Animalia baten portaera azaltzeko oinarri biologikoak erabiltzen direnean, geure buruarekin salbuespena egiteko ohitura eta tentazioa handiak dira. Eta ez mundu-ikuskera erlijiosoa izan eta gizakia apartekotzat jotzen dutenen aldetik bakarrik. Oso arrazoi desberdinengatik, beren burua sokaren beste muturrean kokatuko luketen askok hautu bera egin dute, eta kulturari eta ikasketa-prozesuei soilik egotzi dizkiete, adibidez, gizonen eta emakumeen izaeran edo portaeran egon litezkeen desberdintasunak. Politikoki okerra izatera iritsi da, kasu batzuetan, kontrakoa aldarrikatzea; gure historia ebolutiboaren eta zerizan biologikoaren emaitza garela esatea, berdintasunaren eta giza eskubideen izenean baztergarri jotzen ditugun jokabideak justifikatzea balitz bezala.
Ez dut uste hori gezurra dela defendatu beharrik dagoenik hemen. Gizakiaren zerizan biologiko-ebolutiboaren ondorioak errotik arbuiatzea bezain zentzugabea da haietan oinarritzea gure balio etikoak eta sozialak. Ezagun ditugu darwinismo sozialaren gehiegikeriak eta falazia naturalistak salatutako arriskuak.
Alabaina, zer garen moldatzeaz gain, zer izan nahi dugun moldatzeko tresnak eman dizkigute giza biologiak eta giza kulturak. Tresnak alferrik galtzea da ez aurrera egitea biologiak eta kulturak gugan zein elkarrekiko dituzten eraginak aitortuz eta ulertuz. Eduardo Fano psikobiologoak garbi dio barruko orrietan, ehunka milaka urteko egokitzapenen ondorio izan arren giza espeziea, eraginik izan ez balute bezala aztertzen ditugula gure jokabidearen inguruko auzi asko, eta ez ikusiarena egiten dugula begi-bistakoak diren fenomenoen aurrean.
Aldizkari honetako "sexuaren arrazoiak" erreportaje-sortan biologiaren eta eboluzioaren ikuspegitik aztertzen dira giza portaeraren ezaugarri batzuk: seme-alabekiko jarrerak, desleialtasuna eta jeloskortasuna, monogamia eta poligamia, homosexualitatea... Sexuaren arrazoiez ari gara, eta animalia sexudunak izatearen ondorioez. Geure buruarekin salbuespenik egin gabe.