Ez dira lehen animalia transgenikoak, baina bai guk jateko sortu diren lehenak. Merkaturatzeko baimenaren zain-zain daude hainbat arrain transgeniko, eta, lortuz gero, bide berri bat urratuko dute elikagai transgenikoen ibilbidean. Itxura guztien arabera, Estatu Batuetan gertatuko da hori, eta AquAdvantage izeneko izokin transgenikoak estreinatuko du jateko animalia transgenikoen merkatua.
Iazko udaren amaieran lortu zuten izokinaren ekoizleek AEBn elikagaien segurtasunaz arduratzen den erakundearen behin-behineko onespena. Baina dena emanda zetorrela zirudien arren, ingurumenarentzat eta osasunarentzat erabat seguruak direla demostratzeko froga gehiago eskatu dizkiete harrezkero. Hori egindakoan, ez dute izango beste eragozpenik merkaturatzea abiatzeko. Izan ere, berez nahikoa da hori. Elikagaiak seguruak direla frogatu behar dute ekoizleek, eta frogak behar bestekoak direla bermatu araugile eta baimen-emaileek.
Labore transgenikoek ondotxo erakutsi digute, ordea, hori ez dela egia osoa. Lehenago ere esan dugu, transgenesia benetako aukera izan dadin elikagaien merkatuan, irtenbidea eman behar zaiola ekoizpen-ereduaren mataza sozioekonomiko eta politikoari. Ondo bereizi behar ditugula transgenesiari lotutako arriskuak eta ekoizpen-ereduaren gaitzak. Bereizi, ez apartekotzat tratatzeko, ondo erlazionatu eta ondo kudeatzeko baizik.
Horregatik, atariko honetara ekarri nahi dugu Donostiako Biobide enpresaren zuzendari zientifiko Carles Callolek barruko orrietan esaten duena: “Erabat ziur egon behar dugu pertsonentzat eta ingurumenarentzat segurua izango dela, eta ez duela monopolio bat eragingo”. Izan ere, bata bezain garrantzitsua da bestea, eta segurtasuna erregulatzen duten erakundeek ezin dute itsu izan merkatuko jokabidearekiko. Labore transgenikoak merkaturatzen dituzten enpresek erakutsi duten jokabideak argi utzi du hori.