Gu eta gure sexua

Animalia sexudunak gara, eta, alderdi horretatik, ez gara asko bereizten beste ugaztunetatik. Askok, ordea, ukatu, ezkutatu edo moldatu egin dituzte ugalketa sexualak gure espeziearen izaeran eta jokabidean dituen ondorioak, eta erlijioan edo ikasketa-prozesuetan oinarritu dira haiek azaltzeko. Aldiz, psikobiologo eboluzionistek biologiaren eta eboluzioaren ikuspegietatik aztertzen dituzte besteentzat tabu diren gai batzuk: seme-alabekiko jarrerak, desleialtasuna eta jeloskortasuna, monogamia eta poligamia, orgasmoa, maitemintzea, homosexualitatea... Izatez, ez baikara hain bereziak ere.

gu-eta-gure-sexua
Ikerketen arabera, haurren zaintzan inbertitzeak ugal-arrakasta handitzea ekar diezaioke aitari. Arg. Shutter David/CC-BY-NC

Eduardo Fano EHUko psikobiologoaren esanean, adibidez, "gure espezieak eta bere arbaso zuzenak ehunka mila urte daramatzate egungoa ez den ingurumen batetara egokitzen. Egokitzapen guzti horrek eraginik izan ez balu bezala aztertzen ditugu gure jokabidearen inguruko auzi asko. Hau da, nor garen ahaztu dugu, eta ez ditugu ikusi nahi izan begi-bistakoak diren zenbait fenomeno".

Horren adibidetzat jo du "beste espezie askotan bezala, anisogamiatik eratortzen den inbertsio parental bereiziak ekar dezakeen guztia".

Segidan eman du azalpena: "Gure espeziean, sexuetako batek, emeak, gameto gutxi eta handiak ekoizten ditu, eta, besteak, arrak, txikiak eta ugariak. Hortaz, emeentzako ugalketa oso garestia da, eta guretzako [arrentzako], askoz ere merkeagoa. Gainera, emeak haurdunaldian eta edoskitze garaian egiten duten inbertsioa arrena baino askoz ere handiagoa da. Horrek ekarri du, besteak beste, lehia intrasexuala arren kasuan, eta sexu-dimorfismoa, hau da, arrak eta emeak itxura-aldetik eta beste zenbait arlotan desberdintasun ugari izatea".

Hala ere, gauza batetan salbuespen txiki bat garela uste du Fanok: "Gure espeziean arrak kumeen zaintzan egiten duen inbertsioa handiagoa da gure taldeko beste primate-espezieetan baino. Hain zuzen, gure espeziean, zaintzan inbertitzeak ugalketa-arrakasta handitzea ekar dakioke". Inbertsio hori bi eratakoa izan daitekeela gaineratu du, "materiala eta presentziala, hau da, baliabide materialak jar ditzake, edo zaintza-denbora eman dezake".

Oteloren arrazoiak

Eduardo Fano EHUko psikobiologoa. Arg. Ana Galarraga/Elhuyar Fundazioa

Arraren inbertsio horrek emearen jagoletza ere badakarrela ohartarazi du Fanok: "Izan ere, arrak bikote batekin izandako kumeak bizi eta hazi daitezen egindako inbertsioa handia denean, asko galtzen du emeak beste ar batzuekin ugaltzerakoan, gerta baitaiteke beste ar batenak diren geneak dauzkan kumearen hazkuntzan inbertitzen aritzea".

Hori ez da gertatzen beste animalia-espezie batzuetan. Arrek oso gutxi inbertitzen duten espezieetan, emeek ez dute hain jagoletza zuzena jasaten, ez baitute inbertsio handirik galtzen. Beste bat da haien estrategia: ahalik eta eme gehien estaltzea.

Bestalde, emakumezkoek ere ez dituzte gizonezkoek dituzten arazo eta interes berberak, Fanok azaldu duenez: "Emakumezkoak gene onak lortu baditu bikotetik kanpo, eta bikotearen barruan, berriz, zaindari on bat badu, ez du arazorik. Hala ere, neurri batean, gure historia ebolutiboan zehar, gure espezieko emeari interesa liezaioke ar bati lotuta egoteak ekar dezakeen lasaitasuna, bikote den arrak taldeko gainerakoak aldendurik manten bailitzake".

Beste ikerketa batzuk ere ekarri ditu harira Fanok. Haien arabera, emakumezkoek askoz ere errazago barkatzen dute desleialtasun fisikoa gizonezkoek baino. Baina gizonezkoei emakumezkoei baino min txikiagoa egiten die desleialtasun emozionalak fisikoak baino. "Eta hori unibertsal bat dela dirudi. Nahiko unibertsal matxista, baina kontua da eboluzioak ez dituela horrelako gauzak kontuan hartu".

Horrenbestez, Fanoren iritziz, gure espeziean, bai emeek bai arrek, biek dituzte arrazoi biologikoak eta ebolutiboak bikote egonkorrak osatzeko. "Eta badira hipotesiak azaltzeko zergatik gure espezieko arrek inbertitu behar duten gehiago gertuko beste espezieetakoek baino", zehaztu du Fanok. "Adibidez, hipotesietako batek dio arrazoia haurren garapen motela dela. Izan ere, denbora asko behar du garatzeko, eta denbora horretan, gainera, inbertsio handia eskatzen du. Foley-k eta Lee-k, 1991ean, kalkulatu zuten gure espezieko haur batek lehenengo 18 hilabeteetan txinpantzeen kume batek baino % 9 baliabide gehiago behar dituela. Hori pila bat da!".

Zenbait talde eta kulturatan egindako ikerketek hipotesi horren alde egiten dutela baieztatu du Fanok. Gainera, ikertzaileek ikusi dute ugaltze-unitatean baliabide material asko inbertitzen dituzten gizonezkoek ez dutela denbora asko igarotzen semea edo alabarekin; eta alderantziz, ondasun materialak jarri ezin dituenak denbora gehiago ematen duela haren ondoan. "Gizartearen goiko mailan, aberatsenean, oso ondo ikusia dago gizonezkoak ondasun asko izatea, eta ez zaio eskatzen seme-alabekin egoteko. Aldiz, beheko mailan, askoz gehiago balioesten da seme-alabak zaintzeko eta haiekin egoteko jarrera duen gizonezkoa".

Poligamia kultura gehienetan onartuta badago ere, monogamia ohikoagoa da. Arg. Jim Boud/CC-BY-NC

Poligamiaren eta monogamiaren artean

Fanori garrantzitsua iruditzen zaio monogamia eta poligamiaren auzia argitzea: "Kulturen gehiengo handi bat poligamikoa da. Alabaina, benetan gertatzen dena aztertuz gero, poligamikoak diren horien artean, bakarrik gauzatzen da poligamia baliabide nahikoak dituzten familietan. Hau da, musulmandar gehienek ez dauzkate lau emazte; pobreak badira behintzat, emazte bakarra izaten dute, eta, asko jota, bi".

Beraz, monogamia da ohikoena, nahiz eta poligamia onartuta dagoen. "Gure espezieko haur bat haztea eta heztea hain da garestia batez ere bere bizitzaren lehen etapatan, ezen zaintzarako joerak benetan baitu eragina ugal arrakastan". Bikoteratze-sistema horrek, gainera, gizarte osoa egituratzen duela nabarmendu du Fanok.

Beste jokabide batzuetan ere aztertu izan dute unibertsalak ote diren. "Buss eta Dunbar-ek egindako lanen arabera, kultura gehienetan emakumezkoek, batez beste haiek baino 4 urte inguru zaharragoak diren gizonezkoak aukeratzen dituzte. Zergatik?", galdetu du Fanok. Eta, jarraian, erantzun: "Zenbat eta urte gehiago izan gizonezkoek, orduan eta errazago lortzen dutelako estatus bat gizartean. Eta emakumezkoek estatus altua duten gizonezkoak ere hautatzen dituzte, ez bakarrik gene onak dituztenak".

Sexurik gabe, zer

Fanok aitortu du zaila egin zaiola irudikatzea nolakoa izan litekeen mundua, bi sexuak monomorfikoak balira eta haurrek ez balute eskatuko bi gurasoen zaintza: "Iruditzen zait mundua erabat monokromikoa bihurtuko litzatekeela. Dauzkagun ezaugarri pila bat desagertu egingo lirateke, adibidez, moda, ez bailegoke fisikoki erakartzeko beharrik partenogenesi-bidez edo ugalduko bagina. Baina bikoteka ugaldu beharko bagenu, inbertsioan ezberdintasunak sortu orduko berriro sortuko litzateke sexu-dimorfismoa".

Bestetik, bikotearen kide bakoitzak berdin inbertituko balu haurraren zaintzan, gene onen ezaugarriak gailenduko liratekeela uste du Fanok. Zalantza handiak ditu, ordea, gene onak zein ote liratekeen: "Indartsu egiten gaituztenak? Edo adimentsu egiten gaituztenak? Zer eratako adimena? Adimen emozionala gailenduko litzateke? Adimen-moten arteko oreka bat? Ezin dut imajinatu nolakoa litzatekeen gure espeziea sexurik gabe. Beste ugaztun bat ere ezin dut imajinatu, egin kontu!".

Orgasmoa, opari pozoitua
Zertarako edo zergatik dute emakumezkoek orgasmoa? Aditu asko saiatu dira galdera horri erantzuten, biologiaren eta eboluzioaren aldetik. Erantzuna ez baita begi-bistakoa: gizonezkoetan gertatzen denaren aurka, emakumezkoek ez dute orgasmoaren beharrik obuluak ernal daitezen. 
Itxura batean emakumezkoen orgasmoak funtziorik ez duela eta, batzuek gizonezkoen orgasmoaren zorizko azpi-produktutzat jo dute. Beste batzuek, berriz, espermari eusteko funtzioa egotzi diote; horren arabera, orgasmoak obulua ernaltzea erraztuko luke.
Bide beretik pauso bat urrutiago joanda, gizonezko batekin baino gehiagorekin koitoa izan eta gizonezkoetako baten esperma hobesteko mekanismoa izan daitekeela ere proposatu dute zenbaitzuek, eta azterketak ere egin dituzte primateen artean, ikusteko ea ar batekin baino gehiagorekin koitoa izan ohi duten espezieetan orgasmoa zabalduagoa dagoen espezie monogamoetan baino.
Ikerketa horiek ez dute erabateko erantzunik eman, eta pertsonetan ere egin dira azterketak, orgasmoak gizonezkoen ezaugarriren batekin zerikusirik ba ote duen ikusi nahian. Hala, 1995ean  Animal Behaviour  aldizkarian Randy Thornhillek argitaratutako lan batek erakutsi zuen emakumezkoen orgasmoek bazutela erlazioa gizonezkoen neurriarekin eta simetriarekin. Gene onak aukeratzearekin lotuta legoke, beraz, orgasmoa.
Alabaina, askoren ustez froga gehiago behar dira hipotesi hori frogatzeko, eta baita beste azalpen batzuk ontzat eman edo baztertzeko ere, tartean, bikotekideen artean lotura emozionala sortzeko funtzioa duela esaten duena.
Gauzak horrela, Eduardo Fano psikobiologoak ere azaldu du bere ikuspuntua. Harentzat, "opari pozoitua" da orgasmoa: "Sexua oso da atsegingarria guretzat, eta bereziki emakumezkoentzat. Beharko izan! Bestela, nola nahiko du batek sexua izan, jakinik aukera duela bederatzi hilabetez mugatuta egoteko, gero erditu egingo dela eta erditzean bere bizitza arriskuan jarriko duela, eta, gainera, jaioberriari lotuta egongo dela zenbait urtez? Soilik nahiko du trukean zerbait oso-oso ona jasotzen badu. Horretarako dago orgasmoa, horregatik da sexua hain erakargarria".
Homosexualitatearen berezitasuna
Azken urteotan, gure gizartean, homosexualitateak onartua izatea lortu du, behintzat, legalki. "Baina, hori, orain eta hemen gertatu da, orain dela gutxira arte eta leku askotan, baita gaur egun ere, homosexualitatea baztertuta baitago".
Fanoren ustez, ordea, jende askok ez daki giza espeziean jokabide homosexuala beste primateetan baino askoz ere gutxiagotan azaltzen dela. "Hain zuzen ere, primateetan eta ugaztun askoren artean, jokaera homosexuala ohikoa da". Hala, Federico Guillén Salazar primatologoaren arabera, nabarmentzekoa da zeinen heterosexualak garen gure inguruko pertsonak [alegia, orain, eta gure kulturan], beste primateekin alderatuta.
Adituen esanean, nabarmentzekoa da zeinen jokabide heterosexuala dugun, beste primateen aldean. Arg. Steve Smith/CC-BY-NC
Edonola ere, ikuspuntu ebolutibotik, jokaera homosexualaren funtzioa ez da agerikoa. Fanok azaldu duenez, litekeena da hautespenak ez bultzatzea berariaz homosexualitatea, baizik eta aurrera egin izana hautespenak bultzatutako beste ezaugarri batzuekin batera. "Baina badira beste hipotesi batzuk ere; esaterako, familian homosexual bat izateak ekar dezake bere anai-arrebek ugal arrakasta handiagoa izatea, hark zaintzan lagunduko liekeelako. Dena den, ez dago frogatuta".
Hipotesiak hipotesi, primateekin eta zenbait kulturatako giza taldeekin egindako ikerketetatik, homosexualitatea zein ugaltzeko helburua ez duten beste sexu-jokabide batzuk historia ebolutibo luze baten produktua direla ondorioztatu du Guillén Salazarrek. Beste ondorio hau ere atera du: "Antza denez, homosexualitatea praktikatzen dutenen aurkako oldarkortasuna gure espeziearen berezitasuna dela, eta ez beste inorena".
Maitemintzeak iraungitze-data du
Hainbat ikerketak (eta esperientziak) erakutsi dute maiteminak denbora-tarte jakin bat irauten duela, eta gero galdu edo aldatu egiten dela. Helen Fischer antropologoak eta beste ikertzaile batzuek ikusi dute denbora-tarte hori 4 urte ingurukoa dela.
Fanok dioenez, "eboluzioaren oparia" da maitemina: "Aztertzen baduzu gure espeziean gutxi gorabehera zenbat urte behar dituen haur batek neurri batean autonomo izateko, ikusiko duzu 3-4 urte direla. Eboluzioak 4 urteko maitemina oparitu digula dirudi, haurrak autonomia-maila hori lortu arte bikoteak lotuta eta gustura iraun dezan".

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.