan, baina nik ere asko jarri dut nire aldetik"

Aulestiarte Lete, Izaro

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Joseba Errekaldek (Oiartzun, 1963) gertutik ezagutzen ditu botika antirretrobiralak. Urte ugari pasa dira GIB birusaren eramaile dela jakin zuenetik, eta, beste hainbat, hiesa garatu zuenetik. Lasai asko eman digu bere ibilbidearen berri. Bi gaixo-profil ezagutu nahian, azken urteotan kutsatutako norbaiten testigantza jasotzen ere saiatu gara. Ez dugu, ordea, emaitza bera lortu. Errekaldek dioen bezala, erraza da ulertzen, gaitzaren larritasunaz harago, kontuak egun ere "izugarrizko estigma" izaten jarraitzen baitu. Anonimotasunaren aldeko hautua egiten dute gehienek.

joseba-errekalde-antirretrobiralekin-onurak-baino-
Argazkia: Gari Garaialde/Argazki Press - Arg. Gari Garaialde/Argazki Press
Joseba Errekalde: "Antirretrobiralekin onurak baino ez ditut izan, baina nik ere asko jarri dut nire aldetik"
2010/12/01 | Aulestiarte Lete, Izaro | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Noiz eta nola jakin zenuen kutsatuta zeundela?

1986an egin nuen testa. Homosexuala naiz, bizitza homosexuala izan dut afektiboki, eta garai hartan kolektiboan beldur izugarria zegoen. Oso gauza gogorrak gertatzen ziren gure inguruan. New Yorken bizi nintzen, sexu segurua egiten nuen prebentzio moduan, eta egia da proba egiteari zegokionez "ostrukarena" egiten genuela: beldurtuta bizi ginen, egunero jakiten genuen lagun edo ezagunen bat oso gaixo zegoela, hil egin zela... Beste arrazoi batzuengatik, nire bikoteak proba egin zuen, eta ezezkoa jaso. Eta, nolabait, egoera hark bultzatu ninduen nik ere zezenari adarretatik heldu eta testa egitera: % 75ean ezezkoa emango nuela uste nuen, eta % 25ean agian baiezkoa izango zela. Baiezkoarekin egin nuen topo.

Orduan ez zenuen inolako sintomarik, ezta?

Ez, osasun osoz joan nintzen proba egitera. Gero, kontuak aterata, ohartu nintzen 1985ean Estatu Batuetara joan nintzenerako banuela birusa. Oraindik uste zenean Europan ez zela halako eraginik jasotzen, arazoa urrutiko zerbait bezala ikusiz, eta artean prebentzio-neurriak barneratu gabe genituenean, nik ordurako izana nuen kontaktua birusarekin. Testuinguru hartan jakin nuen eramailea nintzela.

Noiz hasi zinen tratamenduarekin?

Segituan jarri nintzen mediku espezialista baten esku. Oso gogoan dut bisitetara joateko unea: itxarongela izugarria zen, egiazko dramak bizi ziren. Jendea erorita, triste, oso gaixo zegoen. Nik, ondo egon arren, argi nuen birusa kontrolatzen hasi behar nuela, eta hiru hilean behin analisiak eta egiten nituen. Bost urtez egon nintzen hala. Estatu Batuetan arreta hori oso garestia zen; han ez da gizarte-segurantzarik, arreta guztiak pribatuak dira. 1992an Euskal Herrira itzultzea erabaki nuen, orduan ikusi bainuen nolabait urte gutxi geratzen zitzaizkidala.

Bost urtean gauzak asko korapilatu ziren, beraz...

Prestatu egin behar nuela ikusi nuen: osasun-sistema publiko on baten esku jarri, eta maite nituenen artean egoeraz hitz egin, zabaldu eta ulertarazi. Beste bost urte pasa nituen osasun onez Osakidetzaren kontrolpean, 1997an defentsak galdu nituen arte. Orduan esan zidaten ospitaleratu beharra nuela. Baimena eskatuta, agur-bidaia bat ere egin nuen lagunekin, eta ospitalera itzuli nintzen sinetsita ez nintzela gehiago aterako, edo sartu-irten gutxi batzuk egingo nituela. Gaixotasun ezberdinak izan nituen gero, GIBarekin zerikusirik ez zutenak ere bai... Krisi edo sindrome bat sortu zitzaidan, eta orduan garatu nuen hiesa; GIBdun izatetik hiesa izatera pasa nintzen.

Sendagai antirretrobiralak noiz ezagutu zenituen?

Ospitalean, medikazio berri batzuk zeudela esanez etorri zitzaidan medikua. Azalduko zidan zer ziren, baina niri orduan bost axola, oinazez josita bainengoen. Gogoan dut, dena den, burutazio bat izan nuela --nik bezala, beste askok ere bai--: "froga itzazue frogatzeko dauden guztiak; on egiten badigu, ondo, eta, bestela, ikas ezazue gurekin, ondorengoentzat". Hala izan zen. Antirretrobiralekin hasi nintzen; lehenengo farmakoak gogorrak ziren, eta hasieran ez nituen jasaten, bota egiten nituen. Baina agian ez zen izango botikengatik, nire koadroa oso txarra zelako baizik. Hilabete bat edo bi izan ziren, eta gero nolabait haietara egin nintzen. Ordutik egun arte, onurak bakarrik. Gehienek ez bezala, nik ez dut albo-ondoriorik izan.

Botika, bere horretan, nahikoa da?

Botikarik gabe ezingo ginateke bizi, baina ez da nahikoa; haien onura benetan sentitzeko beste gauza batzuen laguntza ere behar da. GIBa izatea eta hiesak jota egotea, gaixotasunetik aparte, izugarrizko estigma duen zerbait da. Eta hor sartzen dira, nolabait, elkarteak, gaixoen alde zer egin dezaketen ikusteko. Honek eragiten duen krisialdia gainditzeko laguntza psikologikoa behar da, eta bizitzan hainbat aldaketa barneratu behar dira; zaindu egin behar. Nik onurak baino ez ditut izan antirretrobiralekin, baina nire aldetik ere asko egin dut: sinetsi egiten nuen botika hartzeak on handia egingo zidala, eta izugarrizko garrantzia eman diot haiek ondo hartzeari. Bizitzeko bigarren aukera bat nuenez, argi nuen beste era batera biziko nintzela, eta jarrera positiboa izan dut beti; horrek ere eragingo zuen nire norabidean.

(Argazkia: Gari Garaialde/Argazki Press)
Hasierako tratamendua eta egungoa ez dira berdinak, ezta?

Izugarri aldatu da. Ospitaleratuta egon ondoren etxeratu nintzen lehen aldian oroitzen dut krokis moduko bat egin behar izan nuela! Antirretrobiralez gain, beste zenbait tratamendu ere banituen, eta guztira hainbeste gauza nituen hartzeko... Nire eginkizun bakarra botikak hartzea, elikatzea eta arnastea zen. Baina kontuan izan antirretrobiralen hogei pilulatik gora hartzen zirela, bizpahiru hartualditan --batzuk goizez, besteak arratsaldez, edo eguerdian; elikagaiekin batzuk eta haiek gabe besteak...--. Oso zaila zen dena ondo egitea, eta pentsa junkiea bazinen, etxerik ez bazenuen, edo familia desegituratuan bizi bazinen... Orain askoz errazagoa da.

Zer zentzutan?

Medikazio hobeak egitearekin batera, kopurua ere murriztu da. Hiru botika-familia izatetik gehiago izatera pasa ginen, eta erraza da ulertzen, industria farmazeutikoak izugarrizko pagotxa aurkitu baitzuen. Botika berriak joan dira sortzen; zahar batzuek badiraute, baina aldatuz ere joan dira, batik bat efektu txarrak ikusi direnean --ez dakigu botika berak zergatik izaten dituen hain efektu ezberdinak, baina bati oso ondo doakionak egoera depresibo batera eraman ditzake beste batzuk, adibidez--. Nik, orain, egunean behin hartzen dut medikazioa: lau pilula bakarrik, hartualdi bakarrean. Noski, hori egoera asko erraztea da. Orain, etxean, oheratu aurretik hartu beharrekoa hartzea eta hori ezkutuan edo intimitatean egitea oso erraza da. Zentzu horretan, bizi-kalitatea ere asko hobetu da.

Estatu Batuetatik Euskal Herrira. Botikak atzerapenez iritsi izan direla uste duzu?

Esango nuke onura berdin samarrak izan ditugula beti. Hilabete batzuen aldearekin agian, baina ez hemen ez zegoelako sendagairik --ez zeudenean ere lortzen ziren, gainera--, baizik eta beharbada botika bat Estatu Batuetako osasun-sistemak Europak baino lehenago baimendu duelako. Estatu Batuetan gauza asko lor daitezke diruarekin; agian guk ez genituen zenbait gauza, diruarekin ezin zirelako erosi, baina gero denbora gutxira iritsi zaizkigu, eta ez dugu ordaindu behar izan. Alde horretatik, maila bertsuan gaude zainduak denok. Han, dirua duenak zaintza hobea jasotzen du, eta ez duenak ez du zaintzarik jasotzen; ez hobea ez okerragoa. Hori drama bat da, noski.

Zer deritzozu instituzioek arlo honetan duten politikari?

Non eta noiz jaio garen ikusita, izugarrizko zortea dugu, hiesaren munduan hasieratik izan baikara erreferenteak. EAEn aitzindari izan gara hainbat gauzatan: xiringa-trukean, lipoatrofiak eragiten zituen desoreketarako aurpegi-konponketak egiten, haiek gure osasun-sistemaren barruko protokoloetan sartzeko egin behar ziren guztiak egiten, GIBdunek haurrak arriskurik gabe izateko intseminazio artifizialaren barruko protokoloetan sartzen... Oraindik, guk ditugun onuretako asko estatuko GIBdunek ez dauzkate. Guk, elkarteok, instituzioekin izan dugun harremana eta zehazki HIES planarekin izan duguna ere beti izan da ezin hobea. Hobeto egitea bazegoen, eta hobeto egitea badago, eta horretan gabiltza.

Elkarteak, Osakidetzaren osagarri
Joseba Errekalde Oiartzungo Harri Beltza elkarteko lehendakaria da. 1994az geroztik, bi eginkizun nagusi ditu elkarteak. Batetik, prebentzio-lana egitea, medioen eta instituzioen laguntzarekin, hiesaren eta GIBaren aurrean jendea adi izateko. Bestetik, afektatuen eta haien ingurukoen arreta sozio- edo psikoemozionala lantzen dute. Halako elkarteak Osakidetzaren jardunaren osagarri direla dio Errekaldek: "Medikuntza aldetik bai, baina Osakidetza ezin daiteke iritsi pertsonalki gizaki bakoitzaren drama edo krisialdira. Bizi garen gizartean, elkarteek ikuspegi afektibotik edo psikologikotik eman dezaketena plus bat da. Arreta indibidualago bat emanez, krisialdi uneak gainditzen laguntzen digute".
Gustura dago, hortaz, elkarteen jardunarekin: "besteei laguntzeak norberari ematen dion onura ere izugarria da. Infektatu berriak 10 edo 15 motxilarekin aurkitzen ditut, izututa, bizitza-proiektua goitik behera erori balitzaie bezala. Elkartera etorri ondoren baretu egiten dira. Beste jende bat edo erreferente bat ezagutu eta zer gertatzen zaien ahoskatzen ikasten dute. Ez da batere erraza. Nik publikoaren aurrean aurpegia ematea ere hiltzera nindoala uste nuenean egin nuen. Jakin izan banu, egun dakigun bezala, urteak eta urteak biziko nintzela, beharbada neuk ere ez nukeen nire egoera publiko egingo".
Aulestiarte Lete, Izaro
3
270
2010
12
021
Osasuna; Medikuntza; Farmakologia; Elkarrizketak
Elkarrizketa
39

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.